Azkoitian (Gipuzkoa) hasi, eta Ezkabarten (Nafarroa) amaituko dira Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketak. Sasoi gorenean daude taldeak; izan ere, Ezkabarteko txapelketa mistoa amaitu, eta hurrengo egunean Irlandarako hegaldia hartuko dute talde gehienek, otsailaren 20tik 23ra bitarte izanen den Munduko Txapelketan lehiatzeko.
Euskal Herriko txapela janzteaz gain, sari handiagoa izanen dute jokoan, beraz, datozen asteetan: nazioarteko txapelketan euskal selekzioa ordezkatzea. 2014an ofizialtasuna lortu ondoren, domina franko lortu dituzte tiralariek; goma gaineko nazioartekoan, ordea, urrezkorik ez oraindik.
Iragan asteburuan jokatu zen, Azkoitian, Euskal Herriko txapelketako lehenbiziko jardunaldia,eta tiraldi luzez eta gogorrez beteta egon zen. Berretsi zen koska bat gorago dagoela Lesakako (Nafarroa) Beti Gazte. Denboraldiko txapelketa ia guztiak irabazi ditu. Euskal Herriko lau tiralariren modalitateko nesken zein mutilen txapelak lortu zituzten azaroan, eta Nafarroako Txapelketako guztiak ere bai, bat izan ezik. Aurreko asteburuan, zortzikoan, gizonezkoetan 680 kilokoan txapela irabazi zuten, eta 640 kilokoan lehen jardunaldia; neskek ere 540 kilokoan lortu zuten garaipena estreinakoan.
Lesakarrak kilo gutxikoetan dira espezialista, eta kategoria horietarako ere faborito dira goma gainekoan, baita Euskal Herriko Txapelketa itxiko duen kategoria mistorako. Hala ere, deskuidatuz gero, nesketan gertu dira gainerako talde guztiak, berdintasun handia baitago. Mutiletan, halaber, Zuraide eta Ibarraondo ari dira kilo askokoetan; gutxikoetan, berriz, Ibarrak, Berriozarrek eta Gaztedik ezustekoa eman dezakete.
Asteburuan segituko du txapelketak. Bihar, Burgun (Araba), emakumezkoen 540 kilokoa eta gizonezkoen 600 kilokoa jokatuko dira. 17:30ean hasiko da lehia. Igandean, 13:30ean, gizonezkoen 640koa jokatuko dute, Bilboko Altamiran.
Parte hartzea ohi baino handiagoa da aurten, Munduko Txapelketan egoteko aukerak erakarrita: Lapurdiko Zuraide; Arabako Badaiotz; Nafarroako Antsoain, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea; Gipuzkoako Ibarra;eta BizkaikoGaztedi, Goiherri, Abadiño eta Murueta ari dira nor baino nor gehiago. Horiei beste talde bat gehitu behar zaie:Seis Conceyos. Asturiasko (Espainia) taldea da, baina lehiatzen ari da.
Bi urtetik behin sasoi gorenera iristen dira taldeak, Munduko Txapelketaren atarian. Galder Gobantes (Zeberio, Bizkaia, 1987) baikor dago Irlandan izan ditzaketen aukerez galdetuta: «Neskak oso ondo aritu ziren duela bi urte, Txinan jokatutako Munduko Txapelketan. Soilik euskal taldeez osatutako podiuma errepikatu behar dugu aurten. Gaztedi, Badaiotz eta Ibarra izan ziren podium berean. Mutiletan, aukerak ditugu pisu handietan zein txikietan».
TWIFen (Nazioarteko Sokatira Federazioa) Euskal Herriko ordezkari da Gobantes, eta ongi ezagutzen ditu munduko talderik indartsuenak: «Kluben arteko txapelketan irlandarrak dira faborito gizonezkoetan, eta taiwandarrak eta herbeheretarrak nesketan. Nazioen artekoan, berriz, eskoziarrak eta taiwandarrak izanen dira indartsuenak gizonetan, eta txinatarrak eta taiwandarrak emakumezkoetan».
Kluben arteko txapelketan lehiakorrago aritzen dira euskal taldeak, baina nazioen artekoa hobeki prestatzen dute beste herrialde batzuek. «Kluben arteko lehiaketara daukagun guztiarekin joateaketa Munduko Txapelketa baino lehen nazio moduan ezin entrenatu izateak gure selekzioaren maila jaisten du», nabarmendu du Gobantesek.
Nazioarteko Sokatira Federazioari erronka berriak sortu zaizkio. Tiratzaileak goi mailako kirolarien antzera entrenatzen eta elikatzen dira, baina baliabideak eta aitortza urriak dira.
Asia aldetik datoz berrikuntza tekniko nabarmenenak: besteak beste, sokatiran aritzeko oinetako bereziak. Euskal Herrira iristen hasiak dira jada. Entrenamenduen prestaketan eta kontrolean ere aditu dira txinatarrak eta taiwandarrak.
Lau ildoko ikerketa
Euska Herrian ere izan dira berritasunak. Arkaitz Castañeda (Bilbo, 1982) Deustuko Unibertsitateko Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako irakasle eta ikertzailea da, eta sokatiraren garapenerako hainbat alor ikertzen ari da. «Txapelketetan nabarmen egiten zitzaidan kirolari bakoitzak bere modura berotzen eta tiratzen zuela. Hobekien dakiten moduan aritzen dira, baina zientzia aplikatu gabe», dio Castañedak. Horregatik, lau ildoko ikerketa bati ekin zion. Biomekanika, kirolarien deshidratazioa, lesioak eta intentsitatearen neurketa aztertu zituen.
Nazioarteko federazioa bereziki kezkatuta dago kirolarien osasunarekin, eta deshidratazioaren ikerketarako hitzarmena sinatu du bera buru den taldearekin. Europako lur gaineko sokatira txapelketan izan zen Castañedaren taldea, eta otsailean Irlandan izanen dira deshidratazioaren balioak neurtzen. Xedea lau ildoak garatzea da, sokatirak ere goi mailako kirolen trataera izan dezan.
Pauso irmoarekin
Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa jokatzen ari dira aste hauetan. Otsailean Irlandan jokatuko den Munduko Txapelketan egotea dute helburu taldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu