Txirrindularitza

Pedalei eragitea da kontua

Ziklismoa bere aldaera guztietan du gustuko Ainara Elbustok. Pistan eta errepidean aritu izan da, baita txakurrekin egiten den bikejoring modalitatean ere. Orain, mendiko bizikleta eta ziklo-krosekoa darabiltza gehienbat. Biekin ari da zeresana ematen.

AINARA ELBUSTO. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ainara Elbusto, ziklo-kros proba batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko azaroaren 30a
05:00
Entzun

Edozein bizikletak balio dio Ainara Elbustori (Zurukuain, Nafarroa, 1992). 2010ean egin zuen debuta maila profesionalean, pistako txirrindulari gisa, eta, geroztik, ziklismoaren barruko diziplina gehienak ezagutu ditu. Kriteriumei, adibidez, ederki hartu zien neurria; hainbat proba irabazi zituen pinoi finkoko bizikletekin, nazioarteko Red Hoot Crit zirkuituaren barruan. Bikejoring modalitatean, berriz, hirugarren izana da Espainiako Txapelketan. Eta orain, distiratsu dabil mendiko bizikletan; besteak beste, bi garaipen lortu ditu Titan Desert lasterketan.

Negu garaian, berriz, ziklo-krosa egiten du nagusiki. Duela hiru urte hasi zen lokatzetan lehiatzen, eta garapen azkarra izan du geroztik. Aurtengo denboraldiri indartsu ekin dio; Elorrioko, Zornotzako eta Berrizko zirkuituetan nagusitu da. Pedal-kolpe bikaina ari zen erakusten; Ametzagan, ordea, kolpea hartu zuen pedalei eragiten hasi orduko. Irteerako esprintean erori, eta lepauztaia hautsi zuen. Joan zen larunbatean izan zen; beraz, nekez itzuliko da lehiara ziklo-kros sasoia bukatu aurretik. «Pena handia da, orain oso proba politak zetozelako; adibidez, Igorrekoa [abenduaren 8an jokatuko da]. Agian hilabete barru bizikleta hartzeko moduan izango naiz, baina nahiago dut ilusiorik ez egin». 

Alde onari begiratuta, urtez urte hobera doala sentitzen du Elbustok. Horren erakusgarri dira sasoi honetako garaipenak, baita Euskadiko Federazioaren sailkapena ere; lidergoan izan da, harik eta Ametzagan erori, eta Magali Albisuk aurrea hartu dion arte. Nafarrak, ordea, Karrantzako nazioarteko proba ipini du erreferentzia gisa. «Aurten lortu dut nire posturik onena: bosgarren izan naiz. Gorantz noala erakutsi dit emaitza horrek».

«Ziklistek errepidea lehenetsi ohi dute, baina behintzat, gaur egun, ziklo-krosa eta errepidea uztartzeko aukera dago. Ni errepidean nenbilenean, pentsaezina zen hori»

AINARA ELBUSTOTxirrindularia

Ziklo-krosa ere hazi egin da azken urteetan, txirrindulari kopuruari dagokionez, bederen. Era berean, harrobian maila handia dagoela iruditzen zaion Elbustori. «Junior mailatik oso indartsu iristen da jendea. Pozgarria da, horrek lehiakortasun handiagoa dakarrelako. Ziklistek errepidea lehenetsi ohi dute, baina behintzat, gaur egun bi modalitateak uztartzeko aukera dago. Ni errepidean nenbilenean, pentsaezina zen hori».

Egutegiko hutsuneek, ordea, kezka eragiten diote. «Hasi nintzenean, larunbatean nahiz igandean izaten genituen lasterketak. Ordea, proba asko desagertu egin dira geroztik». Horrez gain, elite mailako ziklistak «ikusezin» sentitzen direla deitoratu du. «Arazo hori dugu Euskal Herrian, izan ziklo-krosean ala errepidean. Ematen du 23 urtez azpikoak existitzen direla bakarrik. Ziklo-kroseko Euskadiko Kopan, adibidez, sasoi honetan ez dago maillotik elite mailako liderrarentzat».

Hirietatik desertura

Aitortza handiagoa sentitu zuen Elbustok 2014 eta 2015ean Red Hoot Crit zirkuitua irabazi zuenean. Hiriguneetan egiten ziren proba laburretan zetzan txapelketa hori. Pinoi finkoko eta balaztarik gabeko bizikletekin lehiatzen ziren txirrindulariak, ordubetez. Guztira bost proba irabazi zituen zurukuaindarrak —beste inork baino gehiago—, eta bi urtez jarraian izan zen sailkapen nagusiko onena. «Ni pistan nenbilen aurrenekoz gonbidatu nindutenean. Bartzelonan proba bat egitekoak ziren, eta jakin-min hutsagatik joan nintzen. Ondo moldatu nintzen, eta egutegi osoan lehiatzea erabaki nuen».

Gauez jokatzen ziren lasterketak, goizean sailkatze saioa egin ondoren. «1 Formularen antzekoa zen alde horretatik: ziklista bakoitzari 20 minutu ematen zitzaizkion zirkuitua ahalik eta azkarrena osatzeko, eta, lortutako denboraren arabera, lasterketa aurrerago edo atzerago hasten zenuen». Haatik, proben jiran sortzen zen giroak harritu zuen gehien. «Munduko hainbat hiritan jokatzen ziren lasterketak, eta jatorri ezberdineko milaka pertsona elkartzen ginen. Oso esperientzia polita izan zen».

Kriteriumetatik aparte, zenbait urte egin zituen Bizkaia-Durango taldean, eta, handik atera ostean, Italiako Giroan hartu zuen parte. Halere, arantza gelditu zaio: errepidean ibilbide oparoagoa osatu nahiko zukeen. «Baliabideak falta izan zitzaizkidan hobeto prestatu ahal izateko». Bikejoring-ean, berriz, pare bat urtez aritu zen, txakurra bizikletari lotuta. «Ez nuen luze iraun, lehiaketetara neraman txakurra nahiko zaharra baitzen. Gainera, dezenteko aurrekontua behar zenuen egutegi osoa lehiatzeko».

Oraintxe, mendiko bizikletarekin gozatzen du gehien. Titan Desert lasterketa ospetsuan bi garaipen kateatu ditu azken bi urteetan; bikote mistoen sailkapena irabazi du, Iosu Torresekin batera. «Sekulako esperientzia izan da. Hori bai, oso lasterketa gogorra da: bero handia egiten du, area gainean zabiltza… Iaz gaixo pasa nuen gau bat, eta asko sufritu nuen gero. Ez dakit itzuliko naizen». Aurrera begira, «beste urrats bat» egin nahiko luke, estatu mailan nahiz nazioartean. Ziklo-krosean, ordea, erorikoak denboraldia zapuztu dio. «Espainiako Txapelketa on bat egiteko ilusioa nuen, baina ez dut uste garaiz helduko naizenik».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.