Julen Aginagalde. Bidasoa-Irun taldeko jokalaria eta kirol zuzendaria

«Pena daukat Bidasoarekin tituluren bat irabazi ez izanaz»

Julen Aginagaldek bihar jokatuko du azken partida erretiroa hartu aurretik, 40 urterekin, eta punta-puntan 24 urtez aritu eta gero. Kirol ibilbide luze eta oparoa egin du; irabaz daitekeen ia dena irabazi du: «harro» dago egindakoaz.

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
Irun
2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Hutsik daude Artalekuko harmailak. Oso bestelako itxura izango dute bihar 18:30 inguruan: lepo beteko dira. Klubaren jokalari historikoetako batek azkenekoz jokatuko du erretiroa hartu aurretik: Julen Aginagaldek (Irun, Gipuzkoa, 1982). Omenaldi handia egingo diote; besteak beste, haren 13 zenbakidun elastiko horia zintzilikatuko dute. Inork ez du gehiago jokatuko zenbaki horrekin. «Lasai» dago Aginagalde, baina badaki eguna gerturatu ahala «urduritzen»hasiko dela.

Bihar jokatuko duzu azken partida. Zer moduz zaude?

Oraingoz, lasai nago. Duela urtebete esan nuen denboraldi hau amaitzean utziko nuela, eta banekien egun hau iritsiko zela. Naturaltasunez eta lasaitasunez bizitzen ari naiz. Halere, badakit bihar zaila izango dela horri eustea.

Duela urtebete esan zenuen hau izango zela azken sasoia. Horrek mesede egin dizu?

Bai. Denboraz egin nahi nuen, lasaitasunez.

Zaila izan zen erabakia hartzea?

Ez bereziki. Bertigo apur bat eman zidan horren goiz esateak, baina gorputzak eta buruak esaten zidaten hau amaitu egin behar zela.

Horrek ez du esan nahi azkeneko eguna ez denik izango berezia.

Ez, noski, baina saiatzen ari naiz horretan asko ez pentsatzen. Badakit berezia izango dela. Nahiago nuen zerbait jokoan izatea, horretan buru-belarri egoteko.

Konforme zaude egindako kirol ibilbidearekin?

Bai. Beti nahi dugu gehiago: hastapenetan, helburu apalagoak dituzu, eta, horiek bete ahala, asmo handiagokoak bete nahi dituzu. Baina harro egoteko ibilbidea egin dut. Pozik eta lasai utziko dut.

Ibilbide oso luzea egin duzu: 24 urtez jokatu duzu gorenean. Eta irabaz daitekeen ia guztia irabazi duzu: besteak beste, kluben eta selekzioen arteko Munduko eta Europako txapelketak, eta brontzea Olinpiar Jokoetan. Hala ere, ez zara guztiz asebete?

Tira, askoz gauza gehiago galdu ditut irabazi baino [barrez]. Baina pena dut Bidasoarekin tituluren bat irabazi ez izanaz. Badakit oso zaila dela halako zerbait lortzea, baina nik beti izan dut buruan.

Zein da eskubaloiaz duzun lehen oroitzapena?

Bidasoak Milbertshofenen [Alemania] jokatu zuen partidarena [24-17 galdu zuen Europako Kopako finalerdietako itzulikoa, eta finaletik at geratu zen]. Ikastolan ginen, eta irratian entzun genuen.

1991n izan zen hori; 8 urte bakarrik zenituen. Handik gutxira bizi zuen Bidasoak urrezko aldia. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Izugarria izan zen. Anaia jada eskubaloian ari zen. Haren partidak ikusiz zaletu nintzen ni. Sekulakoa egin zuen Bidasoak urte haietan; ikaragarria zen Artalekura joatea, eta horretaz gozatzea.

1995ean Europako txapeldun izan zen talde gogoangarri horretan aritu zen anaia, Gurutz. Inbidia zenion?

Hasieran, ez; gero, bai. Baina izugarri pozten nintzen harengatik. Haren bideari jarraitu diot askotan.

Zenbateko garrantzia izan du anaiak zugan?

Handia; hari esker ari naiz eskubaloian. Asko lagundu zidan hasi nintzenean. Lehen aldiz taldera iristen dena jokalari baten anaia izan edo ez, alde handia dago. Eredu izan dut anaia: lortu dudan asko harena ere bada.

Bidasoaren lehen taldearekin egin zenuen aurreneko entrenamendua aipatu duzu. Gutxigatik ez zinen azaldu.

Orduan, motoan ibiltzen nintzen, eta, halako batean, pedala atera, torlojua agerian utzi, eta sekulako triskantza egin nuen bikian. Bada, justu egun horretan esan zidaten aurreneko aldiz nagusiekin entrenatzeko. Segituan ahaztu zitzaidan zauriarena. Sufritu egin nuen entrenamenduan, baina baita izugarri gozatu ere.

Nola gogoratzen duzu Artalekun jokatu zenuen lehen partida?

Zaragozan [Espainia] jokatu nuen lehen aldiz, eta hori ez dut ahaztu. Ez dut gogoan Artalekun jokatu nuen lehen partida, baina gogoratzen naiz hasieran bertigo pixka bat ematen zidala han jokatzeak; oso beldurtuta ateratzen nintzen pistara. Baina, denborak aurrera egin ahala, neurria hartu nion, eta, azkenerako, oso gustukoa nuen han sentitzen nuena.

Pibotean aritu zara ia kirol ibilbide osoan. Hasieran, ordea, albokoan aritu zinen. Zergatik aldatu zenuen postua?

Niri hasieratik gustatu zitzaidan pibotean jokatzea; nire gorpuzkera kontuan hartuta, postu aproposa zen. Hala ere, ni, izatez, albokoa nintzen. Baina, egun batean, pibotea falta zen, eta ni jarri ninduten. Txukun moldatu nintzen. Eta han egin dut ibilbide osoa.

Eta 13 zenbakia zergatik? Hori bakarrik zegoen libre?

Ez. Gaztetan, 17 zenbakiarekin jokatu nuen, baina segituan hartu nuen 13a. Zorionez, talde guztietan jokatu ahal izan dut harekin.

Zorte txarrik ez dizu eman.

Ez, ezta urte mordoa elastiko horiarekin jokatzeak ere: Bidasoan, Kielcen eta, garai batean, Espainiako selekzioan. Argi dago ez dudala halako kontuetan sinesten.

Urteek aurrera egin ahala, oso jokalari garrantzitsua bilakatu zinen Bidasoan. Nola bizi zenuen?

Lasaitasunez. Une bat iritsi zen non gazteak gehiago jokatzen hasi ginen. Nahasketa ona egin genuen beteranoekin. Sasoi politak egin genituen; behin baino gehiagotan sailkatu ginen Europarako. Ni, berriz, jokalari garrantzitsuagoa bilakatuz joan nintzen.

2006an utzi zenuen Bidasoa, Ademar Leonen aritzeko. «Oraindik ez naiz joan, eta ja itzuli nahi dut», esan zenuen Bidasoarekin azken partida jokatu bezperan. Gogorra izan zen etxetik joatea?

Bai. Oso etxekoia naiz: kanpora joan naizenean, beti izan dut itzultzeko gogo pixka bat. Halere, oso gustura egon naiz kanpoan.

Zein oroitzapen duzu Ademarren egindako garaiaz?

Hiru urte egin nituen han, eta oso politak izan ziren. Oso jokalari onak zeuden, eta asko ikasi nuen. Tituluak irabazteko lehian aritu nintzen lehen aldiz, baita aurrenekoa irabazi ere: 2008ko Asobal kopa.

Beste koska bat igo zenuen gero: Ciudad Real ahalguztidunera joan zinen.

Txapeldunen Liga irabazi berri zuen, eta munduko talderik onenetakoa zen. Bi urte egin nituen han, eta beste bi talde haren oinordekoan, Atletico Madrilen. Bitan jokatu nuen Txapeldunen Ligako finala, baina bietan galdu nuen. Bi talde horietan, partida guztiak irabazi beharra zegoen; exijentzia handia zegoen. Baina gustukoa nuen.

Eta, 2013ko udan, bat-batean, Atletico Madril desagertu zen, eta talderik gabe geratu zinen. Nola bizi izan zenuen?

Sanferminetan nengoen, eta postara mezu bat iritsi zitzaidan esanez taldea desagertu zela. Beste urtebeterako kontratua nuen, baina Kielcek ni fitxatzeko interesa zuen ordurako. Egun batetik bestera hartu behar izan nuen erabakia, eta Poloniara joan nintzen.

Oso urruti dago hori.

Bai, eta aldaketa handia izan zen: kultura, hizkuntza... dena zen oso ezberdina. «Non demontre sartu naiz?», esan nion neure buruari hara iritsi bezain pronto. Baina ikasia nuen hemen aritutako atzerritarrengandik halakoetan oso garrantzitsua dela norberaren izaera: egokitzen saiatzen denari ondo joaten zaio, eta gustura sentitzen da. Horixe egin nuen nik: saiatu nintzen ahalik eta azkarrena egokitzen. Toki guztietara joaten nintzen nire koadernoarekin, eta han idazten nuen dena. Euskaraz jakiteak mesede egin zidan polonieraz ahoskatzeko.

Zazpi urte egin zenituen Polonian. Espero zenuen horrenbeste denbora egitea han?

Ez, baina etxean bezala sentitu nintzen han. Horregatik, Bidasoa bada nire lehen taldea, Kielce bigarrena da.

Han atera zenuen arantza: Txapeldunen Liga irabazi zenuen 2016an; nola eta finalean, penalti jaurtiketetan, gol erabakigarria sartuta.

Ez zen izan bakarrik gol hori sartu nuela; galdua genuen finala irabazi genuen. Izugarria izan zen. Sekulako gogoa genuen titulu hori irabazi eta zaleei eskaintzeko.

Badago kirolari batentzat zuk egun horretan bizi izan zenuena baino ezer handiagorik?

Ez dakit, baina gustura irabaziko nituen Txapeldunen Liga gehiago nik golik sartu gabe [barrez]. Zazpi urte pasatu dira, eta, orduko irudiak ikusten ditudanean, zirrara sentitzen dut oraindik.

Polonian ari zinela, beti esaten zenuen Bidasoara itzuli nahi zenuela. Esan eta egin: 2020an bueltatu zinen.

Jendeak ez zidan sinesten, baina nik bene-benetan esaten nuen. Azkenean, aukera suertatu zen. Kielcerekin kontratua bukatu eta gero, oso argi izan nuen inora joatekotan etxera joan nahi nuela; oso gogorra izango zen niretzat Bidasoa ez zen beste talde batean jokatzea.

Lagundu zuen anaia presidente izateak?

Bai. Hasieratik esan zidan ilusio handia zuela ni Bidasoan aritzeko. Nik ere banuen. Segituan jarri ginen ados.

Bidasoa oso ondo ari zen. Hori ere hartu zenuen kontuan?

Bai, noski. Kluba oso garai onean zegoen: Europan ari zen jokatzen. Hori ere pizgarri zen.

Hiru urte egin dituzu azken aldi honetan. Gustura aritu zara?

Bai. Faena handia izan zen pandemian iritsi izana; oso gogorra izan zen berriz etxean jokatzea horrenbeste desiratu eta ikuslerik gabe jokatu behar izatea. Lehen sasoia oso gogorra izan zen. Horregatik erabaki nuen pixka bat gehiago jokatzen segitzea. Zorionez, berriro gozatu dut Artalekun jokatzeaz. Europan ere aritu gara, eta hori asko gustatzen zait niri.

Asko aldatu da kluba?

Bai, baina baita liga eta eskubaloia ere. Alde handia dago ni joan nintzeneko klubaren eta egungoaren artean. Klubean oso ondo ari dira lanean; enborra sendoa da, eta hortik gauza politak egin daitezke. Itxaropentsu gaude.

Zu ere bazabiltza lanean. Duela urtebete zara kirol zuzendari. Zer moduz aritu zara bi lanak aldi berean eginda?

Ez da erraza izan. Gustura hartu nuen erronka, baina oso gogorra da oraindik aldagelan zaudela taldekideren bati esan behar izatea ez duela jarraituko. Saiatu naiz dena ahalik eta ondoena egiten. Espero dut gauza gehiago egitea kirol zuzendariaren lanean bete-betean aritzen naizenean.

Nola da anaiarekin orpoz orpo aritzea? Gai zarete lana ez den zerbaiti buruz hitz egiteko?

Saiatzen gara, baina lan hau hartzeko arrazoietako bat izan zen anaiari lan pixka bat kentzea; lanpetuta zebilen. Esan nion nigan konfiantza bazuen ahatz zezala pixka bat kirol arloa, beste lanetan buru-belarri aritzeko; presioa kendu nahi nion.

Beldurra diozu erretiroa hartu osteko egunari?

Ez; zorionez, badut zer egin. Ezberdina izango da, eta horrek bertigo pixka bat ematen dit. Baina espero dut lanari neurria hartzea. Gorputzak eskertuko du atsedena. Aspaldi ohitu nintzen minez jokatzera: ea orain arintzen zaidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.