PILOTA

Peio Etxeberriak eta Zabaletak urrats handia egin dute finala jokatzeko

Aspekoek bigarren partida irabazi dute binakakoaren finalerdietako ligaxkan, Artola eta Imaz 22-17 mendean hartuta. 17-14 joan dira galtzen, baina emaitza irauli dute, zortzi tanto jarraian eginda.

(ID_13685790) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2024-03-09, Iruñea. Binakako Txapelketako partida Artola-Imaz eta Peio Etxeberria-Zabaleta ar...
Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta, garaipena ospatzen, gaur, Labriten. IDOIA ZABALETA / FOKU
jon eskudero
2024ko martxoaren 9a
21:08
Entzun

Logikak agindu du Iruñeko Labrit pilotalekuan. Hamarretik bederatzitan, Jose Javier Zabaletaren joak erabaki ohi ditu partidak frontoi hartan, eta gaur ere ez da salbuespenik izan. Lana erruz eginda menderatu dituzte Peio Etxeberriak eta Zabaletak Iñaki Artola eta Ander Imaz. Azken txanpara arte, ia erabat atzetik izan da Aspeko bikotea, baina lanean jarraitu du, merezitako saria jaso arte. Inspirazioz gainezka egon ez arren, lanean oinarritu dute euren jokoa Aspekoek, eta jarraian egin dituzte azken zortzi tantoak. Zabaletaren joa eta sendotasuna erabakigarriak izan dira, eta ahal fisikoa ere bai. Izan ere, azken tantoetara nekatu samar heldu dira Artola eta Imaz, eta horixe bera baliatu dute garaileek hogeita bira iristeko. Hala, Altuna III.ak eta Martijak bihar Jaka eta Mariezkurrena II.a menderatzen badituzte, finalean izango dira Peio Etxeberria eta Zabaleta. Baikokoek irabazten badute, berriz, lau bikoteak bizirik iritsiko dira azken jardunaldira. 

Gogorra eta ona izan da neurketaren hasiera. Artola eta Imazen bekatu nagusia izan da txapelketa honetan partidak hotz samar hastea, eta horixe ekiditea izan dute helburu hasieratik. Aurrelaria asko sartu da jokoan, eta taktikoki ere ongi irakurrita ekarri du partida etxetik. Ezker airez etengabe aurkitu du Peio Etxeberriaren ahulgunea, eta berdintasuna izan da nagusi lehen tantoetan. Bi bikoteak elkar hautsi ezinik ibili dira: 3na, 4na, 5na eta 6na. Orduantxe hasi da Artolaren erakustaldia. Min handia egin du erritmo aldaketekin, eta aurrean ere maisuki amaitu ditu tantoak. Kikildu beharrean, nortasun erakustaldia eskaini du, eta berak musika jotzen zuen bitartean, dantzan ibili dira Peio Etxeberria eta Zabaleta. Imaz bera ere kutsatu du alegiarrak. 9-6koa dejadaz egin du Baikoko atzelariak, tanto gogor baten ostean. Errenta politarekin heldu dira Artola eta Imaz lehen atsedenaldi luzera: 12-8. 

Emaitzan ez ezik, jokoan ere aldea sumatu da. Esanguratsua izan da Artolak ez duela aldageletarako bidea hartu lehen atsedenaldian. Izan ere, kontzentrazioa mantendu eta ordura arteko lanari jarraipena ematea izan du xede. Alferrik, ordea, ordutik aurrera opari dezente egin baititu Baikoko bikoteak. Lehenbizi, Imazek huts egin du pilota garbi bat, eta Artolak berak ere ez du asmatu aurreko tantoetan bezala. Tantoak gogortzen joan dira, eta Aspekoek pixkanaka lehia berdintzea lortu dute. Peio Etxeberriak joan den asteko inspiraziorik ez du erakutsi, ezta urrik eman ere, baina gutxienez taktikoki egoki jokatu du. Zabaletari eman dio aginte makila, eta hark atera ditu babak eltzetik. Garai bateko freskotasunik ez daukan arren, bizkarra gero eta nabarmenago erakutsi dio Imazi, eta tentsio momentuak egoki kudeatzen dituela erakutsi du. 

Azken txanpara 17-14 aurretik iritsi dira Artola eta Imaz, baina ez dute tanto gehiagorik egin. Nahi eta ezin ibili dira, eta luze egin zaie norgehiagoka. Zabaletak bere horretan jarraitu du, pilota atzeko koadroetan jarriz eta tantorik galdu gabe, eta saria jaso dute Aspekoek. Artolak aukerako pilota gutxi izan ditu amaieran, eta ez du lehiaren norabidea aldatzerik lortu. Peio Etxeberriak eta Zabaletak jarraian egin dituzte azken zortzi tantoak, eta urrats handia egin dute finalerako bidean. 

Bihar, Bilbon

Finalean izango da Aspeko bikotea bihar Altuna III.ak eta Martijak Jakari eta Mariezkurrena II.ari irabazten badiete, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Faborito aterako dira Altuna III.a eta Martija, baina Baikokoek erakutsi dute lehen fase luzean bikote indartsua osatzen dutela. Presioa egoki kudeatzen jakiteak berebiziko garrantzia izango du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.