Pixkanaka-pixkanaka, bidea egiten ari da Quique DominguezAnaitasunan (Vigo, Galizia, 1969). Laugarren denboraldia du.
45-26 galdu duzue Bartzelonaren aurka lehen partidan. Ez da hasteko modurik onena.
Ez. Partida oso zaila izan arren, espero genuen Bartzelona gehiago estutzea. Ez zitzaigun ezer atera, eta garena baino txarragoak ginela zirudien. Hutsetatik ikasi behar dugu, eta hurrengo neurketa prestatu.
Hurrengo partida ere etxetik kanpo jokatuko duzue, Cuencan (Espainia).
Egutegia halakoa da. Gainera, Bartzelona eta Cuenca lehen eta bigarren izan ziren ligan azken sasoian. Hasiera zaila da, Tourmaletaren pare. Baina gure nahia da Bartzelonan baino hobeto aritzea.
Taldea prest dago?
Bai. Oso pozik gaude denboraldiaurrean egin dugun lanarekin: gero eta hobeto aritu gara entrenatzen eta jokatzen. Badakigu ez direla gauza bera prestaketa eta lehia, baina ondo ari ginen. Bartzelonak nagusitasunez irabazi zigun, baina horrek ez dio baliorik kendu egin dugun lan onari. Hobetzen jarraitu behar dugu.
Jokalari garrantzitsu eta beteranoek utzi dute taldea, eta gazteak iritsi dira haiek ordezkatzeko. Zer moduz doa egokitzapena?
Taldea asko aldatu da; askoz gazteagoa da. Txokarro eta Meoki joan dira; biak funtsezkoak ziren arlo guztietan. Aldiz, jokalari gazteagoak etorri dira, eta horiek asko dute egiteko eta erakusteko. Baina taldean energia berezi bat sumatzen dut, gauzak egiteko motibazio eta desira handia. Gaztetasunari lotutako dohainetako bat da hori: etapak saltatzeko nahia. Hori kudeatu beharko dut, baina uste dut gure indarguneetako bat izango dela. Lehenbailehen hasi nahi dugu gauzak erakusten.
Beldur zara horren txapelketaborrokatuan eskarmentu faltak kalte egingo duen?
Erronka handitzat daukagu. Badakigu nolako taldea dugun: klubaren egoeraren ondorioa da. Baina gure filosofiaren ondorioa ere bada: gazteei aukerak ematearen aldekoak gara. Horretan ari gara. Gainera, sekulako harrobia dugu.
Zein da helburua? Azkeneko sasoian baino gutxiago sufritzea?
Taldeak gora egitea da helburua, baita transmititzea ere. Jendeari gustatu zaio zein energiarekin eta gogoarekin aritu garen denboraldiaurrean. Baina ez dakigu non egon gaitezkeen sailkapenean. Lehiaketak esango du hori. Gustatuko litzaiguke azken denboraldian baino gutxiago sufritzea.
Itxaropentsua izan behar da?
Bai, baina oinak lurrean izan behar dira. Ni oso itxaropentsu nago; jokalariek hala egotera bultzatu naute haien lanarekin, atxikimenduarekin eta energiarekin. Ezin gara aritu nor baino nor gehiago Bartzelonarekin, baina pazientzia izanez gero, talde honek poztu egingo gaitu.
Zer itxura hartzen diozu ligari?
Bartzelonak irabaziko du, eta Europarako eta mailari eusteko lehia oso estu egongo da.
Asobal liga. Quique Dominguez. Anaitasunako entrenatzailea
«Pazientzia izanez gero, talde honek poztu egingo gaitu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu