Titulu bat irabaztearekin amets egiten du Julen Goia (Idiazabal, Gipuzkoa, 1991) Ampo Ordizia errugbi taldeko jokalari eta kapitainak. Aldagelak jarritako helburua da. Bada, Espainiako Kopan finalerdietan kanporatuak izan eta gero, ligako aukera baliatu beharko du Goierriko taldeak. Aurreko sasoian Bartzelonak final-laurdenetan kanporatu zuen, Altamiran, eta bihar Sevillako (Espainia) Ciencias taldea izango du arerio, etxean. Dioenez, iazkoa «kolpe gogorra» izan zen, eta «arantza» hori kentzeko gogotsu daude. Ligan, etxean, 19-12 nagusitu zen Ordizia.
Hiru asteko tartea izan duzue kanporaketa prestatzeko. Zer lan egin duzue?
Santboianaren aurkako partida osteko lehen egunak jendea berreskuratzeko baliatu genituen, eta, ondoren, karga handiko denboraldiaurre itxurako prestaketa bat egin genuen. Bigarren astean, aurkaria zehazki zein izango zen jakin gabe, arlo teknikoa eta taktikoa landu genituen. Azkenik, partidako astea azken detaileak fintzeko erabili dugu.
Alcobendasen egoera dela eta, asteartera arte ez duzue erabat ziur jakin Cienciasen aurka jokatuko zenuten edo ez. Ezinegona sortu dizue?
Bai. Espainiako selekzioa Munduko Kopatik kanpo geratuko zela jakin zenetik, nahaste handia egon da Espainiako errugbian. Dena den, aurkariak neurketako plana alda badezake ere, garbi geneukan gure jokoari begiratu behar geniola. Askotan esan ohi dudan moduan, niri beldur edo buruhauste gehien ematen didan taldea gurea da. Hau da, gu partidatik ateratzeak edo detaile txikiak ez zaintzeak kezkatzen nau. Partida ona egiten badugu, edozein talde menderatzeko gai gara.
Azken bi denboraldietan, ligan, ez duzue partida bakar bat ere galdu etxean. Antzekoak izan dira bi denboraldiak?
Emaitzei begiratuta, agian, bai. Taldeari dagokionez, multzo helduagoa garela uste dut, elkarrekin urte gehiago daramatzagulako. Azken denboraldietan final-laurdenetan geratu gara, eta uste dut arantza hori badugula. Iazkoarekin alderatuz gero, koska pare bat gorago gaudela uste dut. Iazko porrota kolpe handia izan zen, baina nik uste dut egoera hobeagoan iritsi garela orain.
Denboraldia ez zenuten nahi bezain ondo hasi, eta, horren ondorioz, jokoan aldaketa txiki batzuk egin dituzue. Balio izan dizue?
Irabazi egiten genuen, baina ez genituen gure indarguneak nahi eta ahal bezain ongi aprobetxatzen. Aldaketa egin ostean, joko politagoa egin dugu, dinamikoagoa, eta emaitzetan islatu da. Kanpoan jokalari azkar eta indartsuak ditugunez, baloia eurei azkarrago eta egoera hobeagoetan ematen ahalegindu gara. Aurreko lerroan gehiegizko lana egin ordez, baloia ahalik eta azkarren handik atera eta joko dinamikoa egitea da asmoa.
Ciencias Sevilla izango duzue aurkari. Etxean irabazi egin zenioten, eta etxetik kanpo galdu egin zenuten. Nolako aurkaria da?
Denboraldiko ezustekoetako bat izan da. Diru dezente sartu, eta atzerritar mordoa fitxatu dute. Talde osoa eta sendoa da. Atzean oso jokalari trebeak ditu, eskuekin eta oinekin onak direnak, eta korrika egiteko ere aproposak. Baina baikorra naiz, Cienciasek 2022an partida bakarra galdu baitu, eta Ordizian jokatutakoa izan zen [19-12]. Gure onena eman beharko dugu irabazteko. Geldikako faseak gako izango dira: uztartzeak eta alboko sakeak.
Aurreko denboraldia, pandemiagatik, gogorra izan zen, eta aurtengoa, Kawa Leauma taldekidearen heriotza dela eta, ez da samurragoa izan. Aurrera egitea lortu du taldeak?
Aldagela barruan oso gogorra izan da. Beldur galanta banuen, niregandik hasita, egoerak zelaian zein zelaitik kanpo guregan izan zezakeen eraginagatik. Denon artean aurrera egitea lortu dugu. Oraindik ere asko gogoratzen gara Kawarekin; ez da batere erraza. Hor dugu haren pankarta Altamiran, eta une oro gurekin dugu Kawa. Ea laguntzen digun kanporaketa hauetan. Uste dut taldeak ondo eman diola buelta egoera gogor honi.
Bulegoetako arazoak direla medio, bigarren aldiz jarraian ezin izango duzu Espainiako selekzioarekin Munduko Kopan jokatu. Nola bizi izan duzu afera hori?
Jokatu ezin zuten jokalari batzuek jokatu zutelako geratu ginen aurreko Munduko Kopatik kanpo, eta ez genuen uste harri berarekin estropezu egingo genuenik. Ikaragarri gogorra izan da gertatu dena. Abokatuak lanean ari dira, baina oso zail ikusten dut egoerari buelta ematea. Argi dagoena da jokalariok ez dugula gertatukoaren errurik, eta guk espero duguna da gaizki egin duten horiekegindakoa ordain dezatela. Oraingoz, Espainiako selekzioarekin jokatzen jarraituko dut, eta aurrerago ikusiko dut zer erabaki hartzen dudan.
Julen Goia. Ampo Ordiziako jokalaria
«Partida ona egiten badugu, edozein talde menderatzeko gai gara»
Beste behin, Espainiako Ohorezko Mailako talde onenen artean dago Ordizia. Bihar jokatuko du Ciencias Sevillaren aurkako final-laurdena, Altamiran (12:00). Goiak uste du «geldikako faseak» gako izango direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu