ERIK JAKA 6-22 PEIO ETXEBERRIA

Peio Etxeberria nagusitasun handiz sailkatu da lau eta erdiko finalerako

Partida fisikoa baliatuta, aise irabazi dio Erik Jakari, eta bigarren urtez jarraian ariko da lau eta erdiko finalean. 6-0 atzetik jarri eta gero, hogeita bi tantoak jarraian egin ditu Aspeko pilotariak.

PEIO ETXEBERRIA-ERIK JAKA. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Peio Etxeberria, pilota jotzen, Erik Jaka begira duela, gaur, Labriten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon eskudero
2024ko azaroaren 9a
20:23
Entzun

Aurtengo lau eta erdiko txapelketan ohikoa bilakatu den moduan, emaitza alde handiarekin joan da lehenengo finalerdia, Iruñeko Labriten. Hasieran 6-0 atzetik jarri arren, 22 tantoak jarraian egin eta 22-6 irabazi baitio Peio Etxeberriak Erik Jakari. Partida fisikoa eta landua baliatuta, maisuki jokatu du nafarrak, eta bigarren urtez jarraian izango da finalean. Buruz burukoan parte hartzeko aukerarik ez zion eman Aspek, baina jokatu dituen azken lau txapelketatik hirutan finalerako sailkatzea lortu du, eta goi mailan egonkortu dela berretsi du. Poza ezin ezkutatuta erretiratu da aldageletara. «Hasieran gaina hartu dit, baina pixkanaka nire jokoa egin dut, eta lasaituz joan naiz. Uste dut buruz ere aurrerapausoa eman dudala. Nire garai onenetako batean nago, heldutasun betean», adierazi du.

Kezkagarria izan du Peio Etxeberriak finalerdiaren hasiera. Jakaren helburua horixe zen aurrez, ahalik eta pilotakada gutxien jota tantoak egitea, eta ezin hobeki egin ditu lanak. Soilik hamalau pilotakadatan aurreratu da 6-0. Lehia elektrikoa izan zedin saiatu da hasieratik, eta aparteko tantoak egin ditu ezker airez. Abiaduraz jokatu du, gauzak argi zituela. Kantxan ezustea nagusi zenez, dirua ere parean jarri da emaitza horrekin, baina handik aurrerako tanto guztiak Peio Etxeberriak egin ditu. Hasieran kosta egin zaio konfiantza hartzea, eta sakeak ere batere abiadurarik gabe egin ditu. Tentsioarekin lotuta sumatu da nafarra. Ordea, tantoz tanto lana izan du oinarri, partida gogortu du, alde batetik bestera lasterka ibilarazi du Jaka, eta, gainera, tantoak amaitzeko garaian ere gero eta erosoago jokatu du.

Partida seina berdindu ez ezik, aurretik ere jarri da Peio Etxeberria, eta ez du meritu makala izan. Hain zuzen, sekula ikusi ez den erabaki bat hartu baitute epaileek haren kontra. Tanto batetik bestera pauso geldian eta arnasa lasai hartuz ibiltzeko joera du nafarrak, eta horixe zigortu diote epaileek. Atseden bat kontatu diote, baina, haserretu beharrean, keinu bakar bat bera ere ez du egin pilotariak. Berean jarraitu du, erabat kontzentratuta, eta odol hotz horrek lagundu dio gidoitik ez ateratzen. Gero eta sake pozoitsuagoak egin ditu, laineza hartuz joan da, eta Jakak ez du ahalik izan jokoaren ekimena tanto bakar batean ere hartzeko. Etsi-etsian egin ditu jokaldiak, eta ez du asmatu. «Dezepzioa da hitza. Lehen mailan ezin da hain gaizki jokatu, eta triste nago. Gutxienez lehiakorra izan nahi nuen, baina hori ere ez dut egin. Etsita amaitu dut», adierazi du Baikoko pilotariak.

«Hasieran gaina hartu dit, baina pixkanaka nire jokoa egin dut, eta lasaituz joan naiz. Uste dut buruz ere aurrerapausoa eman dudala»

PEIO ETXEBERRIAAspeko pilotaria

Lehen atsedenaldi luzera 12-6 aurretik iritsi da Peio Etxeberria, eta Jaka jakitun zegoen tanto bat behar zuela berriz ere lehengo jokoa egin zezan. Saskitik pilota berri bat aterata sake errematean min egitea zuen buruan, baina alferrik. Aukera apurren bat izan du momenturen batean tantoa egiteko, baina ez du asmatu. Nafarrak nahierara jokatu du. Esanguratsua izan da 18-6koa. 25 pilotakadako tantoa jokatu dute biek, Jaka ezkerrera eta eskuinera lasterka ibili da etengabe, eta leher eginda ez ezik, etsita ere bukatu du. Burumakur erretiratu da aldageletara, eta handik bueltan ez du susperraldi zantzurik ere erakutsi. Azkenean, uste baino errazago irabazi du Peio Etxeberriak, eta bi aste izango ditu finala ongi prestatzeko.

Altuna III.a faborito bihar

Aspek ordezkari bat sartu du lau eta erdiko finalean, eta bigarrena nor izango den bihar jakingo da: Jokin Altuna eta Unai Laso lehiatuko dira Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan, 17:00etan (ETB1). Harmailak leporaino beteta egongo dira, sarrera guztiak salduak baitaude. Altuna III.a izango da faboritoa, irabaziko balu bederatzigarren finala izango bailuke jarraian modalitate honetan. Gainera, txapelketa bikaina jokatzen arida. Baina Laso ere fresko dago aspaldian, eta baditu motiboak bere buruarengan sinesteko.

Bestalde, Bigarren Mailako finalerdiak atzo jokatu ziren, Legution (Araba), eta Joanes Bakaikoak eta Iker Larrazabalek eskuratu zuten finalerako sailkapena. Bakaikoak Ander Muruari irabazi zion (22-7), eta Larrazabalek Julen Egigureni (22-14). Bi irabazleek datorren larunbatean jokatuko dute finala, Labriten. Gertatzen dena gertatzen dela, Baikorentzat izango da txapela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.