Athleticeko jokalaria

Beñat Prados: «Partida irabazteko asmoz ariko gara hasieratik, hori baita gure estiloa»

Athleticen zelai erdiko jokalaririk garrantzitsuenetakoa bihurtu da Beñat Prados abendutik hona. «Amets bat» ari da betetzen, eta «lasai» dago biharko Espainiako Kopako finalaren atarian.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ainara arratibel gascon
Lezama
2024ko apirilaren 5a
05:15
Entzun

Lehenengo sasoia du Athleticen lehen taldean Beñat Pradosek (Iruñea, 2001) . Pazientzia izan du, eta iritsi zaio bere momentua. Kopan partida handiak jokatu dituztela nabarmendu du, eta biharko finalean lan hori biribildu nahi dutela. Zaleei eskertuta mintzatu zaie: «Izugarria da egiten dutena, eta daukaten ilusioa. Milaka joango dira Sevillara sarrerarik gabe».

Mirandesen utzita egon eta gero, denboraldiaurretik asko aldatu da zure egoera. Taldean jarraituko zenuen argi ez izatetik, final bat jokatzera pasatu zara. Gainera, ezusterik ezean, hasierako hamaikakoan. Nork esango zuen, ezta?

Egia esan amets bat betetzen ari naiz. Denboraldiaurrean ez nekien zer gertatuko zen nirekin. Ez nuen baztertzen berriz utzita joatea. Baina uste dut denboraldiaurre ona egin genuela. Buruan neukan bakarra zen entrenatzaileari erakustea taldeari nire ekarpena egiteko moduan nengoela. Azkenean geratu egin nintzen, eta, nahiz eta abendura arte ez nuen asko jokatu, ez nuen etsi. Gogor jarraitu nuen lanean, aukera iristerakoan prest egoteko. Granadan izan zen, eta uste dut ondo aprobetxatu nuela. Orain asko jokatzen ari naiz, eta oso eskertuta nago. Pazientzia izan dut, Mirandeseko esperientzia oso ona izan zen, eta uste dut garai egokian eman dudala pausoa.

Bihar jokatuko duzue finala. Nola dago taldea?

Gogoz, pozik, ilusioz eta lasai ikusten dut, eta, batez ere, arreta osoa eguneroko lanean jarrita. Izan ere, horrek eraman gaitu Kopako finala jokatzera eta ligan goiko postuetan egotera.

Taldea lasai dagoela aipatu duzu. Baina zu bezperetan urduri jartzen diren horietakoa zara?

Lasaia naiz, eta normalean partiden aurretik ez naiz urduri jartzen. Kasu honetan ere, final bat izan arren, ez dut uste bestela izango denik. Ez da komeni une oro final bat dela pentsatzen egotea. Bestela apur bat erotu egin zaitezke. Normaltasunez eta naturaltasunez eramatea komeni da, beste partida bat izango balitz bezala. Nire kasuan, senideekin eta lagunekin egotea gustatzen zait, eta etxean, lasai. Bestalde, egunean bertan garrantzi handia ematen diot hidratazioari eta atsedenari. Siesta egitea gustatzen zait, eta hartzen ditudan gatzak eta likidoak arretaz zaintzen ditut. 

Etxekoak, lagunak... Sarrera asko eskatu dizkizute?

Ez dizkigute asko eman, egia esan. Baina egunero alboan ditudanak hantxe izango dira. Babes handia dira, eta niretzat oso garrantzitsua da halako zerbait bizitzeko aukera eskaintzea. 

Nolako partida irudikatzen duzu?

Ez dakit nolako partida izango den, baina bai nolakoa izatea nahi dugun. Goian presio estua egin nahi dugu, eta ahalik eta gehien jokatu haien zelaian. Partida irabazteko asmoz ariko gara hasieratik, betiere buruarekin, hori baita gure estiloa. Ez dugu itxarongo. Hori lortuz gero, ziur nago gauzak ondo aterako direla. Ez diegu haiei begiratu behar. 

Aditu gehienek diote faboritoak zaretela. Nola daramazue hori?

Ez dut uste final batean faboritorik dagoenik. Partida bakarrera edozer gerta daiteke, bi taldeek dute irabazteko ilusio berdina. Beti izaten dira oso partida lehiatuak. Kasu honetan, gainera, ikusi dugu Mallorca nolako taldea den. Final-laurdenetan Girona kanporatu zuen norgehiagoka bakarrera, denboraldiko ezustea izaten ari den taldea. Finalerdietan, berriz,  gai izan zen bi partidara Reala kanporatzeko. Norgehiagoka oso onak jokatu ditu Kopan. Aurkari gaiztoa da, ondo jokatzen duena, fisikoki indartsua eta kosta egiten dena hari gola sartzea. Beraz, aipatu bezala, alde horretatik patxada ere izan behar dugu. Gola ez bada iristen, ezin dugu burua galdu, haiek ziurrenik partida luze bat nahiko dute eta.

«Mallorca aurkari gaiztoa da, fisikoki indartsua, eta kosta egiten da hari gola sartzea. Gainera, partida handiak jokatu ditu Kopan»

Tekniko-taktikoki nabari da Javier Aguirreren eskua, ezta?

Bai, bi arlo horietan oso ondo landutako taldea da, eta hori bezain garrantzitsua da jokalariek asko sinesten dutela haren proposamenean. Gauzak oso argi dituen taldea da.

Haiek ondo aritu dira Kopan, baina zuek ere partida handiak jokatu dituzue. Txapelketako talderik onena izan zaretela uste duzu? Eta berrogei urteren ondoren tokatzen dela Kopa irabaztea? 

Argi dago txapelketa guztian lan oso ona egin dugula. Ez dugu partidarik galdu, eta gol gutxi jaso ditugu. Bartzelonaren eta Atletico Madrilen aurka partida handiak jokatu genituen, adibidez. Lehen kanporaketetan egin genuen lanari ere balio handia eman nahi diot, askotan zailenak izaten baitira. Oso harro gaude egin dugun bideaz, eta orain biribildu egin nahi dugu. Izan ere, askotan entzun dut berrogei urteren ondoren egokitzen zaigula irabaztea. Baina horregatik bakarrik ez dugu irabaziko. Gure partidarik onenetako bat egin beharko dugu Kopa jasotzeko.   

Penaltiak egonez gero, ausartuko zara baten bat botatzera? 

Ez naiz penaltiak botatzen dituzten horietakoa, baina ausartuko nintzateke, noski. Beti esan ohi dut ardurak hartzeko gaudela. 

Taldean badira halako finalak jokatzen eskarmentua duten jokalariak: Muniain, De Marcos, Raul Garcia... Baina baita Unai Gomez, Aitor Paredes edo zu bezalako gazteak ere. Zer esaten diozue elkarri?

Gazteok ilusio handia daukagu. Aurreneko denboraldia dugu lehen taldean, eta final bat jokatzeko aukera dugu. Ligan ere, gainera, taldea ezin hobeto dago. Izugarri da. Esaten digutena da gozatzeko, halako egoerak ez direla beti gertatzen. Halaber, finalean bete-betean aritu behar dugula esaten digute, baina buruarekin ere jokatu behar dela. Presaka aritzea ez du merezi. Bestalde, guk esaten diegu daramaten ibilbideagatik merezi dutela Kopa irabaztea, eta dena emango dugula horretarako. Oso oreka polita sortu da aldagelan, eta hori ere bada hain ondo aritzeko gakoetako bat. 

«Kopa irabazi edo Txapeldunen Ligarako sailkatu? Biak, borroka betean gaude-eta bi helburuak lortzeko»

Ikusi dituzu azken aldiz gabarra atera zeneko irudiak? Zer izango da Bilbo Kopa irabazten baduzue?

Egia esan nahiago dut horretaz ez hitz egin, ez baitzait harago pentsatzea gustatzen. Ziurra dena da finala jokatuko dugula, eta hor jarri nahi dut indar guztia. Hori da gure esku dagoena.

Kopa irabaztearen edo Txapeldunen Ligarako sailkatzearen artean aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Biak, borroka betean gaude-eta bi helburuak lortzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.