PILOTA

Peio Etxeberriak eta Zabaletak bigarren garaipena lortu dute

Atzetik aurrera eginda irabazi diete Lasori eta Arangureni, Labriten: 22-13. Galdu arren, Baikoko bikoteak itxura askoz hobea eman du; bukaeran etsi dute.

JOSE JAVIER ZABALETA.
Jose Javier Zabaleta, pilota jotzear, gaur, Labriten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 9a
21:00
Entzun

Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak bigarren partida irabazi dute jarraian Binakako Txapelketan. Gaur lortu dute bigarren garaipena, Iruñean, Labrit frontoian. 22-13 hartu dituzte mendean Unai Laso eta Aitor Aranguren, ligaxkako hirugarren jardunaldiko bigarren partidan.

Emaitza ikusita, pentsa liteke erraz antzean irabazi dutela. Baina ez da horrela izan, inolaz ere. Partida gogorra izan da —605 pilotakada eman dituzte—, eta irabazleek gogotik egin behar izan dute lan garaipena lortzeko. 

Gogortasunak erabaki du lehia. Neurketak aurrera egin arau, eta, tantoak jokatu ahala, Aspekoak gailendu egin dira. Norgehiagokaren bigarren zatian egin dute aldea. Aurkariak baino askoz freskoago iritsi dira sasoiz eta jokoz, eta tantoak bata bestearen atzetik lortu dituzte. Ziztu bizian irauli dute lehia. 5-10 aritu dira galtzen, eta 15-2ko partziala lortu dute. Tartean, bederatzi tanto egin dituzte jarraian: 11-12tik 20-12ra. Hortxe eman dute kolpea.

Lasok eta Arangurenek hustuta bukatu dute partida. Sumatu egin dute hiru egun eskas lehenago jokatu izana. Baina asteazkenean jokatu zuten neurketa eskasaren aldean, askoz hobeto aritu dira gaur. Biek eman dute aurrerapausoa. Laso biziago aritu da hankaz eta kolpez. Oraindik koska bat falta zaio bete-betean aritzeko, baina bidean dago. Aranguren, berriz, askoz sendoago aritu da: ia partida osoan izan da Zabaletari eusteko gai. Baikokoek hiru partida jokatu dituzte, eta hirurak galdu dituzte. Baina gero eta hobeto ari dira. Horri heldu beharko diote.  

Bihar, muturren arteko lehia

Bihar, berriz, muturren arteko lehia izango da Bilbon, Bizkaia frontoian. Danel Elezkanok eta Julen Martijak Erik Jakaren eta Jon Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute. Baikoko bikotea txapela irabazteko hautagai sendoa da. Aurreikuspenak betetzen ari da, jokatu dituen bi partidak irabazi baititu. Baina aldea egon da neurketa bat eta bestea irabazteko moduan: aurrenekoan, nagusitasunez irabazi zieten Iker Larrazabali eta Arangureni (22-7); bigarrengoan, ordea, ederki sufritu zuten Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu mendean hartzeko (22-21).

Elezkano II.a eta Martija, aldiz, ezinean ari dira: galdu egin dituzte bi neurketak, eta hamazazpi tanto baino ez dituzte lortu biak batuta. Elezkano II.a Jokin Altunaren ordez ari da, amezketarrari ezker sorbalda osatu artean. Ikusteko dago noiz jokatuko duen berriro. Oso bestelako bikotea da hura arituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.