Pilota

Peio Etxeberriak eta Elordik lehen aldiz jokatuko dute binakako nagusia

Aspek txapelketatik kanpo utzi ditu Irribarria eta Elezkano II.a. Baikon, aurreko aldiko pilotari berberak ariko dira txapelketan. Ostiralean hasiko da lehia, Azkoitian, eta apirilaren 2an jokatuko dute finala, Iruñean, Nafarroa Arenan.

Binakako Txapelketa Nagusian ariko diren pilotariak, gaur goizean,  Iruñeko Baluarten. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 22a
12:02
Entzun

Peio Etxeberriak eta Aitor Elordik denbora zeramaten Aspe enpresako arduradunen atea jotzen; toki eske zebiltzan aurreneko aldiz Lehen Mailako Binakako Txapelketa jokatzeko. Arrazoi zuten: oso ondo aritu ziren enpresak onenekin jokatzeko aukera eman zien aldiro. Txapelketak jokatu ahala, are eta hobeto ari ziren, eta are eta ozenago aldarrikatzen zuten beren burua.

Aldarriak goia jo du azkeneko lau eta erdikoan. Horren ondo aritu dira —finalaren atarian geratu dira—, Aspek ez baitu izan binakako nagusian tokia egin beste aukerarik. Gaur aurkeztu dute txapelketa, Iruñeko Baluarten, eta han izan dira biak.

Enpresak atzelari indartsuak jarri dizkie biei aurreneko aldirako: Peio Etxeberriak Beñat Rezusta izango du bikotekide, eta Elordik, Jose Javier Zabaleta. Aspek, halaber, banatu egin du azkeneko bikote txapelduna, Jokin Altunak eta Julen Martijak osaturikoa. Altuna III.a Xabi Tolosarekin ariko da oraingoan, eta Martija, Joseba Ezkurdiarekin. Bigarrenez jokatuko dute bi horiek elkarrekin. Oroitzapen ederra dute lehen aldiaz, txapeldun izan baitziren 2020an.

Batzuek tokia izateko, beste batzuk geratu behar gabe. Aspek Iker Irribarria eta Danel Elezkano utzi ditu kanpoan. Biek jokatu zuten azken binakakoa. Hain zuzen, Peio Etxeberriak eta Elordik bikotekide izango dituzten bi atzelariekin aritu ziren biak: Irribarria, Rezustarekin, eta Elezkano II.a, Zabaletarekin. Biak finalerdietako ligaxkan geratu ziren lehiatik kanpo.

Ez da Irribarria eta Elezkano II.a binakakoa jokatu gabe geratu diren aurreneko aldia: Aspek kanpoan utzi zuen Aramakoa (Gipuzkoa) duela bi denboraldi, eta beste horrenbeste egin zuen Zaratamokoarekin (Bizkaia) urtebete lehenago. Zeresan handia eman zuen Elezkano II.a kanpoan utzi izanak, aurreko ekitaldian txapeldun izan baitzen Rezustarekin.

Ez da egoera samurra Irribarriarena, azken bi txapelketa nagusietatik kanpo geratu baita: lau eta erdikotik eta binakakotik, hain zuzen ere. Lau eta erdikoa ez zuela jokatuko jakin berritan esan zuen berak egin ziola uko jokatzeari, ez baitzuen «nahi bezain ondo» eskuineko belauna. Ebakuntza egin zioten iazko martxoan, eta orduz geroztik txapelketa bakarra jokatu du, buruz burukoa, eta kanpoan geratu zen lehenbiziko partidan, Jakaren aurka galduta.

Baikon, pilotari berberak

Baikok ez du aldaketarik egin pilotarien zerrendan. Aurreko aldiko berberak ariko dira. Ordea, bikoteetan bada aldaketarik. Unai Lasoren eta Ander Imazen artekoa da berdin ariko den bakarra. Gainerakoan, Mikel Urrutikoetxeak Jon Ander Albisurekin jokatuko du; Jon Ander Peñak, Jon Mariezkurrenarekin; eta Erik Jakak, Aitor Arangurenekin.

Sistemari dagokionez, berrikuntza bat dakar aurtengo aldiak. Finean, partida bat erantsi diote txapelketari; 66 jokatuko dira, hortaz. Honelakoa izango da sistema: lehenbizi, hamalau jardunaldi jokatuko dituzte, bi itzulitan banatuta. Lehen bi bikote sailkatuak zuzenean pasatuko dira finalerdietako ligaxkara. Hurrengo lau sailkatuek, berriz, kanporaketa jokatuko dute; hor dago aldaketa aurten. Hirugarren sailkatua laugarrenaren aurka ariko da, eta bosgarrena, seigarrenaren kontra. Hirugarrenaren eta laugarrenaren arteko neurketan garaile aterako dena zuzenean sailkatuko da ondoko faserako. Dena dela, partida hori galtzen duenak beste aukera bat izango du: bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoan irabazi duenaren kontra jokatuko du. Hortaz, orduan erabakiko da zer beste bikote sailkatuko den.

Altunak mina du eskuin eskuan

Aurrera egingo duten lau pilotariek zain izango dituzte aurretik sailkatutako beste bi bikoteak. Lau bikoteek hiru jardunaldiko ligaxka bat jokatuko dute, eta bi onenak finalerako sailkatu dira. Apirilaren 2an jokatuko dute finala, Iruñean, Nafarroa Arena pilotalekuan. Aurreneko aldiz jokatuko dute Nafarroan maila nagusiko binakakoaren finala. Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu dituzte azkeneko hamabiak.

Txapelketa ostiralean hasiko da, Azkoitian (Gipuzkoa). Ezkurdia-Martija eta Peio Etxeberria-Rezusta ariko dira elkarren aurka. Larunbatean, berriz, Laso-Imaz eta Jaka-Aranguren bikoteek jokatuko dute, Bartzelonan; igandean, Tolosan (Gipuzkoa) Urrutikoetxea-Albisuk eta Peña II.a-Mariezkurrena II.ak, eta asteazkenean, Eibarren (Gipuzkoa), Altuna III.a-Tolosak eta Elordi-Zabaletak.

Lehenbiziko jardunaldiari so, bada zalantza sortzen duen neurketa bat: Eibarkoa. Altunak jokatzea espero da orduan. Ordea, joan den igandean, amezketarrak eskuin eskua minduta bukatu zuen lau eta erdiko txapelketako finala Joseba Ezkurdiaren aurka. Minez da oraindik ere, eta ikusteko dago, beraz, binakako lehenbizikoa jokatzeko gai izanen den.

Lehen aldiaren ilusioa

Peio Etxeberriak eta Elordik bereganatu dute arreta gehien aurkezpenean. Biek esan dute «izugarri pozik» daudela eta «ilusio handia» piztu diela lehen aldiz binakako nagusia jokatzeak. «Egin dudan lanak saria izan du, eta negu osoan onenekin jokatu ahal izango dut. Ikaragarria da. Nigan izan duen konfiantza eskertu nahi diot enpresari, baita Beñatekin jarri izana ere: oso harreman ona dugu. Partidaz partida joan nahi dut, eta ahal dudan lan onena egin», esan du Peio Etxeberriak.

Iritzi bera du Elordik. «Oso berezia izan da aurkezpenera etortzea: denok jokatu nahi dugu binakakoa, baina ez da batere erraza, lehia handia baitago. Luzea izan da bidea, eta lan asko egin dut. Lau eta erdiko oso ona egin dut, eta horri esker eman didate aukera. Orain, aprobetxatzeko gogoz nago. Atzelari onenetako bat jarri didate. Gutxitan jokatu dut Joserekin. Horregatik, ilusio handia pizten dit. Jardunaldiz jardunaldi joan nahi dugu, eta ahal dugun lan onena egin; oso luzea da hau».

Bestelako egoeran dago Martija: egungo txapelduna da, Altuna III.arekin batera. «Oso oroitzapen politak ditut azken urteetaz, eta Josebarekin irabazitako txapelaz. Pena izan zen ikuslerik gabe jokatzea. Ea berriz ere finalera irits gaitezkeen. Behetik gora egin dut azkenaldian, eta gustura ari naiz; prest nago. Indartsu hasi behar gara, garaipenak pilatzeko».

Laso ere «ondo» dago, «beste txapelketa bati ekiteko gogoz». Badaki azken partidetan ez dela oso ondo aritu, baina «aurrera» egin behar dela azpimarratu du. Begi onez hartu du berriro Imazekin aritzea. «Gustura aritzen naiz Anderrekin. Oso ondo ari da, eta ni bezala, hura ere oso lehiakorra da; gustatzen zait. Oso ondo aritu ginen, eta finala jokatu genuen; horrek motibatu egiten gaitu berriro lan ona egiteko. Finalerdietako ligaxka jokatu nahi dugu, ahal bada, kanporaketa saihestuta».

Helburu bera du Albisuk, baina «partidaz partida» joanda. Azken bi ekitaldietan Peña II.arekin aritu eta gero, Urrutikoetxearekin jokatuko du. «Atzelariok txapelketa honen zain egoten gara. Eskuetatik larri ibili nintzen, baina azken hilabetean gustura ari naiz; behetik gora egin dut. Pozik nago Mikelekin jokatzeagatik: esperientzia eta maila handia du, eta azken urtean gora egin du. Gurea egiten badugu goian egon gaitezke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.