Mikel San Josek (Atarrabia, Nafarroa, 1989) sei gol sartu ditu denboraldi honetan. Ez da kasualitatea. Aurreko denboraldian bost aldiz zulatu baitzuen aurkariaren atea. Geldikako jokaldietan erakusten duen gol sena da Athleticen erasoko arma nagusietako bat. Bihar, Turinen (Italia), protagonista izaten saiatuko da berriro.
Aukera ona galdu zenuten Granadan. Eskura izan zenuten irabaztea.
Bai. Granada jokalari bat gutxiagorekin geratu zen arte txukun jokatu genuen. Nagusi izan ginen. Baina azken txanpan sufritu egin genuen. Horrelako partidak irabazi egin behar dira.
Oso talde gutxik lortzen dute otsailean hiru lehiaketatan bizirik jarraitzea. Hala ere, taldearen ibilbidea aintzat hartuta, gozatzen ala sufritzen ari zarete?
Sufritzen ez, behintzat. Futbolariok jokatzeadugu gustuko. Hala ere, ukaezina da ligan ez gabiltzala fin. Kopako finalerdietako joanekoa ere ez zen ona izan. Baina beste interpretazio bat ere egin genezake: Ligan apur bat hobetuz gero, aurrera egingo dugu, eta Kopan bizirik gaude. Edozer gauza gerta daiteke itzuliko neurketan. Europako Ligan, bestalde, arerio gogorra egokitu zaigu. Baina gu ere ez gara aurkari erosoa.
Jarraitzaileak epel daude, ilusio handirik gabe. Harrituta zaude?
Ez dakit zer gertatzen den. Begi bistakoa da taldea ez dela ari aurreko denboraldiko maila ematen. Akaso horregatik egongo dira burumakur. Baina gu joan den urteko berberak gara.
Athletic mailari eusteko borrokan murgilduta dagoela aintzat hartuta, Europan aritzea saria da, edo arazoa?
Aukera da, zalantza barik. Ezin da esan Europan lehiatzea arazo bat denik. Gauza politak egin ditzakegula uste dugu. Ezin ditugu ateak itxi. Pausoz pauso ilusioa sortzea da gure helburua.
Zer-nolako Athletic zelairatuko da bihar Turinen?
Athletic on bat ikustea espero dut. Azken partidetan ondo ari gara lehiatzen. Serio ari gara jokatzen. Bide beretik jarraituz gero, emaitza onak lortzeko aukera izango dugu.
Zozketa egin zenean krisi sakonean zegoen Turin, baina, ordutik, sekulako gorakada izan du. Egun, ez da pagotxa.
Hala da. Gainera, neguko merkatuan indartu egin dute taldea. Turinek hamar partida daramatza galdu gabe. Sasoi hasiera makala egin zuten zenbait jokalarik euren mailarik onena lortu dute berriro. Konfiantzaz gainezka daude, eta arerio txarra da une honetan. Hala ere, gu aurrera egiteko asmoarekin zelairatuko gara.
Hala ere, Calcioko taldeek ez dute lehengo indarra. Egun, beldur gutxiago ematen dute.
Beldurrik ez dute ematen, baina ezin ditugu gutxietsi. Oker larria egingo genuke. Athletic edozein talderi aurre egiteko gai da, baina, era berean, edozeinen kontra gal dezake. Errespetua zor diegu kontrario guztiei.
Athletic aurkariaren bila zelairatuko da bihar, edo itzuliko neurketa bat jokatuko dela hartuko duzue kontuan?
Kanporaketak bi norgehiagoka ditu, baina sarri esan dugu Athletic aurkari guztien kontra zelairatzen dela irabaztera. Gu askoz hobeto moldatzen gara aurrera egiten dugunean, aurkariaren zain geratzen garenean baino. Hori ez dugu aldatuko. Haiek sasoian daude, baina guk gure jokoan sinetsi behar dugu.
Zer dakizue aurkariaz?
Sasoian onean dagoen talde bat izateaz gain, lerro guztietan gertutik jarraitzea merezi duten futbolariak ditu. Quagliarella eta Martinez aurrelariak golak sartzen ari dira. Horretaz aparte, Maxi Lopez argentinarra fitxatu berri dute. Bestalde, hiru erdiko atzelarirekin jokatzen du, hegaletako bi futbolarien erasorako joera baliatzeko. Oso indartsuak dira. Talde osoa da.
Athletic ez dabil espero zen bezain ondo, baina espero bezala ari direnen artean zu zaude. Azken jardunaldietan izan duzun jarraitutasunak lagundu egin dizu barruan daukazuna erakusteko orduan?
Jokatzeak beti laguntzen du. Taldea ez dabil espero bezala, baina uste dut egunerokoan lan ona egiten ari garela.
Jokalari guztien helburua jokatzea da. Baina, aukeran, non nahiago duzu, atzean edo zelai erdian?
Bietan sentitzen naiz ondo. Azken urteotan defentsan aritu naiz gehiago, baina, gaztetatik, bi postuetan jokatu dut. Euskarri gisa jokatuz gero, beste atea gertuago ikusten dut, eta horrek motibatu egiten nau. Baina atzean ere eroso sentitzen naiz.
Aritz Aduriz eta zu zeu zarete Athleticek erasoan dituen arma nagusiak eta ia bakarrak. Ez al da gutxiegi goi mailako talde batentzat?
Argi dago gehiago behar dugula. Egun, ni naiz taldeko golegile onenetan bigarrena, eta hori ez da notizia ona. Sei gol sartu ditut. Kopuru ona da, baina uste dut kopuru hori gaindi dezaketen futbolariak ditugula. Ea berandu baino lehen erakusten duten euren maila. Gure taldean erasoko futbolari onak daude.
Aurrelari sena daukazula esan duzu behin baino gehiagotan. Hori ikasi egiten da, ala horrekin jaio egiten da? Zergatik doa baloia beti zure burura?
Kar-kar. Nik beti sartu ditut golak. Ez da gauza berria. Ni konfiantzarekin joaten naiz errematatzera. Gainera, atzelari izateak ere laguntzen du. Guk badakigu zein mugimendu diren zailenak zaintzeko, eta, aurrera egiten dudanean, ni ahalegintzen naiz mugimendu horiek egiten.
Mikel San Jose. Athleticeko jokalaria
«Pausoz pauso ilusioa sortzea da gure helburua»
Athleticen zaleak «ilusioa galduta» ikusten ditu Mikel San Josek. Europako Ligako kanporaketaz, berriz, azpimarratu du Turinek hamar partida daramatzala galdu gabe eta arerio «gogorra» izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu