AMPO ORDIZIA
Erritmo onari eutsi
AMPO Ordizia izan zen euskal talderik onena iragan sasoian. Liga bosgarren postuan bukatu, eta final-laurdenetan kanporatu zuen Independientek. «Kanporaketa etxetik kanpo jokatzeak kalte egin zigun, eta sasoi honetan etxean jokatuko nahi genuke. Helburua beste pausotxo bat ematea da», aletu du Iñigo Marotias entrenatzaileak. Helburua partida guztietan lehiatzea dela esan du, baina Goierriko taldeak 4. postua du begiz joa. Eta zein da bidea? Bada, iragan sasoiko bigarren itzulikoa: «Zoragarria izan zen, eta sasoi honetan jarraitutasuna eman nahi diogu». Ez da gehiegikeria, Ordiziak bi partida bakarrik galdu zituen itzuli osoan: VRAC eta El Salvador lehen bi sailkatuen etxean, eta alde txikiarengatik biak.Marotiasek ez du ezkutatzen baikorra dela, oso gustura baitago jokalariek denboraldi-aurrean erakutsi duten jarrerarekin. «Askok muzin egin diete oporrei entrenatzeko, eskertzekoa da», goratu du. Alde horretatik, nabarmendu egin du multzoari eusteak lan hori errazten duela. «Bigarren urtez jarraian, aldaketa gutxi egin ditugu, eta nabaritzen da. Jokalariek dena ezagutzen dute, eta horrek, era berean, berrien egokitze prozesua errazten du. Atzerritarrekin hori abantaila handia da». Valentin Cruz iragan sasoian ligan puntu gehien lortu zuen jokalariak kontratua berritzea lortu dute,eta bi dira profesional berriak: Joubert Engelbrecht erdiko hegoafrikarra eta Kawa Leauma bigarren lerroko zeelandaberritarra. Ez dira taldeko berri bakarrak, hiru jokalari ohi itzuli baitira Ordiziaren lehen taldera: Phil Huxford hiru-laurdenekoa, eta Ekaitz Sadaba eta Asier Arretxea aurrelariak.
BIZKAIA GERNIKA
Denboraz justu
Bizkaia Gernikaren iragan sasoiko bidea Ordiziaren aurkakoa izan zen. Oso ondo hasi zen, lehen sei partidetatik lau irabazita, baina behera egin zuen bigarren itzulian. Zortzigarren bukatu zuen, kanporaketa postuetatik urrun. Aldaketa askoko uda izan da; aurrenekoa, aulkian. Eduardo Maidaganek kirol zuzendari postua hartu du, eta Nico Martinezek ordezkatuko du. Entrenatzaile berria gustura dago, baina nahiago luke asti gehiago eduki izan balu. «Jokalari berri dezente ditugu. Hamar bat entrenamendu egingo genituen jokalari guztiekin, eta denbora pixka bat gehiago eskertuko nuke elkar hobeto ezagutu eta nik nahi dudan errugbi filosofia barnera zezaten. Baina hori ez da aitzakia, aspaldi genekien noiz hasiko zen sasoia».Gernikak, ohikoa denez, argentinarren aldeko hautua egin du merkatuan, eta zazpi fitxatu ditu: Matias Frutos, Imanol Zelaya, Isaias Quiroga, Facundo Aguirre, Jorge Predovic, Santiago Percello eta Agustin Thomas Cardoso. Inguruko taldeetako gazte batzuk ere Gernikan hasi dira. «Multzo trinkoa osatu nahi dut, bloke bat. Jokalari langileak dira». Eta lan, zer lortzeko? «Urte gogorra izango da, eta nik nahi dudana da taldea beti lehiakorra izatea, etxean zein kanpoan». Pixka bat estututa, Martinez helburu zehatzago batekin ausartu da. «Ondo jokatu eta ahal dugun bezala lehiatuz gero, seigarren izateko moduko taldea dugu».
HERNANI
Gutxiago sufritu nahi du
Hernanik jaitsiera saihesteko kanporaketan eutsi zion mailari iragan sasoian. Liga 11. postuan bukatu zuen, eta Patrick Polidori entrenatzaileak argi du sasoi honetako helburua. «Gutxiago sufritzea, mailari eutsiko diogula jakinda iristea azken jardunaldira. Eta uste dut lor dezakegula, uste dut bederatzigarren postuan egon gaitezkeela». Polidori baikorra da, eta erronka jarri die jokalariei. «Esan diet Kopako finalerdietarako sailkatu gaitezkeela, eta helburu gisa hartu behar dugula».Hernani da profesionalik gabeko talde bakarra. «Jokalariak lanera joan ondoren entrenatzen dira. Askok udako oporren zati handi bati egin diote uko; euren konpromisoa txalogarria da». Hernanik harrobitik elikatu du beti lehen taldea; sasoi honetan, baina, kanpoko lau jokalari berri ditu. Simon eta Charlie Ternisien Donapaleuko anaiak dira, 31 eta 34 urtekoak, eta iragan sasoian Akizen zeuden, Pro D2an. Biek esperientzia dute Top14 ligan, eta erretiroa hartu aurretik sasoi batez «gozatu» egin nahi zuten amateurrean. Diego Levin argentinarra ere iritsi berria da. Dena den, albiste harrigarriena Oskar Astarloa beteranoaren itzulera da, 44 urterekin. «Berak eskatu zidan sasoi batez jokatu nahi zuela gurekin. Ondo ezagutzen dut; ikusiko dugu hogei, berrogei edo laurogei minuturako dagoen». Besteak beste, Baionan, Ordizian, Gernikan eta Bera Beran jokaturikoa da. Jokalari hauek taldeari «patxada»ematea espero du Polidorik.