Endika eta Nerea Perez. San Juan traineruko patroiak

«Patroiaren lan ona ez da nabarmentzen»

Irrikaz daude biak traineru denboraldia hasteko. Emakumezkoek larunbatean bertan dute aurreneko estropada, eta gizonezkoek bi aste bukaera barru. Bakoitzaren asmoez ez ezik, patroi lanaren ingurukoez ere aritu dira solasean.

Aitor Manterola Garate.
Pasai Donibane
2015eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Abizen bera edukiagatik, ez dira ahaideak Nerea eta Endika Perez. Tolosakoa da San Juango emakumezkoen taldeko patroia; Pasai Donibanekoa gizonezkoena. Arraun giroa bete-betekoa da San Juanen kirol egoitza berrian. Entrenamenduari ekin aurretik, tarte bat hartu dute bi patroiek hizketan aritzeko BERRIArekin.

Hastear da traineru denboraldi ofiziala. Hasteko irrikaz zaudete, ezta?

ENDIKA: Oraintxe bertan bukatu dugu trainerilletako denboraldia, eta gogotsu gaude noiz hasiko den traineruena.

NEREA: Traineruko entrenamenduetan buru-belarri jarriak gaude trainerilletako lana bukatu genuenetik, eta gogotsu gaude hasteko. Gainera, hemen bertan daukagu aurreneko estropada, larunbatean.

Arraunlariak aurreneko entrenamendutik izaten du buruan traineru denboraldia, ala oraindik urruti ikusten du?

ENDIKA: Helburu moduan beti izaten dugu trainerua, baina badakigu beste ontzi batzuetan ere ibili beharko dugula lehenago, prestakuntza arintzeko.

NEREA: Luzeegia egingo litzaiguke bakarrik udako denboraldia prestatzea, aurretik ontzi txikietan batere lehiatu gabe.

Gaitz erdi orain traineru jaitsierak ere ugaritu egin direla neguan.

ENDIKA: Hala da, bai. Talde batzuek, gainera, udara begira bakarrik egiten dute prestakuntza, ontzi txikietan ibili gabe apenas, eta halako kasuak aurten dezente ikusi ditugu. Pena izan da Gipuzkoako Trainerilla Ligan talde gutxik parte hartzea.

NEREA: Gurean ere izan dira klub batzuk bakarrik ontzi txikietako txapelketetan azaldu direnak, eta pena da, nahi izaten dugulako beti onenen aurka lehiatu.

Zer moduz joan zaizue ontzi txikietako denboraldia?

ENDIKA: Gu oso pozik gaude. Bateletan, ondo ibili ginen arraunlari gazteekin Ligan, eta trainerilletan Gipuzkoako Liga irabazi genuen. Txapelketetan ere maila ona eman dugu. Neguko prestakuntza guztia atera da ondo; sekulako lana egin dugu.

NEREA: Bateletan eta trainerilletan ondo ibili gara. Ondo bukatu dugu, Espainiako Trainerilla Txapelketa irabazita.

ENDIKA: Ederra izan da bai bukaera hori!

Endika, neguko lan on hori eginda, San Juanen asmoa da traineruetan koska bat gora egitea?

ENDIKA: Beti nahi izaten da gora egitea. Iazko talde ia bera da, eta aurreko urteko esperientziak esaten digu helburua izango dela aurten iazkoa berdindu eta hobetzea.

Hobetzea litzateke banderaren bat irabaztea edota ohorezko txandan askotan aritzea?

ENDIKA: Desioa da hori. Estropada bat irabaztea opari bat litzateke; ezin dugu helburu bezala jarri, beste lau bat talde oso indartsu daudelako, eta zaila delako horiei denei aurrea hartzea. Baina nahiko genuke ohorezko txandan gehiagotan egon; horrek behar du izan helburua. Ezin dugu negartiak izan, eta jardun besteek talde indartsua dutela... Ausartak eta lotsagabeak izan behar dugu.

Zuek, Nerea, dena irabazi zenuten iaz, Kontxako Bandera barne; hori egin ondoren, zailagoa da motibazioa punta-puntan izatea berriz?

NEREA: Zumaia iaz baino indartsuago dabil, eta kostako zaigu iazkoa berdintzea. Baina gure nahia da ahalik eta bandera gehien irabaztea eta Kontxarako sailkatzea.

Euskotren Ligako iazko irabazleak zaretenez, sailkatuak zaudete aurtengorako, eta horrek lasaitasuna emango dizue, ala?

NEREA: Bai, zalantzarik gabe.

Zuekin batera, beste hiru talde lehiatu beharko dira Euskotren Ligan. Zein izango dira?

NEREA: Orio iaz baino hobeto dabil, eta barruan izan daiteke. Zumaia ere barruan sartuko da, eta azkeneko lekua Hibaika eta Caboren artean egongo da. Baliteke iazko laukotetik baten bat kanpoan geratzea. Cabo hemen izan zen martxoko estropadan, eta hamabost segundora geratu zen guregandik; ez da alde handia hiru hilabetez ondo prestatu badira.

Endika, lau ontzi indartsu horiek zein dira?

ENDIKA: Hondarribia, Orio, Urdaibai eta Kaiku. Lau horiek goian ibiliko dira, nahiko ziurra da hori. Gero, San Pedro ondo ibiliko da, Portugalete ere hor dabil, Tiranek zer egingo duen ez dakigu... Erdi ezkutuan dabiltza traineru asko, eta zaila da pronostikoetan asmatzen.

Beheko lehian zein ibiliko diren ere ez dizut galdetuko, orduan.

ENDIKA: Zaila da asmatzen hau ere. Denetarik entzun dut, eta indarra hartzen ari dena da Meira ibiliko dela eskasen, iazko taldeko arraunlari asko falta zaizkiolako. Baina kontuz galiziarrekin negar egiten dutenean! Orduan omen dira arriskutsuak. Hasi arte ez dugu ikusiko zein ontzi ibiliko den behean.

Malagaraino (Espainia) zoazte San Miguel Ligari hasiera ematera. Beste abentura bat?

ENDIKA: Beste abentura bat, bai. Bartzelonako (Herrialde Katalanak) bi urteetako esperientzia ona izan zen, eta, oraingoan, ikusiko dugu.

Arituko zinen begira Malagako eremuaz informazio bila...

ENDIKA: Google Earth eta horrelakoak ikusi ditut. Hango itsasoa ez dugu kontrolatzen. Badakigu nolakoa den bare dagoenean, baina itsasoarekin auskalo nola jartzen den. Gogoan izan iaz Bartzelonan zer gertatu zen. Azkenean, hura izan zen olatu gehieneko estropada.

Zuek, Nerea, ez daukazue horrelako lekuetara joan beharrik arraunean egitera.

NEREA: Ez, eta pena pixka bat ematen dit. Joango nintzateke! Ezagutuko nituzke estropadetarako leku berriak, beti toki bertsuetan ibili gabe. Gureak ona duena da bidaiak laburrak izaten ditugula.

Patroiak izanik biok, sentitzen duzue ardura berezia estropadetan?

NEREA: Oro har, gure lan ona ez da nabarmentzen, baina, zerbait oker badugu, bai, patroiari botatzen zaio errua. Egoera batzuetan, burua jaten dut, nahiz eta entrenatzaileak esan akatsen ardura traineru osoarena dela.

Inder Paredes eta biok ibili zineten patroi lanetan iaz, baina aurten zu bakarrik zaude. Erantzukizuna zurea bakarrik da orain.

NEREA: Duela bi urte Zarautzen ibili nintzenean ere bakarrik aritu nintzen, baina hemengoa desberdina da. Hemen beste helburu batzuk daude, eta presio gehiago daukat.

ENDIKA: Baina egingo zara, jarriko zara; zu, lasai. Nahiz eta patroiak ardura sentitu, taldekideek badakite taldea denok garela, eta akatsak hor geratzen dira.

Endika, zu iaz ez zinen aritu, eta bueltan zara aurten.

ENDIKA: Iaz, estropadak ikusten, sekulako inbidia sentitu nuen, eta bueltatzea erabaki dut.

Zuk ere sentitzen duzu presio hori?

ENDIKA: Lasaitzen bagara, orduan egiten dugu akats gehien. Esperientziak erakusten du buruko lana beste era batera eramaten, baina ezin izaten dugu tentsioa galdu.

Zer behar du gehien patroiak taldea ondo eramateko?

NEREA: Jakin behar izaten dugu arraunlari bakoitza nolakoa den izaeraz, ez delako eragin bera lortzen denei berdin esanez gauzak. Batzuei oihu gehiago egin behar izaten zaie, eta beste batzuekin gozoagoa izan behar da.

ENDIKA: Patroiak arraunlarien konfiantza lortu behar du, eta hori da gainerako guztiaren oinarria. Egin ezazu kontu arraunlaria dela kirolari bakarra bizkarra emanda egiten duena kirola, eta bere erreferentzia patroia da. Konfiantzarik ez badu, kostata egingo du ondo arraunean. Gero, jakina, gauza teknikoak menderatu behar izaten ditugu, eta aginduak ondo eman, Nereak esan duen bezala. Pisuz ere neurrian egotea oso garrantzitsua da.

Zerbaitegatik izaten zen garai batean entrenatzailea bera patroia. Ontzian doan entrenatzailea zarete, nolabait esateko.

ENDIKA: Emakumezkoen kasuan, ez dago entrenatzailerik traineruaren barruan, baina gizonezkoetan badira batzuk, eta kasu horietan ez da patroia izaten entrenatzailea. Baina lehorrean badago entrenatzailea, orduan bada patroien ardura taldea eramatea. Badugu ardura hori, bai.

Patroia belarrian entzuteko gailu txikia eramaten ikusten ohitu egin gara azkenaldian. Batzuetan ez al zenukete harrika botako?

NEREA: Niri asko laguntzen dit, garbi esanda. Nahiago dut eramatea, lasaitasuna ematen didalako. Entrenatzaileak lehorretik esaten dit nondik joan behar dudan, adibidez, edo hau eta bestea egiteko, eta oso lagungarria zait hori. Denborak ere esaten dizkizu gailuaren bidez, eta pila bat eskertzen da, ez dugulako jakiten zehatz nola goazen aurkariekiko.

ENDIKA: Denboraren erreferentziak emateko, oso lagungarria da. Halakoetan, eskertzen da gailua belarrian edukitzea. Azkenean, arraunlariak informazio guztia jasotzen du azarotik entrenamenduetan, ergometroan ari denean: distantzia, watioak, zenbat falta zaion bukatzeko eta abar. Arraunean egiteko informazio guztia daukate ergometroetan, eta horretara ohitzen dira neguan. Baina, gero, udan, uretan eta lehian, ez daukate batere erreferentziarik, eta beharrezkoa dute denborak jakitea. Niri ez dit molestatzen belarriko gailuak. Beti ezagutu izan dut gailua; gabe ez naiz sekula ibili.

Gezurtiak ere bazarete patroiak, erreferentziak komenentzian erabiltzen dituzuelako.

ENDIKA: Ordezkariari askotan esaten diot niri egia esateko, ez ibiltzeko gezurretan denborak ematerakoan; gero, nik erabakiko dut informazio horrekin zer egin. Gertatzen da ordezkaria bera hasten dela gezurretan, eta guk ere beste gezur bat gehitzen diogu, eta, azkenean, bost segundoko atzerapena zena bikoa dela entzuten du arraunlariak.

NEREA: Arraun kolpeak eskatzerakoan ere botatzen ditugu gezurrak. Bukatzeko hogei eman behar direla eskatzen diogu taldeari, nahiz eta gehiago falta.

Patroiarentzat, zein da kudeatzeko egoerarik zailena?

NEREA: Iazko Kontxako sailkapenean oso gaizki pasatu nuen. Entrenatzaileak esan zidan segundo batean gindoazela bosgarrenarekin, eta arraunlariei zer esan ez nekiela geratu nintzen.

ENDIKA: Txanda batean taldea atzean geratzen denean, animatu egin behar dira arraunlariak, eta gogorra izaten da hori. Hala ere, zailena edo gogorrena da zure akats bategatik taldea atzerago geratzen denean. Oso gaizki pasatzen dut halakoetan; okerrena hori da, zure lana ez betetzea.

Zergatik zarete patroiak?

NEREA: Arraunean hasi nintzen Tolosan, baina, txikia nintzelako, patroi probatzeko esan zidaten. Hamar urte neuzkan.

ENDIKA: 2009an patroi hasi baino lehen, arraunlari izan nintzen. Duela sei urte, patroia behar zen hemen, eta entrenatzaileak eskatu zidan ni jartzeko. Hasieran, kosta egin zitzaidan, baina gero, ondo.

Zer alde dago arraunlari izan edo patroi izan?

ENDIKA: Estropada bukatzean, arraunlariak oso nekatuta amaitzen du, eta lanak bukatuta bezala geratzen da. Patroia ez. Guk buruari buelta asko ematen dizkiogu estropada bukatuta gero ere, eta ezberdina da.

Nerea, oso denbora gutxian gizonezkoen pare jarri zarete Ligak eta Kontxa jokatzen. Aurrerapauso eta lorpen handia da.

NEREA: Bai. Asko egin da, bai, eta jarraitu egin behar da.

ENDIKA: Erakundeek, federazioak eta klubek asko lagundu dute emakumezkoen traineru estropadak sustatzen, eta indar handia hartu du Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.