77 urterekin zendu da Osasunako presidente izandako Patxi Izko Ilundain (Gazolaz, 1946). Hamar urtez izan zen klubaren lehendakaria: 2002an hasi zen karguan, Javier Mirandari lekukoa hartuta, eta 2012ra arte izan zen agintari. Klubak eman du heriotzaren berri, goizean.
Osasunak Pachi Izko, 2002 eta 2012 urteen artean klubeko presidente izan zenaren heriotza deitoratu du. Goian bego.
— C. A. OSASUNA (@Osasuna_eus) April 21, 2023
Osasuna Espainiako Ligako lehenbiziko mailan izan zen urte horietan guztietan, eta hainbat mugarri erdietsi zituen: besteak beste, orduan ailegatu zen lehenbiziko aldiz Espainiako Kopako finalera, baita UEFAko finalerdiak jokatu ere. Dena dela, horretaz gain, arlo ekonomikoetan eginiko iruzurrengatik da ezaguna Patxi Izko, batik bat: Osasuna auzia-gatik.
Besteak beste, lehendakari zelarik klubarenak ziren 3.090.000 euro baliatzea eta kontabilitate datuak faltsutzea egotzita epaitu zuten. Epailearen arabera, 2003an, 2004an eta 2005ean 1.380.000 euro hartu zituen; 2006an, 1.260.000; eta 2007an, 450.000. Azkenik, 2021ean kondenatu zuten: 23 urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
[Albistea osatzen ari gara. Laster, informazio gehiago]