Futbola Espainiako Lehen Maila

Pauso erraldoia mailari eusteko bidean

Borroka eta sakrifizio handiz irabazi du Alavesek, eta zortzi punturen aldea ateratzen dio orain Cadizi, jaitsiera postuetan dagoen lehen taldeari. Luis Riojak egin du garaipenaren gola, penaltiz.

(ID_13515420) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-01-19, Gasteiz. Futbola
Penaltiz sartu du partidako gol bakarra Luis Riojak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
pettan uralde
2024ko urtarrilaren 19a
23:15
Entzun

Urrezko hiru puntu lortu ditu Alavesek kolokan dagoen Cadiz baten aurka. Mailari eusteko berebiziko garrantzia zuen norgehiagokak, eta egoerak eskatzen zuen moduan aritu dira Alaves eta Mendizorrotza. Ez dute partidarik onena egin etxekoek, ezta politena ere, baina tente ibili dira 90 minutuetan, eta ez diote aukerarik eman kanpoko taldeari. Luis Riojak sartu du partidako gol bakarra, Kike Graciak bigarren zatiko lehen minutuetan eragin duen penalti baten bidez. 

Gehiagotik gutxiagora joan da lehen zatia. Bikain hasi dira etxekoak, eta gola gertu izan du Guridik hirugarren minutuan, zutoinean boleaz egindako errematearekin. Carlos Vicenteren eta Kike Garciaren bitartez ere saiatu da Gasteizko taldea, baina ez du lortu Ledesmaren atean baloia sartzea. Partida oso orekatua zegoen, eta markagailuak ez zuen gezurrik esaten.

Cadiz esnatzen hasi da orduan, Chris Ramos eta Sergi Guardiola aurrelarien bitartez, baina benetako arriskurik gabe. Are gehiago, baloiak Cadizeko bat jo eta harmailetara joan den Siveraren desbideratze bat izan da bisitarientzat arriskutsuena. Lehen zatiko azken ordu laurdena gehiegi gelditu da, bi taldeek eragindako etenaldien ondorioz, eta ez dira aukera argi gehiago ikusi Mendizorrotzan. 

Hamaika metroak lagun

Gola garesti zegoen Gasteizen, eta susmoa zabaltzen ari zen gol bat sartzea lortzen zuenak partida bideratuko zuela. Zizelkatu ezin zitekeen harkaitza zirudien Cadizek, eta Alavesek partida lantzen jarraitzen zuen, baina arriskurik sortu gabe.

Baina lehen aldiz denboraldi honetan, hamaika metroetatik lortu du garaipena Alavesek. Alejok Kike Garcia zapaldu du, eta epaileak ez du zalantzarik izan penaltia adierazteko. Eta denboraldiko lehen bi penaltietan huts egin ondoren, hamaika metroetako aditua aurkitu du Luis Garcia Plazak: Luis Rioja. Lehenik Realaren aurka, eta gaur Cadizen aurka, jokalari sevillarra bere aletxoa jartzen ari da, eta ez du hutsik egin hamaika metrotik.

Hortik aurrera, etxeko taldeak bikain ulertu du nola babestu lortutako aldea. Aurrelariek Cadizen defentsa estutzen jarraitu dute, eta atzeko jokalariek gogor defendatu dituzte kanpotarren eraso guztiak. Lan horretan, Kike Garcia nabarmendu da. Penaltia eragiteaz gain, partida bikaina osatu du, eta txaloaldia jaso du zaleen aldetik berdegunea utzi duenean.

Oso minutu gogorrak izan dira, eta, batek zein besteak aukerak izan badituzte ere, atezainek ez dute izerdi askorik atera. Cadizek zailtasun handiak ditu golak sartzeko, denboraldi osoan erakutsi duen moduan, eta kontrolpean izan du Alavesek partida. Zazpi minutuko luzapena adierazi du epaileak zaleen txistuen artean, baina garaipenak ez dio ihes egin etxeko taldeari.

Irabazita, Alavesek zortzi puntu ateratzen dizkio orain Cadizi, zortzi puntuko arrakala jaitsierako postuan dagoen lehen taldeari. Asko da hori, eta Lehen Mailan beste urte batez geratzeko esperantza handia eman die babazorroei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.