Larunbatean eraso egin zieten San Juan arraun klubeko arraunlariei, zuzendaritzako kideei eta laguntzaileei Pedreñako estropadan (Espainia). Estropada bukatu, eta herritik ateratzen ari zirela, herriko zale talde batzuek furgonetari eraso egin zioten hainbat elementu jaurtiz, eta kalteak eragin zituzten traineruan. Emakumezkoen taldearen txalupari egin zioten eraso zen, eta ez gizonezkoenari. Arraun taldeko presidenteak berehala deitu zion Poliziari, baina haiek iristean ez zituzten harrapatu erasotzaileak.
Klubak agiri bat argitaratu du, eta adierazi larunbat arratsalde osoan gazte talde batek «gorroto irainak» esan zizkietela, «euskaldunak izateagatik». Gainera, pasaitarrek uste dute erasoa «aurrez pentsatutakoa» izan zela, eta estropadan izandako kideei «kalte material eta psikologikoak eragin» dizkietela.
Pasaiako Udalak gaitzetsi egin du arraun taldeak Pedreñan jasandako erasoa. «Indarkeria mota oro erabat arbuiatzen dugula errepikatu nahi dugu enegarren aldiz, halako ekintzak gure herrian sustatzen ditugun bizikidetza eta errespetu balioen kontra baitoaz oso-osoki». Ildo horretan, «elkartasun osoa» adierazi diete arraun klubeko kirolariei, kasu honetan batelerei, eta baita haiekin zihoazen prestatzaile eta gainontzeko kideei ere. «Klubarekin etengabe gaude harremanetan, eta haiekin jarraituko dugu prozesuaren urrats bakoitzean».
Pedreñak ohar bat igorri du ekintza horiek gaitzesteko eta San Juani «erabateko babesa» emateko. Ez ziren eguneko gertakari bakarrak izan, gainerako euskal traineruek ere irainak eta bestelako gutxiespenak jasan behar izan baitzituzten.