Bidea kontrakoa izan ohi da. Diru gehiago irabazi eta joko maila hobetuko dutelakoan, Hego Amerikako futbol jokalaririk onenak Europara joan ohi dira, euren herrialdetako ligetan partida gutxi batzuk jokatu ostean. Ostera, Europatik Hego Amerikarako bidea egiten dutenak oso gutxi dira. Horietako gehienek Brasilera jotzen dute, diruak erakarrita. Beste batzuek, gutxienek, Argentinan jokatzea erabakitzen dute, herrialde horretako zaleek duten pasioak bultzatuta. Horren erakusgarri da Iker Muniain, Athleticeko jokalari eta kapitain ohia.
Hamabost denboraldi eman zituen Muniainek Athleticen, eta 560 partida jokatu zituen elastiko zuri-gorriarekin. Alabaina, Espainiako Kopa irabazi ostean, udan erabaki zuen Bilboko klubean zeukan ibilbidea amaitzea. Gero eta gutxiago jokatzen zuelako egin zuen, besteak beste. Zuri-gorriz jantzita partida gehien dituen bigarren jokalaria da Muniain, azken urteetako kapitaina eta ikurra. Zalantza barik, kalitate handia duen erdilari bat.
Bere kirol ibilbidea Europan jarraitu beharrean, edo petrodolarrek erakarrita Dubaira, Saudi Arabiara edo Qatarrera joan beharrean, Muniainek Argentinan jokatzea erabaki zuen. Argi dago dirua ez dela haren motibazio nagusia izan, askoz soldata txikiagoa baitu han. Pasioak motibatu du nafarra. Lehenagotik ere esana zuen Argentinako futbola gustatzen zitzaiola, batez ere River Plate taldea. Haren nahia talde horretan jokatzea zen, baina ateak itxi zizkioten.
Hori dela eta, beste klub bat bilatu behar izan zuen. Horrela heldu zen San Lorenzora. «Hemen, futbolarekiko pasioa beste edonon baino askoz handiagoa da. Ea nire iritsierak balio duen Europako beste jokalari batzuk hona etortzeko», esan zuen nafarrak Argentinan eman zuen lehenengo elkarrizketan.
Hedabideek Muniainek San Lorenzon jokatuko zuela iragarri zutenean, izugarrizko sorpresa izan zen zaleentzat. Hala esan du Thomas Darchek (Buenos Aires, 1996): «Sentitu nuen lehenengo gauza sorpresa izan zen. Igarotzen ari garen krisia dela eta, Argentina aukeratzea, eta, batez ere, San Lorenzo, oso deigarria iruditu zitzaidan. Gero, emozio eta ilusio handia sentitu nituen. San Lorenzoren historiarekin konektatu dut berriro».
«Zaleok aspaldi ez genuen emozioa sorrarazi du Muniainen iritsierak. Oso pozik gaude» BELEN NEQUISan Lorenzoko zalea
Duela hilabete egin zuen debuta, Velezen aurka, lider dagoen taldearen kontra. San Lorenzoren zaleek amaitu egin zituzten Pedro Bidegain estadioko sarrerak. 66. minutuan, 80 zenbakia bizkarrean, zelairatu zen nafarra. Taldeak galdu egin zuen arren, debuta ona izan zen, zaleen arabera. «Nik oso ondo ikusi nuen, kontuan hartuta taldea ez dagoela sasoi onean. Baina batez ere, gogo handiarekin ikusi nuen», aipatu du Esteban Bilbaok (Arrecifes, Buenos Aires, 1985). Hark uste du erdilariak ekarpen handia egin ahal diola Boedoko klubari, «kalitate eta esperientzia handia» dituelako.
Ondoren, San Lorenzok berdindu egin zuen Defensa y Justiciaren kontra. Hurrengo neurketan iritsi zen azkenean egun handia, San Lorenzok irabazi egin baitzion Banfiedi, Bidegain estadioan. Gainera, Muniainek bi gol sartu zituen. Zaleek Olé, olé, Vasco, Vasco abestu zioten. Belen Nequi (Buenos Aires, 2001) zalearen arabera, nafarrak itxaropena izateko arrazoiak eman dizkie zaleei: «Oso pozik gaude. Zaleok aspalditik sentitzen ez genuen emozioa piztu du Muniainek, eta hori oso ona da».
Langara eta Zubieta gogoan
Muniainen iritsierak eragindako ilusiotik harago, denboraldia kaskarra izaten ari da urdin-gorrientzat, eta asteburuan gertatutakoa da horren seinale. Godoy Cruzen zelaian bana ari ziren berdintzen. Epaileak penaltia agindu zuen San Lorenzoren alde, 94. minutuan. Leandro Romagnoli teknikariak Muniain aukeratu zuen partida horretan penaltiak botatzeko; baina, Francisco Fydriszewski jokalariak bere kabuz baloia hartu, eta jaurti egin zuen. Panenkaren erara egin zuen, baina oso gaizki, eta atezainak gelditu egin zion. Horrekin haserre, hurrengo egunean Ramagnolik dimisioa eman zuen.
Taldearen egoera irauli eta San Lorenzoren historia berreskuratzeko ardura nafarraren bizkar jarri dute zaleek. San Lorenzo Argentinako talderik handienetako bat da: hamabost liga irabazi ditu, eta 2014an Hego Amerikako txapelduna izan zen. Egun 22. postuan dago Ligan, eta Argentinako Kopatik eta Libertadoreen Kopatik kanpo dago. Bigarren seihileko honetan, mailari eustea da klubaren helbururik handiena.
«Boedok handienen artean ditu gogoan euskal jokalariak, eta Ikerrek San Lorenzo loriatsua ikusteko itxaropena eman digu» JULIETA ROSSO San Lorenzoren zalea
Euskal Herriko bi jokalarik, Angel Zubietak eta Isidro Langarak, arrastoa utzi zuten San Lorenzoren historian, eta Muniainek ere idolo hori egiteko aukera izango du. Hala uste du Julieta Rossok (Buenos Aires, 1988): «Euskaldunak idolorik handienen artean ditu gogoan Boedok, eta Ikerren iritsierak eman digu garai horiek berriro bizitzeko eta San Lorenzo loriatsua ikusteko itxaropena».