Txapelketa gorabeheratsua eta zalantzaz betea jokatu ondotik, unerik erabakigarrienean aritu dira ondoen Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta. Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkarako zuzenean sailkatzea izan dute jokoan Iruñeko Labriten, eta ez dute hutsik egin Iñaki Artola eta Ander Imazen aurka. Hasieratik hartu dute aurrea, eta partida osoan zehar eutsi egin diote aldeari, batez ere erakutsi duten sendotasunari esker. Besteak beste, pilota bakar bat besterik ez dute galdu bien artean nafarrek, eta ondo merezita eskuratu dute sailkapeneko bigarren postua. Etxeberriak distira erakutsi du aurreko koadroetan, hamabi tanto egin baititu, eta Zabaletak ere uxatu ditu orain arteko zalantzak. Joan den jardunaldian jokatu gabe geratu ondoren, indartsu itzuli da kantxara. «Ez dut hankan minik sentitu», aitortu du neurketa amaieran. Hortaz, Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenarekin batera, finalerdietako ligaxkan izango dira Peio Etxeberria eta Zabaleta ere.
Gaur galdu ondoren, berriz, Artolak eta Imazek laugarren postuan bukatuko dute lehen ligaxka. Jokin Altunak eta Julen Martijak hartu diete aurre sailkapenean, baina horrek ez du aparteko garrantzirik. Bi bikoteek elkarren aurka jokatuko dute datorren ostegunean, Tolosan (Gipuzkoa), eta partida horretako irabazleak finalerdietako ligaxkarako sailkatuko dira. Galtzaileek, berriz, beste aukera bat izango dute. Bosgarren eta seigarren sailkatuen arteko neurketako irabazleen kontra jokatuko dute datorren igandean, Bilbon.
Ezbairik gabe, gaur baino sendotasun handiagoa izan beharko du Baikoko bikoteak finalerdietan sartu nahi badu. Izan ere, partida duina jokatu arren, hasiera txarrak erabat baldintzatu du haien jarduna. Txapelketa honetan bekatu bera egin izan dute behin baino gehiagotan, eta, beste askotan ez bezala, gaur ez dute gaitasunik izan emaitzari buelta emateko. Partida hasi bezain laster lortu dute aldea Peio Etxeberriak eta Zabaletak: 4-0 eta 8-1. Fresko, ideiak garbi dituela eta inspirazioz gainezka ibili da Peio Etxeberria. Akaso, Zabaletak berak zalantzak zituelako, inoiz baino ausartago jardun du Aspeko aurrelariak, eta hari aurre egin ezinda ibili dira Artola eta Imaz. Era guztietako tantoak egin ditu Peio Etxeberriak tarte horretan.
Pilotak apur bat gastatu ahala, gora egin du galtzaileen jokoak, eta partidan sartu dira, lau tantora hurbilduz: 8 eta 4. Hots, zazpi tantoren aldea mugarria izan da gaurkoan, beti tarte horretan ibili baita bi bikoteen arteko aldea. Lehen atsedenaldi luzera 12-5 iritsi dira bi bikoteak, eta gerora ere sarritan errepikatu da zazpi tantoren aldea: 14-7, 16-9, eta 17-10. Jokoa ikusgarria izan da une askotan, lau pilotariak inspirazioz ibili baitira. Artola ahalegindu da alde guztietatik aldea murrizten, baina, hamabi tanto egin arren, opariak ere dezente egin ditu. Zabaletaren lana aipagarria izan da bigarren zatian, pilota dotore astintzeaz gain sendotasun handia azaldu baitu. Horrexegatik, emozioa falta izan zaio neurketari, eta, 20-13 aritu ondoren, azkenean zazpi tantoz irabazi du Aspeko bikoteak: 22-15.
Azken tokia jokoan
Bihar jokatuko dute ligaxkako azken partida, Donostian. Seigarren postua dago jokoan; hau da, kanporaketan aritzeko azken tokia. Aitor Elordik eta Beñat Rezustak Unai Lasoren eta Aitor Arangurenen kontra jokatuko dute. Aspekoek nahikoa dute hogei tanto egitea sailkatzeko. Baikokoek, berriz, irabazi beharra dute, eta aurkariek ez egitea hogei edo tanto gehiago. Helburua lortzen dutenak seigarren izango dira, eta bosgarrenen aurka jokatuko dute: hau da, Jon Ander Peñaren eta Jon Ander Albisuren aurka, datorren ostiralean, Zornotzan (Bizkaia).