MUNDUKO TXIRRINDULARITZA TXAPELKETA

Paula Ostiz bigarren izan da junior mailako Munduko Txapelketan

Txirrindulari nafarrak zilarra lortu du Munduko Txapelketako errepideko proban. Hiru txirrindulariren arteko esprintean erabaki da lasterketa.

Paula Ostiz, zilarrezko domina soinean, Munduko Txapelketan. EFE
Paula Ostiz, zilarrezko domina soinean, Munduko Txapelketan. EFE
pettan uralde
2024ko irailaren 26a
17:17
Entzun

Paula Ostiz txirrindulariak (Iruñea, Nafarroa, 2007) zilarra irabazi du Munduko Txapelketako junior mailako errepideko proban. Esprintean erabaki da lasterketa, eta, nafarrak garaipena gertu izan badu ere, Cat Ferguson britainiarra gailendu zaio azken metroetan. Viktoria Chladodovak amaitu du hirugarren postuan.

Zurichen (Suitza) jokatzen ari den Munduko Txapelketan, erlojupeko proba jokatu zuen Ostizek joan den asteartean. Zazpigarren postuan geratu zen, eta egun hartan podiumean izan ziren bi txirrindulari igo dira gaur Ostizekin. Ostiz egungo Europako txapelduna da erlojupekoan, baina Munduko Txapelketan errepideko proban egin du distira. Usterren hasi eta Zurichen amaitu da lasterketa, eta Suitzako bi hirien arteko 73,5 kilometroko ibilbideari egin diote aurre txirrindulariek.

Azken 30 kilometroetan erabaki da lasterketa, Fergusonek erasoa jo duenean. Ostiz eta Chladodova izan dira britainiarrari jarraitu ahal izan dioten bakarrak, eta helmugaraino iritsi dira elkarrekin hiru ziklistak. Hiruren arteko esprintean erabaki da lasterketa, eta Ferguson nagusitu da. Atzetik Ostiz eta Chladodova sartu dira denbora berean, baina helmugako argazkiak nafarrari eman dio zilarra.

Ayala Serrano eta Irati Aranguren euskal txirrindulariek 52. eta 70. postuetan amaitu dute, hurrenez hurren.

Harrotasuna

Ostizentzat harrotasun handia izan da Munduko Txapelketan bigarren izatea, oraindik junior mailako lehen urteko txirrindularia izanik. Datozen lau denboraldietarako Movistar taldearekin sinatu du txirrindulariak, eta dagoeneko hasia da 2025eko txapelketan pentsatzen. «Hurrengo urtean urrea irabaztea espero dut».

Hasieran sentipen onak zituela onartu du Ostizek, baina hamar kilometroren faltan karranpak izan dituela adierazi du. «Medaila ziurtatzera joan naiz. Esprintean uste nuen irabaz nezakeela, baina Ferguson oso azkarra da, eta berak eraman du garaipena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.