Espainiako Vuelta

Eguna motel joan da, eta Pavel Bittner txekiarra gailendu da azkenean

DSMko txirrindulariak irabazi du Espainiako Vueltako bosgarren etapa. Van Aertek urrutitik abiatu du esprinta, eta garesti ordaindu du.

Bittner (DSM) eta Van Aert (Visma) helmugako argazkian. JAVIER LIZON / EFE
Bittner (DSM) eta Van Aert (Visma) helmugako argazkian. JAVIER LIZON / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 21a
17:55
Entzun

Pavel Bittnerrek irabazi du Espainiako Vueltako bosgarren etapa, Sevillan. Txekiarra izan da azkarrena esprintean, Wout van Aerti (Visma) azken gerri kolpean gailenduta. Eguna lasai hartu dute denek; izan ere, atzoko etapa gogorraren ostean, inork ez du etapa gogortu nahi izan. Horren adierazgarri izan da 18:05ean amaitu dela etapa, antolakuntzak espero baino ia ordu erdi geroago.

Egun lasaia izan du tropelak gaur. Atzoko bero sapak kolokan jarri zuen kirolariek gorputza indarberritzeko daukaten gaitasuna, eta, ibilbidea baliatuta, oso mantso egin dituzte egin beharreko 177 kilometroak. Gainera, tropeleko txirrindulari azkarrenek gaur zuten esprint handi batean lehiatzeko aukera, eta esprinterren taldeek begiz jota zeukaten gaurko etapa. Hortaz, mantso joan arren, ez diete iheslariei aukerarik eman.

Ihesaldian Euskaltel eta Kern Pharma euskal taldeak sartu dira, beste behin. Bost etapa jokatu dira orain artean, eta horietako lautan ihesaldian aritu dira euskal talde horietako txirrindulariak. Gaur Txomin Juaristik (Euskaltel) eta Ibon Ruizek (Kern Pharma) egin dute aurrera, bakarrik. Azken horrek, gainera, hirugarren eguna du ihesean. Lau minuturen aldea hartzen utzi die talde nagusiak, baina, hortik aurrera, kate motzean lotu dituzte. Bi euskal talde horien helburua argia da: lasterketan presentzia izatea. Eta hori, behintzat, lortzen ari dira. Orain arte bezala, ordea, beste inoren laguntzarik ez dute izan gaur, eta argi zegoen garaipena atzean zegoela.

Helmugara iristeko 45 kilometro inguru gelditzen zirenean bizitu du abiadura tropelak, eta berehala harrapatu ditu iheslariak, 38 kilometro gelditzen zirenean. Tarteko helmuga bat zegoen helmugatik 20 kilometrora, eta lehia horretan aritu ahal izateko harrapatu nahi izan ditu tropelak. Bertan Kaden Groves (Alpecin) izan da bizkorrena, eta 20 puntu lortu ditu maillot berdearen lehian. Bigarren Van Aert izan da, maillot berdearen jabea bera, eta 17 puntu bildu ditu.

Espero izatekoa zen etapa garaipenaren lehian ere bi txirrindulari horiek izatea, baina Bittner agertu da, ezustean. Van Aert izan da lehena esprinta abiatzen, tarteko helmugan egin duen bezalaxe, baina ez lehenengo saiakeran eta ez bigarrenean, ez du azkarrena izatea lortu. Amaierako esprintean urrun gelditu da Groves, baina Bittnerrek ezustean harrapatu du. DSMko gazteak ondo neurtu du distantzia, eta azken gerri kolpean nagusitu da. Faborito guztiak elkarrekin iritsi dira helmugara, eta ez da aldaketa esanguratsurik izan sailkapen nagusian.

Bihar mendiko etapa izango du tropelak, orain arteko bigarrena. Zatirik gogorrena etaparen lehen erdialdean izango dute, lehen mailako mendate bat igoko baitute. Hirugarren mailako beste hiru mendate igoko dituzte, eta Helmuga Yunqueran izango da. Iheslarientzako etapa aproposa izan daiteke.

Vuelta 6. etapa

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.