Binakako Txapelketa

Peio Etxeberria eta Rezusta nagusi Labriten

Hasieratik aurretik aritu dira Jaka eta Aranguren, baina amaieran azken partidetako mamuak etorri zaizkie gogora, eta galdu egin dute

Peio Etxeberrria erremate bat egiten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 7a
22:28
Entzun

Partida arraroa jokatu dute Iruñeko Labriten Jaka-Aranguren eta Peio Etxeberria-Rezustak. Aspeko bikoteak irabazi du (20-22). Hasiera-hasieratik aurreratu dira markagailuan Jaka eta Aranguren, baina zazpi puntuko aldea lortu badute ere (14-7), amaieran ihes egin die partidak. Peio Etxeberriaren susperraldiak eman die laugarren garaipena jarraian Aspekoei. Baikokoak, aldiz, burua altxa ezinda dabiltza, eta azken postuan jarraituko dute.

Peio Etxeberriak oker ekin dio partidari. Baikoko bikotearen lehenengo lau tantoak Zenotzeko aurrelariak galdutakoak izan dira, eta partidan sartu ezinda aritu da. Jaka eta Aranguren ahalegindu dira Aspeko aurrelaria mugiarazten; ez diote pentsatzen utzi nahi, eta gozakaitz aritu da. Baikoek ez dute partida hasiera bikainik egin, baina aurkarien hutsak aprobetxatuz, 14-7 jarri dira aurretik. 

Bazirudien Baikokoek bigarren garaipena eskuratuko zutela, baina ez da halakorik gertatu. Peio Etxeberria gehiago sartu da jokoan, eta partida zoro bihurtu du. Batzuetan asmatuta, eta besteetan huts eginda, baina helburua lortu du aurrelariak. Gorriei nekearekin batera aurreko partidetako mamuak etorri zaizkie gainera, eta zenbait huts egin eta gero, markagailua berdintzea lortu dute Aspekoek (19-19), arratsaldean lehenengoz. Kale edo bale egin du orduan Peio Etxeberriak, eta hasieran huts egindakoen ordainetan, amaieran asmatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.