Espainiak Europako Saskibaloi Txapelketako finala jokatuko du bederatzigarren aldiz.Frantziari 80-75 irabazi zion atzo Lillen (Frantzia), txapelketako lehen finalerdiko luzapenean, eta etzi izango du titulua jokoan. Espainiak ezustekoa eman zuen, Frantzia baitzen faboritoa, baina Pau Gasolek, txapelketako jokalari onena izaten ari denak, partida beldurgarria egin zuen. Pibot kataluniarrak 40 puntu sartu zituen eta 11 errebote hartu.
Arauzko denbora 66nako berdinketarekin bukatu zen Nico Batum Frantziako hegalekoak sarturiko hiruko baten ondoren. Aurretik, azken laurdenean, Espainia zortzi puntugatik galtzen joan zen (52-61, 34. min). Gasolek zortzi puntu sartu zituen luzapenean; Batumek, aldiz, hiru jaurtiketa libre erabakigarri huts egin zituen jarraian. Garaipenari esker Espainia 2016ko Olinpiar Jokoetarako sailkatu da.
Espainiak gaur ezagutuko finaleko aurkaria (21:00), Serbiak eta Lituaniak jokatuko duten finalerdiaren ondoren. Serbiarentzat —Montenegro gabe— Europako Txapelketa bateko lehen finalerdiak dira 2009az geroztik; Lituania, aldiz, txapeldunorde izan zen 2013an. Hala ere, ezustekotzat jo daiteke bere bidea, hasiera batean ez zelako agertzen faborito handien artean. Final-laurdenetan, baina, partida handia jokatu zuen eta luzapenean kanporatu zuen Italia (95-85). Serbiari, aldiz, uste baino gehiago kosta zitzaion Txekia kanporatzea (89-75).
Pau Gasolek Europako Txapelketako finalean sartu du Espainia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu