Ardoi taldeko jokalaria

Anne Senosiain: «Partida gogorra izango da, baina oso itxaropentsu nago»

Etxean jokatuko du gaur Ardoik, Ensinoren aurka, eta irmo mintzatu da Anne Senosiain: «Mailari eutsi nahi badiogu, ezinbestean irabazi behar dugu».

Anne Senosiain, Ardoi saskibaloi taldeko jokalaria. IÑIGO URIZ / FOKU
Anne Senosiain, Ardoi saskibaloi taldeko jokalaria. IÑIGO URIZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urtarrilaren 31
05:10
Entzun

Aurreneko denboraldia du Ardoi Nafarroako taldeak Espainiako Ohorezko Mailan. Ilusioz ekin zion sasoiari, nahiz eta jakin gogorra izango zela. Eta hala ari da izaten: sailkapenaren zuloan dago, jokatutako hemezortzi partidetatik lau soilik irabazita. Taldeak ez du, ordea, esperantza galdu. Mailari eustea du helburu, eta asmo horretan, neurketa garrantzitsua jokatuko du gaur, etxean (18:30): beheko postuetan den talde bat izango du parean, Ensino. «Beste final bat» izango da, Anne Senosiain joko antolatzailearen arabera (Aritzala, Nafarroa, 1997).

Aurkari zuzen baten kontra jokatuko duzue berriro: Ensino. Irabazi beharra duzue?

Guretzat funtsezko lehia da. Joan den asteburukoa ere bazen, Cadi la Seuren aurkakoa, eta galdu egin genuen. Beraz, egoera hau da: mailari eutsi nahi badiogu, ezinbestean irabazi behar dugu. Gerora ere aukera gehiago izango ditugu, baina kontua zaildu egingo litzaiguke, gure aurkari zuzenak ere irabazten ari baitira.

Presioa nabari duzue?

Presioa baino gehiago, obligazioa da. Bestela, oso nekeza izango da: gure zerrendan ez dagoen partidaren bat ere irabazi beharko genuke. Murtziaren aurka lortu genuen, baina, errealistak izanda, normalena ez da halako neurketak irabaztea.

Eta halako partida bati, nola egin aurre?

Garrantzitsua izango da elkarrekin jokatzea. Cadi la Seuren aurka ez genuen partida ona egin, eta minduta gaude. Gaurkoari gogotsu egin behar diogu aurre. Partida gogorra eta exijentea izango da, baina etxean jokatuta, oso itxaropentsu nago.

Zeuk esan moduan, goiko postuetan dagoen Hozono Jairis Murtziako taldearen aurka irabazi ondoren, galdu egin zenuten aurrekoan Cadi la Seuren kontra. Bereziki mingarria izan zen partida hori galtzea?

Bai. Murtziaren aurka partida serio bat eginda irabazi genuen, eta ilusioa piztu zigun horrek. Talde moduan ondo sentitzen ginen. Gero, ordea, ez genuen lan ona egin: ez defentsan, ezta erasoan ere. Ez atzera ez aurrera ibili ginen.

Astean zehar lortu duzue berriz hobeto sentitzea?

Galdu izanak eragin egin digu, baina ahal bezain laster osatu behar dugu. Elkar animatu behar dugu. Beste final bat dugu gaur.

Azken postuan zaudete. Animikoki zaila da egoera kudeatzea?

Bada, bai. Irabazitakoan, gauzak beste modu batera ikusten dira, eta uste dut horixe behar dugula: garaipen bat. Konturatzeko edonori aurre egiteko gai garela, eta kontzentratuta eta ondo bagaude partidak irabazi ahal ditugula.

«Irabazitakoan, gauzak beste modu batera ikusten dira, eta uste dut horixe behar dugula: garaipen bat»

Zertan ari zarete huts egiten? Edo zer duzue hobetzeko?

Defentsan asko hobetu dugu, baina hobetzeko ere asko daukagu, eta partidak lehiatzeko beharrezkoa da. Eta gero, erasoan, baloia partekatu behar dugu. Hori egin dugunean aritu gara ondoen, taldean jokatu dugunean.

Badakizu zer den azken unera arte sufritzea. Iragan sasoian, Celtarekin, azken neurketan lortu zenuten mailari eustea. Liga exijentea da?

Talde oso onak daude, eta lehiakortasun handia dago. Maila jaitsiera garesti dago aurten. Aukera badugu azken partidara salbazioa jokoan iristeko, uste dut seinale ona izango dela. Hobeto da azken jardunaldira mailari eusteko aukerarekin iristea, maila galduta baino. 

Ardoiren estreinaldia da Espainiako Ohorezko Mailan. Zailak izaten dira lehen aldiak?

Bai. Gainera, talde berria da. Kostatu zaigu taldea egitea. Gerora batu dira jokalari batzuk: adibidez, Lotta-Maj Lahtinen. Jewel ere beranduago hasi zen. Orain ondo ari da, baina kostatu zaio sasoi honetara iristea. Jokalarien momentu onak aprobetxatu behar ditugu. Partidak irakurtzen jakin behar dugu, ikusi zein dagoen bolada onean. Apur bat kostatzen zaigu hori batzuetan.

Denboraldi honetan lau partida irabazi dituzue; horietako hiru, etxean. Gotorleku izan behar du Arrosadiak?

Oso garrantzitsua da. Kanpoan irabaztea oso zaila da. Hirietan saskibaloi zaletasun handia dago, eta presio handia egiten dizute bisitari zoazenean. Iruñean ere jendea dena ematen ari da. Giro oso ona egoten da Arrosadian, eta etxean jokatzen dugunetan hori aprobetxatu behar dugu.

«Partidak irakurtzen jakin behar dugu, ikusi zein dagoen bolada onean»

Nola zaude zu?

Ondo, garai onean nago. Egia da denboraldian zehar une gogorragoak pasatu ditudala; ez nuen disfrutatzen. Baina orain askoz hobeto nago, eta oso gustura nire taldekideekin. Haien babesa sentitzen dut.

Taldera egokitzea kostatu zitzaizun? Konfiantza hartzea?

Urte asko neramatzan etxean jokatu gabe, ezagutzen nuen jendearen aurrean jokatu gabe, eta presio estra bat jarri nion neure buruari. Taldean nire tokia topatu dudan arte ez dut guztiz disfrutatu.

Hain zuzen, zortzi denboraldi kanpoan egin ondoren, Euskal Herriko talde batera itzuli zara: Ardoira. Eskaintza iritsitakoan, argi izan zenuen?

Etxera bueltatzeko gogoa nuen, familiarengandik gertu egon nahi nuen. Ilusioa pizteko moduko proiektu bat iruditu zitzaidan, banekien arren gogorra ere izango zela. Oso gustura nago.

Gernika, IDK eta Araski ere gaur arituko dira

Gaur jokatuko dituzte Espainiako Ohorezko Mailako 19. jardunaldiko partida guztiak. Euskal taldeen artean, Ardoik ez ezik, etxean jokatuko du Gernikak ere. Partida zaila izango du, Perfumerias Avenida hirugarren sailkatua izango baitu aurkari (20:00). IDK-k, berriz, Ferroli egingo dio bisita (20:15), eta Araskik, Valentzia liderrari (19:15). IDK izan zen pasa den asteburuan irabazi zuen bakarra, Kanaria Handiaren aurka: 67-52. Puntuen beharrean dago, ordea, Gasteizko taldea ere. Azken hiru neurketak galdu ditu, eta sailkapenaren beheko postuetan segitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.