Lehiaketak, entrenamenduak, bidaiak... Goi mailako kirolarien egunerokoa horixe da. Juan Peralta (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1990) pistako txirrindulariak zurrunbilo horretan eman ditu azken hamabi urteak, gehienez hiru asteko oporraldiak eginez. Horrenbestez, konfinamendua «ondo» etorri zaiola nabarmendu du. «Niretzako denbora izateko balio izan dit, eta psikologikoki atseden hartzeko. Beharnuen, gure kirola intentsitate handikoa baita, eta onenen artean egoteko sasoi betean egon behar duzu».
Peralta bikain ari zen, itsasoaren mailan bere markarik onena egin baitzuen otsailaren 29an, Berlinen jokatutako Munduko Txapelketetan. Abiadura proban lortu zuen, eta 9.668ko denbora egin zuen. «Oso denboraldi ona egiten ari nintzen, eta izugarria izan zen marka horrekin biribiltzea». Laugarren marka onenetik ehuneneko batera geratu zen. «Ezustea izan zen niretzat, prestakuntza ez bainuen baldintza onetan egin». Hamabost eguneko egonaldi bat baino ez zuen egin Espainiako selekzioko gainerako txirrindulariekin. «Bakoitzak gure plangintza genuen, eta nire entrenatzailea, adibidez, Alemanian zegoen». Baina, marketatik harago, onenekin buruz buru lehiatzeko erakutsi duen gaitasuna geratu zaio gogoan. Horretarako gakoa non egon den azaldu du. «Epe luzerako helburuak jarri beharrean, lehiaketa bakoitzean jarri dut arreta. Gainera, prestakuntzako gauza txikietan bilatu dut hobetzeko bidea».
Azken bi hilabete hauetan, Peraltarentzat aire zabalean kirolik ez egitea izan da gogorrena. Belodromoaren falta ez du antzeman. Berak Tafallakoan (Nafarroa) entrenatu ohi du, eta ez daki noiz zabalduko duten. «Oraingoz, horrek ez nau kezkatzen. Ez dut energia galdu nahi horretan pentsatzen. Lehiaketarik ez dagoenez, nahikoa dut errepidean egiten ari naizen entrenamenduekin». Haren aurreikuspena da irailean hasiko direla berriro ere txapelketak. «Hala izanda, uztailean belodromoan hastearekin nahikoa izango nuke».
Oraingoz, beraz, errepidean entrenatzen da. «Bi ordu inguru ateratzen naiz, ordekan». Figaroletik abiatu, eta Zarrakaztelu, Melida eta Santakara inguratzen dituen buelta egiten du. 22 kilometro inguru dira, eta hiru aldiz egiten du. Ohi baino apur bat denbora gehiago egiten du, beraz. «Errepideko entrenamenduak pistakoekin uztartzen ditudanean, ordubete inguru ateratzen naiz. Errepideko entrenamenduak hankak askatzeko, eta lan aerobikoa egiteko erabiltzen ditut». Belodromora joateko aukera duenean hasiko da bestelako gauzak lantzen: abiadura, azelerazioa eta indarra.
Haren helburu nagusia Espainiako Txapelketa izango da. Tafallan zen jokatzekoa, apirilean, baina bertan behera utzi zuten koronabirusaren pandemiagatik. «Ilusio handia dut etxean lehiatzeko».
Gainontzean, ez dio helbururik jarri nahi bere buruari. Nahiz eta heldu den urtera atzeratu diren, «ia ezinezkotzat» jotzen du Tokioko Olinpiar Jokoetan egotea. Sailkatzeko azken aukera Berlinen zuen, eta zail ikusten du aukera hori berriz zabaltzea. Egungo sailkatzeko sistemarekin ez dago ados. «Badira urte osoan irabazi ez nauten eta Munduko Txapelketan egon ez diren hainbat txirrindulari, Tokion egongo direnak. Zertxobait etsita nago horrekin. Hirugarrenez egon nahi nuen Jokoetan». Uste du Europako txirrindulariei kalte egiten diela sailkatze sistemak, eta bi arrazoi aipatu ditu: herrialde bakoitzeko bi txirrindularirik onenek puntuatzea, eta txapelketa kontinental guztiek berdin puntuatzea. «Horrekin lortu nahi dutena da ahalik eta kontinente eta herrialde gehien egotea ordezkatuta pistako probetan. Munduko zortzi onenak han egongo dira, baina, hortik atzera, txirrindulari asko faltatuko dira. Horrek amorrua ematen du».
Segitzeko aukerak
Helburu hori gabe, «patxadaz» hartu nahi ditu gauzak. «Munduko Txapelketan hain marka ona egin izan ez banu, ziurrenik erretiroa hartzeko erabakia hartuko nuen. Olinpiar Jokoetan egoteko aukerarik izan gabe, nire kirol ibilbidea amaitzeko modurik onena zen». Baina 9.668ko marka lortu eta gero, beste buelta bat eman nahi dio etorkizunari. «Jarraitzeko dudan pizgarririk handiena da marka hori».
Ez du arinegi hartu nahi erabakia. «Egin dudan lanarekin oso pozik daudela esan didate [Espainiako] federaziotik. Baina ez dut haiekin hitz egin etorkizunaz. Ikusi nahi dut eskainiko didaten proiektua, baita babesleen egoera zein den ere».
Horrekin batera, lehiatzeko duen grinari erreparatuko dio. «Niretzat hori da garrantzitsuena. Lehiaketa eta entrenamendu guztietan zure onena emateko motibazioa izan behar duzu. Bestela, oso zaila gorenean segitzea». Konfinamenduak ekarritako etenaldiak aukera eman dio gauzak gehiago pentsatzeko. «Zaila da erabakia, hau nire bizitza izan baita beti. Baina argi dut, segitzekotan, onenen artean lehiatzen jarraitzekoizango dela».
Patxada, hausnartzeko
Juan Peralta pistako txirrindularia inoizko sasoirik onena egiten ari zen konfinamendua iritsi zenean. Hori du pizgarririk handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu