SOSLAIA. Adrian Valles

Pekineraino egin du jauzi

Julen Etxeberria.
2015eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Atleta onenak lehian ariko dira abuztuaren 22tik 30era Pekinen, Munduko Txapelketan. Euskal atleten artean, bakarrak lortu du orain arte Txinako hiriburuan aritzeko gutxieneko marka: Adrian Vallesek (Iruñea, 1995), pertika jauzian. Pamplona Atletico taldeko atletak duela hilabete lortu zuen Pekinerako sailkatzea, Storrsen (AEB) jokatutako unibertsitate arteko lehiaketa batean 5,65 metroko jauzia egin zuenetik.

Eta zertan dabil 20 urteko iruindar bat AEBetan lehiatzen? Azalpen sinplea du horrek: Cincinnatiko Unibertsitatean ikasten ari da. Neguan Industria Antolaketan lizentziaduna izateko asmoz joan zen hara. Eta emaitzek agerian uzten dute apustua ondo atera zaiola. Ikasketetan, bikain ari da, eta pistetan, ikusgarri. Sekulako jauzia eman du urtebete eskasean: 34 zentimetrokoa, hain zuzen ere. Izan ere, duela gutxi arte 5,31 metrokoa zen haren marka onena, eta, orain, 5,65 metrokoa da.

Marka bikaina da Vallesek egindakoa, are gehiago 20 urte besterik ez dituela kontuan hartuta. Ideia bat egiteko, bost zentimetro bakarrik falta zaizkio 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko gutxieneko marka lortzeko (5,70 metro). 5,65 metroko altuerako langa gainditu zuen egunean bertan saiatu zen marka hori lortzen. Ez zitzaion asko falta izan. Ez harritu aurki lortzen badu, ikusgarria baita daraman garapena. Dohainak, behintzat, soberan ditu: 1,93 metro da luze, eta oso abila eta malgua da.

Badirudi Montxu Mirandak laster izan dezakeela oinordekorik. Santurtziarrak aspaldi hartu zuen erretiroa, baina haren Euskadiko markak (5,81 metro) —Espainiakoa ere bada— indarrean jarraitzen du 2000tik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.