PEDRO MARTINEZ TAU BASKONIAKO ENTRENATZAILEA . «Dugun maila ez da kezkatzekoa, Liga hasteko falta diren egunak bai»

Jon Rejado.
2005eko urriaren 7a
00:00
Entzun


Bihar bertan ekingo dio Martinezek lehen txapelketa ofizialari, Espainiako Superkopari. Itxura ona eman nahi dute, denboraldi osoan ikusi nahi duenaren aurrerapena, hain zuzen ere.

Zer moduz zure lehen hilabeteak Gasteizen?

Kanaria uharteetan baino hotz handiagoa egiten du, baina gustura nago. Bertatik bertara mugitzeko hiri erraza da, berdegune askorekin, hiri batek izan behar dituen gauza guztiekinÉ Dena den, ez dut gehiegi ezagutu oraindik, pabiloian eta etxean ematen baitut denbora gehien.

Zaleek zerbait esan al dizute?

Nabaria da hiritarrek saskibaloiarekin duten zaletasuna. Ezagutu ditudan beste hirietan baino gehiago bizi da saskibaloia hemen, gertuagotik.

Denboraldi aurrea bukatu da eta ate joka dator denboraldia. Nola ikusten duzu taldea?

Denboraldiko une garrantzitsuena da denboraldi aurrea. Orduan finkatzen dira lan egiteko arauak, bai taldean, baita jokoan ere. Gerora egiten dena orain egindako lanean oinarritzen da. Oso une bizia da ordu asko ematen direlako lanean, eta, lanaren gainetik, hartu beharreko erabakietan pentsatzen.

Gasteizen ohitura bilakatu da, dagoeneko, taldea lasaitasunez osatzea. Nola bizi izan duzu zuk egoera hori?

Aurretik zuzendu ditudan taldeekin alderatuta ezberdina da. Klub bakoitzak bere arazoei egin behar die aurre, eta Taurena hori da. Jokalari asko selekzioekin bilduta daude, edo merkatuan azken unean aurkitzen dira aukera egokienak. Ez da egoera perfektua, baina dagoena da, eta ezin da aldatu.

Gasteizen taldeko aurkezpena egin ondoren, taldearen jokoa %20an zegoela esan zenuen. Horrenbeste gelditzen al da hobetzeko?

Egun dugun maila ez da kezkatzekoa. Talde guztiak maila horretan daude denboraldi aurreko une zehatz honetan. Kezkatzekoa dena txapelketa hasteko falta diren egunak dira, Liga aste batean hasiko dela. Izan behar duzun mailaren %40an egotea baikorra izan daiteke, gero berez gertatzenden bilakaera ematen bada. Gure kasuan ez da horren ona, aste bakarra baino ez baitzaigu falta Ligari ekiteko, eta hasiera gogorrarekin gainera. Gelditzen zaizkigun egunetan bete-betean jardun behar dugu sasoirik onenean heltzeko Liga hasierara.

Liga hasteko aste bat falta da, baina denboraldia bihar hasiko da, Superkoparekin.

Garrantzitsua da, bai. Txapelketa ofiziala da, irudiari dagokionez garrantzi handia duena. Txapela janzten ez dutenek garrantzia kentzen dioten arren, lan txukuna egiten baduzu oso lagungarria da lanean grinatsu jarraitzeko. Garaizegi heltzen da parte hartzaile guztiontzat.

Eta hasteko Real Madril.

Bai, berotzen hastekoÉ Helburua bete nahi badugu, txapelketa guztiak irabazteko lehiatzea, zeinen kontra jokatu behar dugun bigarren mailakoa da. Granadaren aurka jokatzeak errazagoa ematen du, begirune osoz; txapela janzteko, ordea, ezin izango duzu berriro Granadaren aurka jokatu igandean! Hortaz, ez dit axola. Helburuan sinesten badugu, edozeinen kontra jokatzeko prest egon behar dugu.

Superkopako Baskoniak zer joko mota erakuts dezake denboraldian izango duenarekin alderatuta?

Erasoan jarraikortasun falta izan dugu orain arte, baina normala da hori, ez nau askorik kezkatzen. Abenduan edo urtarrilean berdin jarraituz gero larriagoa izango da, baina denboraldi aurrean talde guztiei gertatzen zaie. Defentsari dagokionez, ez nago oso pozik egin dugun lanarekin. Asko hobetu behar dugu, baina esan bezala, badugu astia.

Defentsako arazoak ba al du zerikusirik jokalarien sasoiarekin?

Ez, ezÉ Nire ustez, falta dena elkarrekin lan egitea da; ordu asko falta zaizkigu defentsa lantzeko. Defentsan ikusten da jokalari sorta batek talde gisa jokatzen duen; elkarren arteko laguntza, elkartasunaÉ hori guztia lortu behar dugu.

Bazkide kanpainaren oinarria jarrera hitza da. Taldea bere jarrera bilatzen ari al da hainbeste aldaketen ondoren?

Jarrera handia duten jokalariak daude taldean. Falta zaigun bakarra da etorri direnen jarrera taldera gehitzea, eta, behin denak batera daudela, denok nahi dugun izaera lortzea.

Esaten da klubak berak jarrera lortzen laguntzen duela.

Egia da hori. Munduko zale guztiek talde lehiakorra nahi dute. Denok dakigu zer nahi dugun, arazoa da hori lortzeko edozer gauza egiteko prest ote gauden. Horren inguruan eztabaidatzeak ez du ezertarako balio, kantxan erakutsi behar da eta horretarako aukerak etengabe izango ditugu.

Ligari buruz zein iritzi duzu?

Nire ustez, Bartzelonak eta Real Madrilek egin duten ahalegin ekonomikoa ezinezkoa da gainontzeko taldeentzat, eta ez dakit nik hori urtero gertatu den. Udan Gironaren agertzea gertatu da, ACBko aurrekontu txikienetakoa zuen taldea izatetik diru gehien dutenen artera jauzi egin baitu. Unicaja, Pamesa edo Tau bera hor egongo dira.

Diru asko bai, baina emaitzarik lortu gabe. Gironak garai batean Pamesak bizi izan zuena bizi dezake?

Nire ustez, ez da nahikoa jokalari onak pilatzea garaipena lortzeko, diruarekin lortzen ez diren beste hainbat gauza ezinbestekoak baitira.

Baskoniaren kasuan, esku artean duzun jokalari sortarekin zer lortu nahi duzu? Askoren ustez, saskipea beldurra sartzeko modukoa da.

Ez nator horrekin bat. Saskipeko joko ona dugu, baina talde askok dute hori. Gu talde on bat egiten ari gara, oraindik lan horretan baikaude, baina ez dut uste gure aurkariak baino askoz hobeak izango garenik saskipean edo saskitik urrun. Gure asmoa edozeinekin lehiatzeko moduko taldea egitea da, Europako handienen kontra alegia.

Baskonian inork ez du beste inoren tokia hartzen, baina Ivanovicek Gasteizen bost urte eman ondoren argi dago alderaketak egin, egingo direla. Nola bizi duzu hori?

Ez dakit nola azaldu dezakedan horiÉNire lana egiten saiatzen naiz, nire aurretik egon direnak kontuan hartu gabe. Beste kontu bat da jendeak alderaketak egiteko duen gogoa. Neu alderaketa horien erdi-erdian egongo naiz, ziurrenik. Tira! Nik nire lana ahal dudan ondoen egingo dut, kanpoan esan daitezkeenak alde batera utzita. Ez daude berdinak diren bi entrenatzaile, eta denek ditugu bertuteak eta hutsak, baita onenek ere. Ni ziur nago lan ona egingo dudala. Denborak erabakiko du sentsazio horrek non kokatuko gaituen.

Ezberdintasunen artean, Gasteizen zonakako defentsa ikusiko dugula aurrera daiteke?

Hitz gutxiago esan eta lan gehiago egin behar da. Kezkatuta nago defentsan egiten ari garen lanarekin, eta irabazteko aukera ematen digun edozer egiteko prest nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.