Euskal Herriko Itzulia. Auto barrutik. Josean Fernandez 'Matxin'

Pasioaren izenean

Pedalei eraginez etorkizun handirik ez zeukala ikusita, bizikleta utzi eta auto barruan sartzea erabaki zuen Josean Fernandez 'Matxin'-ek. Urtean 278 egun pasatzen ditu etxetik kanpo.

Josean Fernandez Matxin, Geox taldearen autoaren ondoan, Amurrion, laugarren etapa hasi aurretik. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESSS.
unai zubeldia
Amurrio
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Lehengusuari zor dio Joxean Fernandez Rodriguezek Matxin ezizena. «Carlos Machin izena du berak, eta profesionaletan ibilitakoa da». Matxinek ez du oso leku onean jarri Machin. «Ez zen punta-puntako txirrindularia, baina saiatzen zen ihesaldietan-eta sartzen». Carlosi begira hasi zen Joxean bera pedalei eragiten. «Baina berehala ikusi nuen bizikleta gainean ez nintzela ezer egiteko gai, eta uztea erabaki nuen». Umiltasuna deitzen zaio horri. Eduki zuen profesionaletan debutatzeko aukera, CHCS taldearekin. «Baina nik debutatzerako desegin egin zen taldea, eta hortxe amaitu zen nire ibilbidea. Historiako profesionalik azkarrena izan naizela esan daiteke, debutatu ere ez nuelako egin».

Atzerago begira jarrita, gogoan dauka nola hasi zen Basaurin lasterketetan parte hartzen. «Bilbaina taldera joan nintzen gero, amateurretan ere ibili nintzen... Baina 21 urterekin argi ikusi nuen hura ez zela nire bidea, 1992an». «Azeri samarra» zelako irabazten omen zuen probaren bat edo beste. «Baina gogoan daukat Bizkaiko Itzulian, adibidez, ihesaldian sartu bai, baina gero lehertuta geratzen nintzela 100. kilometroan. Ez neukan gaitasunik aurrean ibiltzeko; ez neukan indarrik».

Azken urteetan txirrindularia izaten zen egun batean eta zuzendaria hurrengoan. «Hor sortu zitzaidan txirrindularitzarekiko pasioa, eta bide horri heldu nion». Gas Euskadi talde apalean hasi zen lanean, 1993an. «Lau ume eta lau maillot, ez zen askoz gehiago. Baina ilusioz ekin genion proiektuari». Pinturas Banaka, Saunier Duval, Mapei, Vini Caldirola... 40 urte besterik ez dauzka Matxinek, baina esperientzia handia pilatu du Geoxera iritsi bitartean. «Esperientzia eta nekea; pentsa, ilerik ere ez daukat ia».

Talde askoren bolanteari helduta ibili da bizkaitarra. «Eta eguneroko lana antzekoa da leku guztietan». Hori bai, taldearen garrantziak aldatzen omen du, neurri batean, kirol zuzendariaren lana. «Taldeburu argiren bat edukiz gero, edo borrokarako taldea edukiz gero, den-dena aldatzen da. Ez da berdina itzuli batera taldeko izar handiekin joatea edo gazteen aldeko apustua egitea». Baina laburpen ona egin du amaieran. «Denak doaz pedalei eraginez, denek jaten dute, denek bidaiatzen dute...».

Baieztapen ederra egin du jarraian Geoxeko zuzendariak. «Lan hau pasioz egin behar da, edo bestela ezin da egin. Pasiorik gabe ezinezkoa da irautea». Datu bat eman du baieztapen hori ulertzen laguntzeko. «Azken urteotan, urtero 278 egun egin ditut etxetik kanpo. Pasiorik eduki ezean eta mundu hau gustatu ezean...». Ez baitira lasterketa egunak bakarrik. «Azpiegitura guztia antolatu behar da, autoak, ibilbideak ikusi... Baina ohituta gaude».

Onetik eta txarretik, denetik ikusi du Matxinek txirrindularitzaren munduan. Eta harritzekoa da, baina bitxikeriaren bat gogoan ote duen galdetu, eta «Oscar Freire» aipatu du berehala. «Freirek istorio asko dauzka». Lagun handiak dira biak, gertukoak. «Gogoan daukat dena ahazten zitzaiola, den-dena. Ez dakit orain berdin jarraitzen duen, baina baietz uste dut». Hori bai, momentu txarrak baino errazago gogoratu ditu onak. «Etapa garaipenak, prestatuta bezala gauzatu diren taktika bikainak, Euskal Herriko Itzuliko garaipenak, Donostiako Klasikokoak, Perdiguero Rebellinen eta Bettiniren aurretik iritsi zenekoa...». Bai, onartu du momentu txarrak ere ikusi izan dituela. «Baina momentu onek gaina hartzen diete txarrei, zalantzarik gabe».

Gerora, marketin lanean

Etapa bakoitzean gozatzen ari da bizkaitarra. «Baina gauza guztiek dauzkate zikloak, eta etorkizunean txirrindulari taldeen kudeaketan edo marketin lanean aritzea gustatuko litzaidake; edo umeak heztea». Familia ere osatu nahiko lukeelako egunen batean. «Jarraitzeko ilusiorik edo gogorik ez daukadanean eraldatuko dut neure bizimodua». Umil aitortu du, hala ere, «zorionez» familian ez daukatela diru arazorik. «Eta horrek lana maitasunez egiten laguntzen du».

Zuzendari lana barrutik ezagutzen du Matxinek. Etorkizunean seme-alabaren batek mundu horretan sartu nahi duela esanez gero, lagunduko lioke? «Bakoitzak benetan sinesten duena egin behar du. Behartuta egindako gauzek ez dute emaitza onik ematen bizitza honetan. Futbolean hasi nahi badute, babestu egingo ditut; eta txirrindularitzan hasi nahi badute, babesteaz gain, aholkuak emateko aukera edukiko dut». Pasioz betetako aholkuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.