Itsasaldi handietan ontziak ondo nabigatu dezan, kapitainak hautatutako eskifaiak eta patroiakitsasoa ezinbestean eraman behar dute euren zainetan; baita kresala azalean ere. Bi betebehar horiekin itsasontziak aukera asko izango ditu bere bidea egiteko. Bada, Santurtziren Sotera trainerua olatuen gainean hegan sartu zen atzo Bermeoko portura, Gorka Aranberri lemazaina tranpaldoan tente zihoala, Iker Zabala kapitainaren aginduak zintzo betez; baita ontzi morean zihoazen hamahiru marinelak ere. Sotera arrantza bikaina egitetik zetorren, eta saria ere halakoa izan zuen; Eusko Label ligako zortzigarren bandera etxeratzea. Hori gutxi ez, eta liga ere erabakita utzi zuen.
2003tik, TKEren sorreratik, hiru taldek soilik idatzi dute urrez euren izena urte bereko Eusko Label ligan eta Kontxako Banderan: Astillerok —2003an—, Urdaibaik—2010 eta 2016an— eta Kaikuk—2012an—. Okerrik ezean, Santurtzi prestigio handiko zerrenda horretara batuko da; iragan igandean irabazitako Kontxako Banderaz gain, ligako garaikurra gehitu nahi du bere garaipen zerrendara. Gaurko lehian, estropada amaitzearekin bakarrik balentria handi hori erdietsi dezake (12:30, ETB 1), Portugaleten (Bizkaia), ligako azken jardunaldian.
Denboraldiko itsaso zakarrena izan zuten atzo; metro eta erditik gorako olatuak, eta ipar-mendebaleko haize zakarra; une batez, 45eko haize ufadak neurtzen ziren. Arratsaldeak aurrera egin ahala, baldintzak okertu egingo zirela iragarrita zegoen, eta aurreikuspenak guztiz bete ziren: itsasoa gehiago petraldu eta berdatu zen.
Ohorezko txandako lau oilarren aurretik, Zierbenak egin zuen denborarik onena, bere txandan aise nagusituta. Santurtzik, Hondarribiak, Donostiarrak eta Oriok denbora hura hobetzea zuten xede, eta asmo horrekin ekin zioten lan gogor eta nekezari. Orio lehendabiziko kaletik zihoan, eta kai-muturraren babespean, San Nikolas ontziaren branka aurrerago zegoen gainerakoenak baino, baina ez ziren aparte. Behin, babesa galdu eta gero, haize ufadak bata bestearen atzetik jaso zituzten lau ontziek, baina abiadura bertsuan zihoazen. Hain justu, lauak segundo berean heldu ziren ziabogara. Haizea alde zutela eta, Zierbenari hamar segundoko aldea kentzen zioten.
Maniobraren ostean, ordea, Santurtzik estropada hankaz gora jarri zuen; ia bi traineru aurretik jarri ziren Iker Zabalarenak. Laugarren kaletik zihoazen moreak, baina haizeak eta olatuak bosgarrenera ez eramateagatik, hirugarren kalerako norabidea hartu zuen Aranberrik. Santurtziren ondoan Hondarribia zihoan, eta Ioseba Amunarrizek bere kaleari irmo eusten zion. Bitartean, Aranberrik barne lineatik ez zuen albiste onik jaso; Zierbena di-da batean hamar segundo atzetik egotetik denbora berean jartzera igaro zen, eta lan erdietan datu are okerragoa jaso zuten: Sotera Juan Zunzunegiren taldea baino hamar segundo motelago heldu zen bigarren ziabogara. Santurtzirengandik hirura zen Hondarribia; zazpira Donostiarra; eta zortzira Orio. Beste hainbesteko jardun sufrikarioa egin behar bandera nora zihoan jakiteko.
Joaldi ikusgarria
Traineruek urrutira sehaskak ziruditen, aldian-aldian katxoiek estaltzen zituzten bitartean: gora eta behera. Poparean aritzeko ez zen olatua garbia; hanka olatua baizik, ontziaren albotik sartzen zena. Baldintza deseroso horietan, azken ziabogara heldu ziren lau oilarrak. Santurtzik biratu zuen lehena, baina Zierbena baino sei segundo makalago.
Bermeoko banderak Zierbenarako bidea hartua zuela zirudienean, Sotera-k ez zuen azken hitza esan, eta laugarren luzerako gordea zuen motorra olioztatu eta bero-bero jarri zuen. Bai bero jarri ere; palakadaz palakada, GPSak Zierbena eta Santurtziren arteko aldea txikitzen ari zela erakusten zuen, moreen mesederako. Aranberrik Zabala prestatzailearengandik jasotako datu fidagarria tostartean jo eta jo ari ziren arraunlariei bidali zien. «Bandera, bandera!». Haizeak eta olatuek hala eskatuta, bosgarren kalera jo zuen zarauztarrak, eta bikain asmatu zuen. Zierbena baino bi segundo azkarrago helmugaratu zen Santurtzi. Berezko irabazle sena ageria utzi zuten beste behin.
Arrauna
Patroia eta hamahiru marinel
Santurtzik denboraldiko zortzigarren bandera irabazi du, Bermeon, Eusko Label ligako azken-aurreko lehian. Azken luzean Zierbenari zortzi segundo aterata irauli du estropada, eta Liga erabakita utzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu