TXIRRINDULARITZA

Pedersenen garaipena eta Cavendishen agur mikatza

Danimarkarrak esprintean irabazi du Tourreko zortzigarren etapa, Philipsen eta Van Aerten aurretik. Cavendish erretiratu egin da, eroriko baten erruz. Landa ere lurrera joan da, eta 47 segundo galdu ditu

Mads Pedersen, garaipena ospatzen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 8a
17:47
Entzun

Oinazea eta gozamena ez daude beti etsaituta. Galde diezaiotela, bestela, Mads Pederseni (Lidl). Limogeseko helmugan oso borroka estua izan du Jasper Philipsenekin (Alpecin), eta egindako ahalegin handiak Tourreko zortzigarren irabazteko balio izan dio. Oso urrundik abiatu du esprinta, baina tinko eutsi dio esprinter flandriarraren oldarrari. Kontrara, oinazearen alderik gordinena nozitu du Mark Cavendishek (Astana); erori egin da helmugarako 60 kilometroren faltan, eta ezin izan du lasterketan jarraitu. Ihes egin dio, hortaz, Tourraren historiako ziklistarik irabazleena bihurtzeko ametsak. 

Mikel Landaren (Bahrain) ametsak ere ezerezean ari dira gelditzen. Erorikoa izan zuen etaparen amaieran Simon Yatesekin batera (Jayco), eta 47 segundo galdu zituzten biek. Landak hiru postu galdu ditu, eta 14. dago orain, Jonas Vingegaarden (Jumbo) esku jarraitzen duen lidergotik 6.36ra. Yatesek, berriz, bi postu egin du atzera, seigarren koskaraino. 4.01 ditu galduta. Aurrea hartu diote Cristian Rodriguezek (Ineos) eta Adam Yates anaiak (UAE). 

Ordekan egitekoak ziren lehen 127 kilometroak, baina gero, gogortzera egiten zuen ibilbideak, eta azken txanpan laugarren mailako bi koska igo behar zituzten elkarren segidan. Hortaz, esprinterrek ez ezik, iheslari ameslariek eta errematatzaile gosetiek ere izan zitzaketen aukerak. Etapak, ondorioz, oso hasiera bizia izan du. Txirrindulariek bipil jokatu dute Libournetik irten orduko, eta askok egin dute tropelaren zaintzapetik ateratzeko saiakera. Azkenean, baina, hirukote bat nabarmendu da; Tim Declercqek (Soudal), Anthony Turgisek (Total) eta Anthony Delaplacek (Arkea) osatu dute. 

Ihesaldiak bost minutuko errenta izan du gehienez ere. Buruan igaro du tarteko helmuga, bukaeratik 121 kilometrora. Han puntuak biltzeko lehia izan da tropelean, eta behin sua piztuta, aurrerantz jarraitu dute zenbait txirrindularik: Cavendishek, Philipsenek eta Mathieu van der Poelek (Alpecin), eta Bryan Coquardek (Cofidis), besteak beste. Ez dira urrunera joan, kate motzean lotu baititu Jumbok. Wout van Aerten alde egin du lan lasterketako liderraren taldeak. 

Geroago ere zeresana eman du Cavendishek, baina txarrerako: lurrera joan da, eta eskua lepauztaira eraman du berehala. Begirada galdua zuen anbulantzia barruan. Ez zegoen jarraitzeko moduan. Tourrean 35. etapa garaipena lortu nahi zuen, eta Eddy Merckxekin zuen berdinketa apurtu. Ez da posible izango, sasoi hau baitu azkena ziklista profesional gisa. 

Turgisek iraun du gehien ihes egindakoen artean. Zortzi kilometroren faltan harrapatu dute, bukaeran zeuden igoera laburrak igaro ondotik. Erritmo gogorra jarri du Jumbok, baina ez da erasorik izan maldan gora. Dena esprinterako utzi dute. Azken zuzenguneak ere goranzko joera zuen, eta oso egokia zen Van Aertentzat. Baita Pedersenentzat ere. Bata itxita gelditu da; bestea, aldiz, indarrez irten da eskuinaldetik, eta joari helmugara arte eutsi dio. Bestela, aurreratu egingo zukeen Philipsenek. Van Aert hirugarren izan da. 

Bihar azterketa garrantzitsua izango dute faboritoek, Puy de Dome mendate ezagunean bukatuko den etapan. Tourra 35 urte geroago itzuliko da igoera horretara. 13 kilometroko luzera du, eta %7,7ko bataz besteko pendiza. Aurrez, laugarren mailako bi mendate eta hirugarren mendate bat igoko dituzte.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.