Sari handiak lortzeko arrisku handiak hartu behar omen dira, eta horren jakitun da Peio Etxeberria. Gaur, Aitor Elordiren aurkakoan, 21-21 berdinduta zirela, zenoztarrak zabalera atera du sakea, eta modu ikusgarrian egin du azken tantoa. Oso gaizki irten zitekeen jokaldia, baina bikain atera zaio. Emaitza horri esker, final-laurdenetako ligaxkako lehen puntua eskuratu du, eta azken jardunaldian Artolaren aurka jokatuko duen partidan erabakiko da finalerdietan nor izango den.
Bestetik, Etxeberriaren garaipenaren ondorioz, matematikoki finalerdietan da Unai Laso, eta txapelketatik kanpo Elordi, zeinak galdu egin baitu gaur Zumaian (Gipuzkoa).
Ikusi gehiago
Partida gogorra jokatu dute, txapelketa osoan pilotakada gehien izan dituenetan bigarrena. Partida oso fisikoa izan da, eta zaleek gozatu dute. Elordi 5-0 hasi da irabazten; tanto borrokatuak izan dira, baina gehiago asmatu du Mallabikoak. Orduan lasaitu da Etxeberria, eta berdindu egin da lehia. 12-10 heldu dira atsedenaldira.
Olatu onak
Orduan hartu du olatu ona Etxeberriak: Elordi botera jokatzera behartu du, eta estrategia horrekin agerikoa zen ez zegoela eroso bizkaitarra. 13-19 jarri da aurretik nafarra. Sakea berreskuratu duenean, ordea, erabat irauli du joera Elordik. Sake onak egin ditu, eta errematearekin tantoak azkar amaitu ditu. 21-20.
Tanto bakarra falta zitzaiola, ez du asmatu, eta Etxeberriak zabalera egindako sake zoragarriarekin bukatu da partida.
Etxeberriak bi aste barru jokatuko du Artolaren kontra. Matematikak errazak dira: irabazten duena finalerdietan izango da, eta Iker Larrazabalen aurka arituko da. Beste finalerdian, Unai Laso eta Altuna edo Dario arituko dira nor baino nor gehiago.