Sanni Franssi. Realeko jokalaria

«Partida hauek dira guztiok jokatu nahi ditugunak»

Denboraldi biribila egin ostean, Realak Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa jokatuko du Bayern Munich indartsuaren aurka. Franssik argi dauka aukera handia dutela zer egin dezaketen erakusteko.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
pettan uralde
Zubieta
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Sanni Franssik (Riihimaaki, Finlandia, 1995) hirugarren denboraldia jokatuko du Realean. «Etxean bezala» sentitzen da Donostian, eta jada, taldeko beteranoetako bat da. Lau urte zituela erabaki zuen futbolaria izango zela, eta udan, Eurokopa jokatu du selekzioarekin. Orain, Txapeldunen Ligako atariko kanporaketari begira dago, asteartean jokatuko dutena Bayern Munichen aurka, Anoetan (19:00). Franssik, bere tokia aurkitu du Donostian, eta Txapeldunen Ligarako borroka zaila izango dela badakien arren, hazten jarraitu nahi du, eta horretarako lan egiten duela ziurtatu du.

Gaur hasiko zarete Espainiako ligan, eta hiru egun barru, zer eta Txapeldunen Ligako partida. Nola dago taldea?

Denboraldiaurrea ez da batere normala izan, udan jende asko izan dugulako txapelketetan. Beraz, ez dugu hainbeste denbora izan elkarrekin entrenatzeko, baina aurreko denboraldiko oinarri ona izan dugu, eta hori hobetzen saiatu gara. Itxura ona du. Jokalari berriak oso ondo eta azkar moldatu dira, eta berriz ere talde indartsua gara, eta talde izaera ona dugu. Gogoz gaude kanporaketako lehen partidarako.

Motibazioa erabatekoa izango da, ezta?

Hauek dira denok jokatu nahi ditugun partidak. Jendea pozik ikusten dut, irrikaz, eta hori zelaian nabaritzen da. Aurreko sasoia amaitu genuenetik daukagu buruan kanporaketa hau. Gainera, Txapeldunen Ligako formatu honek interesgarriago egin du txapelketa, eta denok jokatu nahi dugu.

Normala al da urduri egotea horrelako partida baten aurrean?

Niretzat behintzat, ez. Partida hauek dira jokalari guztiak jokatu nahi ditugunak. Urduri baino gehiago, esango nuke gogotsu egoten garela. Nik taldean konfiantza osoa dut, eta baita neure buruarengan ere. Gozatu egiten dut partida handietan; horretarako gaude hemen.

Nola ikusten duzu zeure burua?

Joan den denboraldian egin nuena hobetu nahi dut. Talde moduan oso sasoi ona egin genuen, eta ni ere pozik nago nire lanarekin, baina badakit oraindik pauso batzuk eman ditzakedala taldearentzat gehiago izateko. Oso argi izan dut hasieratik denboraldi honek niretzat mugarri izan behar duela.

Natalia Arroyok esan zuen oso garrantzitsua zela egunez egun lan egitea horrelako partida bat prestatzeko. Arlo horri dagokionez, aurrerapauso bat eman duzue ala aurreko sasoiko maila berean jarraitzen duzue?

Jakina, niri ere horrela iruditzen zait, eguneroko lana funtsezkoa da, eta denboraldiaurre honetan nabaritu da. Txapeldunen Liga jokatzeak exijentzia handitzen du, eta guk neurria eman behar dugu. Prestakuntzari dagokionez, aurreko denboraldiko bideari jarraitzen diogu, baina erritmo biziagoan. Nataliak esan zuen bezala, hori da gauzak lortzeko oinarria. Uste dut oso lan ona egiten ari garela, eta pauso horiek ematen jarraitu dugu.

Bayern Munich izango duzue aurkari. Nolako taldea da?

Oso indartsua, historiako talde handienetako bat. Ziur nago eurak direla faboritoak kanporaketa honetan, baina uste dut aukera zirraragarria dugula. Ohituta gaude geure ligako aurkari handien aurka jokatzen, eta aukera handia dugu zer egin dezakegun erakusteko. Benetan sinesten dut haien aurka irabazteko ditugun aukeretan.

Taldeko jokalari bakanetakoa zara aurretik Txapeldunen Ligan aritutakoa. Azkenengo aldiz baino prestatuago zaudela uste duzu?

Beste bi urteko esperientzia dut azkenekoz Txapeldunen Ligan izan nintzenetik. Uste dut bi urte horietan hobetu egin dudala hainbat arlotan, eta ilusioa egiten dit zer egin dezakedan erakusteak. Esperientzia beti da faktore garrantzitsu bat, eta urteak igaro ahala, prestatuago ikusten dut neure burua.

Zer sentitzen du futbolariak Txapeldunen Ligako ereserkia entzuten duenean?

Harrigarria da. Futbolean jokatu ditzakezun partidarik zirraragarrienetakoak dira, eta eskertzen dut denboraldi honetan aukera hau izatea. Denok amesten dugu honekin, baloiari ostikadak ematen hasi ginenetik, eta orain gure aurrean dugu, parez pare. Gainera, talde honekin eta klub honekin jokatzea oso berezia da niretzat.

Anoetan jokatuko duzue berriro. Pozik zaude horrekin?

Oso sentsazio berezia da Anoeta bezalako zelai batean jokatzea. Azkenengoz jokatu genuenean, zaleak harrigarri egon ziren, eta espero dut oraingoan ere gauza bera izatea. Haiek ere oso garrantzitsuak izango dira partida irabazteko, eta guri indarra emateko.

Zein izango dira partida irabazteko gakoak?

Elkarrekin jarraitu behar dugu, talde bateratua izan behar dugu, ez hautsi jokoan. Gure indargune handienetako bat izan da hori azken denboraldietan, eta badakigu bide horretatik jarraitu behar dugula. Sakrifikatuak izan, eta taldekideei laguntzea izango da gauzarik garrantzitsuenetako bat. Horrela lortu dugu honaino iristea, eta, noski, ausartak izan behar dugu daukagun guztia erakusteko. Oso garai onean gaude oraintxe bertan, eta hori erakustera atera behar dugu zelaira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.