Mikel San Jose. Amorebietako jokalaria

«Pasatutako urtea ez da oso esperientzia ona izan, eta hona itzultzea zen ideia»

Mikel San Jose Euskal Herrira itzuli da, Ingalaterratik. Datorren denboraldian Amorebietan jokatuko du, Espainiako Bigarren Mailan. Ingalaterran bizitakoaz, Athleticen izan zuen agurraz eta Amorebietak aurrean duen sasoiaz aritu da nafarra.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
Zornotza
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Mikel San Jose (Atarrabia, Nafarroa, 1989) denboraldi bat egon da Ingalaterrako Birmingham taldean, eta Euskal Herrira itzuli da: «Egin beharrekoak egin nituen kontratua bukatzeko eta hona itzultzeko». Amorebietan arituko da datorren sasoian, eta futbolean izandako esperientzia baliatuko du taldeari«lasaitasuna» emateko.

Nola iritsi zitzaizun Amorebietaren deia?

Oporretan nengoela deitu zidaten. Aurretik nuen harremana Goiriarekin [jokalari ohia eta Amorebietako kirol zuzendaria], baina klubarekin hitz egin arte ez zegoen ezer mahai gainean. Nire buruan Amorebietara etortzeko nahia zegoen, baina, lehenik eta behin, beharrezkoa zen haiek zer uste zuten jakitea. Lehenengo deia izan ondoren, oso erraza izan zen dena.

Birminghamekin beste sasoi baterako kontratua zenuen. Zerk aldarazi zaitu iritziz?

Hasieran bi denboraldirako sinatu nuen aukera paregabea zelako han egotea; bai pertsonalki, baita futbolagatik ere. Gainera, han oso ondo egon ginen familia moduan. Baina pandemiarekin, gauzak txarrera joan ziren: etxean egon gara sartuta sei hilabetez, eta txikiak [seme-alabak] ikastolara joan gabe egon dira. Gero, Aitor Karanka entrenatzailea bota zuten Birminghametik, eta hura izan zen gehienbat arrazoi nagusia Ingalaterrara joateko. Orokorrean, pasatutako urtea ez da oso esperientzia ona izan, eta hona [Euskal Herrira] itzultzea zen ideia. Egin beharrekoak egin nituen kontratua bukatzeko eta hona etortzeko.

Gaztea zinenean ere Ingalaterran egon zinen, Liverpoolen.

Bai, Liverpoolen eta Birminghamen bizitza oso berdina da. Kultura berdina da, eta dena oso antzekoa da. Diferentzia handiena bizitzen ari garen pandemia da. Duela urte asko, Liverpoolen, ez zegoen horrelakorik, eta esperientzia bizitzea futbolean, zelaiak beteta ikustea... izugarria zen. Aurten, pandemiarekin, ez dugu zaleekin jokatu, eta, beraz, ez dut aukera izan Birminghameko zelaian ikusleekin jokatzeko. Pena horrekin geratu naiz.

Oso desberdina da Ingalaterrako eta hemengo futbola?

Bai. Hangoa oso zuzena eta fisikoa da; eta hemengoa, normalean, motelagoa, teknikoagoa eta taktikoagoa da. Horiek dira ezberdintasun handienak. Han futbola bizitzeko duten modua oso polita da.Uste dut hemen baino gehiago bizitzen dutela futbola, eta horrek politagoa egiten du ikusteko.

Amorebieta aurrenekoz ariko da da Bigarren Mailan. Etxekoentzat saria da, ezta?

Bai, noski. Joan den sasoian lortu zutena sekulakoa da, eta horrelako denboraldi bat bizitzea oso sari polita da. Baina saiatu behar dugu saria izan ordez denboran iraungo duen zerbait izan dadin. Horretarako, oso gogor hasi gara entrenatzen, eta sasoi osoan borrokatuko gara.

Hala ere, gaur-gaurkoz, bederatzi jokalari iritsi zarete taldera. Etxekoen eta kanpotik zatoztenen balantza orekatzea zaila izaten da.

Bai, hori zaila da. Joan den denboraldiko gehienak hemen daude, eta etorri garenak taldea sendotzera gatoz, Bigarren Mailak eskatzen duen hori guztia ematera. Jokalari askoko taldea eduki behar duzu Bigarren Mailan; lesio asko egongo dira segur aski, exijentzia oso handia izango delako. Orduan, onena da jokalari asko izatea. Gainera, taldeko giroa sekulakoa da, entrenatzeko gogoa dago, eta uste dut denboraldia ondo joango dela.

Taldeari esperientzia emateko etorri zarete Roberto Santamaria eta zu.

Bai, gorengo mailan asko bizi izan dugu futbolean. Saiatuko gara lasaitasun pixka bat ematen zelaian, bai ondo doazenean gauzak, baita gaizki doazenean ere. Taldekideek normalean lasaitasun hori ez dute edukiko, eta garrantzitsua izango da hori izatea.

Zer eman diezaiokezu taldeari?

Gogoa, konpromisoa, atzeko lerroan edo erdian jokatzeko aukera, lasaitasuna zelaian, hor egongo naizela edozertarako... hori ematen saiatuko naiz. Beti egin dudana emango dut.

Nolakoa izaten ari da denboraldi-aurrea?

Oso bizia, baloi askorekin eta karga dezenterekin. Oso ondo ari gara entrenatzen. Joan den astean, Ibaian, bost gol sartu zizkigun Alavesek, baina taldeak egindako lana oso ona izan zen: azken bost minutuetan sartu zizkiguten azken bi golak. Lehen Mailako talde baten aurka aritu ginen, eta ondo lehiatu ginen.

Pozik zaude taldekideekin?

Bai, oso. Sekulako giroa dago aldagelan.

Eta entrenatzaileak, Iñigo Velez de Mendizabalek, zer transmititu dizu?

Ideia argiak eta zuzenak transmititu dizkit: haiek azken urteetan jokatzen zuten modua, nola egiten duten presioa, denok azken minutura arte borrokatu behar dugula... Oso pozik dago Bigarren Mailan egoteagatik, eta helarazi dit guztion artean saiatu behar dugula mailari eusten.

Zer itxura hartzen diozu denboraldiari?

Oso luzea eta gogorra izango da. Lehenengo lehia Gironaren aurka jokatuko dugu, abuztuaren 14an. Badakigu sekulako talde baten aurka hastea tokatu zaigula. Historikoki azken urteotan Lehenengo Mailan egondako taldea da, Bigarren Mailan azken bi urteetan igoerako kanporaketak jokatu ditu... Aurkari indartsua egokitu zaigu hasteko, eta errespetu osoz arituko gara. Inoiz ez beldurrez, baina bai errespetu osoz.

Zein izango dira ligako talderik indartsuenak?

Normalena izango da Lehen Mailatik jaitsi direnak goian egotea. Azken finean, aurrekontuak ikusten dituzunean, horrek markatzen du. Leganes eta Girona ere aurreko postuetan egongo dira, eta, gero, beti daude ezustekoak. Bestalde, iruditzen zait Las Palmas taldeak denboraldi polita egin dezakeela, baina ikusiko dugu. Bigarren Mailan inor ezin da lokartu. Oso luzea eta bizia izango da sasoia; edonork irabazi diezaioke edonori. Norbaitek pentsatzen badu lanik gabe lehen postuetan egongo dela, jai du.

Hiru euskal talde zaudete Bigarren Mailan: Reala B, Eibar eta Amorebieta.

Beti da ona euskal taldeak goi mailan egotea. Denboraldi honetan derbi oso politak izango dira. Bigarren Mailan oso gogorra izango da bi euskal taldeen aurka jokatzea: batetik, Eibar, gorengo postuetan egongo dela espero delako, eta, bestetik, Reala B, denok dakigulako oso jokalari onak dituela: gazteak dira, baina gogo handiz egongo dira, eta merezi dute maila honetan egotea. Bestalde, Athletic B ez zen igo, kanporaketako azken partida galdu zuelako, eta pena eman zidan.

Lehenengo lagunartekoaikusleekin jokatu zenuten Urritxen, Amorebietako zelaian.

Bai, polita izan zen. Konfinamenduaren ostean, bakarrik partida bat jokatu nuen zaleekin joan den sasoian: Readingen aurka. 2.000 pertsona egon ziren zelai erraldoi batean. Oihu asko egiten zuten arren, sumatzen zen jende gutxi zegoela. Sasoiko lehen lagunartekoan harmailak beteta ikustea benetan ikusgarria izan zen.

Hirugarren jardunaldira arte ez duzue etxean jokatuko, baina, Urritxeren ordez, Lezaman ariko zarete.

Herriko talde batek, horrelako saria eskuratzen duenean, etxean jokatu behar du, herriak merezi duelako. Amorebietako jokalariak daude taldean, eta Urritxen jokatzea litzateke politena. Pena da aukerarik ez izatea hemen jokatzeko. Hala ere, Lezaman oso ondo egongo gara. Zornotzatik gertu dago, eta zaleentzat etxean bezala egotea da. Gainera, badakigu zelaia oso ondo egongo dela beti. Beraz, alde horretatik, aukera onenetarikoa edo onena da.

Zuretzat berezia izango da Lezaman jokatzea, ezta?

Bai, han urte asko izan dira. Baina Urritxen ez disfrutatzeak pena ematen du. Azken finean, badakit nora etorri naizen, nolakoa den kluba, nolakoa den herria, eta benetan merezi genuena da Urritxen jokatzea.

Zure agurra hotza izan zen Athleticetik joan zinenean. Zalerik gabe egitea egokitu zitzaizun.

Zorte txarra izan nuen. Pandemia bat etorri, eta hemen geratu da, eta ikusiko dugu noiz arte. Hortik aurrera, edo denbora horretan, gauza asko pasatu dira: agur hotzak, jende asko joatea agurrik emateko astirik gabe... Dena oso konplikatua da, eta momentu horretan pena handia eman zidan San Mames hotz batean agur esateak. Baina bizitza honetan gauza garrantzitsuagoak daude, eta hori bitxikeria bat bezala ikusten dut.

Penaz geratu zara Espainiako Kopako finala ez jokatzeagatik?

Bai, pena handia dut. Realeko eta Athleticeko zenbait jokalariri suertatu zitzaigun hori. Zelaian irabazi genuen zerbait zen, eta finalean egotea merezi genuen; jokatzea, edo, behintzat, aukera edukitzea. Gainera, Ingalaterran egonda, ezin izan nintzen han egon. Joan den sasoian Sevillan sekulako derbia izan behar zuena gatzik gabekoa izan zen aurten, pandemiaren eraginez, zalerik gabe.

Klubak ez zizun eman aukera berritzeko?

Ez. Ez zen horrelako aukerarik egon.

Futbolariek, normalean, ez dute iritzia ematen gai politiko eta sozialei buruz; zuk, aldiz, bai.

Twitter ireki nuenean, oso argi nuen nahi nuena transmitituko niola jendeari; futbolaria izateaz gain,pertsona gisa nolakoa naizen ere. Futbolean ikusten naute, eta, horrez gain, garrantzitsua iruditzen zait nik pentsatzen dudana ere transmititzea; modu pertsonalago batean ezagutzea. Hortik aurrera, jende askori gustatuko zaio, jende askori ez zaio ezer gustatuko, eta jende asko egongo da gauza gordinak esaten. Baina horrelakoa da mundua, eta oso gustura nago egiten dudanarekin, eta hori egiten jarraituko dut.

32 urte dituzu, eta bi sasoirako sinatu duzu kontratua. Noiz arte jokatzeko asmoa duzu?

Gogoa dudan bitartean. Joaten denean argi dago ez duela merezi sufritzen jarraitzea sasoi-aurreetan, futbolak dakarren guztiarekin. Oraingoz, oso ondo nago; oso pozik, eta gogotsu. Zorionez, ez dut horretan pentsatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.