Partida ona jokatu arren, Osasunak galdu egin du Bartzelonan

Viictor Roquek sartu du etxekoen gola, 63. minutuan. Gorritxoek jokalari bat gutxiagorekin amaitu dute partida. Izan ere, epaileak Unai Garcia egotzi du, bi txartel hori aterata.

(ID_13552461) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Osasunako David Garcia eta Batzelonako Lewandowski lehian. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko urtarrilaren 31
21:55
Entzun

Gaurko partidaren aurretik, Bartzelonak eta Osasunak urtarrilaren 11n jokatu zuten elkarren aurka azken aldiz, Espainiako Superkopan. Gaurkoa ez zen finalerdi bat, ligako partida arrunt bat baizik. Baina gidoia antzekoa izan da, eta berriro ere gorritxoek galdu egin dute: 1-0. Orduan bezala, Bartzelonak eduki du baloia, baina aparteko aukerarik sortu gabe. Gainera, partida hartan bezala, erritmo geldoan jokatu du.

Osasuna, berriz, ondo kokatuta egon da zelaian, eta izan du aukeraren bat gola sartzeko. Baina bigarren zatiko ordu laurdena betetzear zela, Xavi Hernandezek zuzentzen duen taldeak gol bat sartu du, aurrekoan bezala. Orduan Lewandowskik sartu zuen; oraingoan, berriz, Victor Roquek. Superkopako partidarekin bi gauza aldatu dira: Bartzelonak ez duela bigarren golik sartu, eta Osasunak jokalari bat gutxiagorekin amaitu duela norgehiagoka.

Jagoba Arrasatek goitik behera eraberritu du hasierako hamaikakoa. Zortzi aldaketa egin zituen, Sevillaren aurka igandean jokatutako partidarekin alderatuz. David Garciak, Mojicak eta Budimirrek baino ez dute errepikatu. Hasieratik Bartzelonak eduki du baloia. Baina berriro ere talde gorritxoak ondo eutsi dio, kontraerasoan ateratzeko zain. Neurketako lehen gol aukera Lewandowskik izan du, 7. minutuan, buruz errematatu duen falta batean. Gutxigatik joan da baloia kanpora. 

Bartzelona hegaletatik saiatu da min egiten, baina ez du aparteko arriskurik egin. Erritmorik ez dio eman neurketari. Fermin izan da Bartzelonako jokalaririk arriskutsuena, lerro artean ondo mugitu baita. Erdilaria Ferran Torresen partez zelairatu da, hark min hartu baitu. Minutuak igaro ahala, Osasunak aurreratu egin du pixka bat atzeko lerroa, presioa gorago egin eta baloia leku arriskutsuagoetan lapurtzeko. Lehen zatiko aukera garbienak azken txanpan iritsi dira. Aurrena Bartzelonak izan du, berriro ere korner batean. Oraingoan Koundek izan du. Haren errematea gutxigatik joan da kanpora. Segidan, beste korner batean, Osasunak izan du abagunea. Bigarren zutoinean Budimirrek kanpora bidali du baloia, nahiko bakarrik zegoela. 

Gola eta bigarren horia

Bigarren zatian ere etxekoak erdiraketen bidez saiatu dira min egiten. Hala, Yamalen erdiraketa bat ez du ondo errematatu Gundoganek. Segidan, ordea, ez  du barkatu Bartzelonak. Oraingoan erdiraketa Gundogan berarena izan da, eta errematea Victor Roquerena. Brasildarrak lehen gola sartu du Bartzelonaren elastikoarekin, lehen zutoinean Osasunaren atzelariei aurre hartuta (63. min). Ia segidan epaileak bigarren txartel horia atera dio Unai Garciari, Victor Roque heltzeagatik.

Gauzak asko zaildu zaizkio Osasunari. Yamalek gertu izan du bigarrena, eta epaileak baliorik gabe utzi du Lewandowskiren gol bat, jokoz kanpo zegoelako. Superkopan bezala, Osasuna izan da partidaren azken hogei minutuetan estutu duena. Raul Garciak gutxigatik bidali du kanpora erremate bat, pase sakon bat jaso ostean. Bestalde, Iñaki Peñak gelditu bikaina egin dio Moncayolari, urrutitik egindako jaurtiketa batean. Osasunak Bartzelonaren arean amaitu du partida. Baina emaitza ez da aldatu, eta Osasuna esku hutsik itzulko da Iruñera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.