Aspaldiko lagunak agurtzeko irrikan dago Markel Bergara (Elgoibar, Gipuzkoa, 1986). Haiekin banan-banan biltzeko aprobetxatu nahi du bere oraingo taldearen eta Realaren arteko neurketa: «Partidaren aurretik eta ondoren taldekide ohiekin eta klubeko langileekin egoteko gogo handia dut». Ezingo da zelaian egon, ordea. Urrian lesio bat izan zuen ezker zangoan, eta, osatze bidean den arren, «presarik gabe» itzuli nahi du zelaira.
Zer moduz dago zure ezker zangoa? Hobera egiten ari zara?
Azken lesio hau zuntz haustura bat izan da, soleo giharrean, eta bi aste daramatzat geldirik. Gauza puntuala izan da. Batez ere, urtea nola joan den izan da bestelakoa. Zenbait ebakuntza izan ditut, eta azken lesio hau urtea amaitzeko erarik txarrena izan da. Gainera, ezingo dut Realaren aurka jokatu. Pena da.
Noizko itzultzea espero duzu? Jarri al duzu eperik?
Ez. Hasiera batean, ez. Egia esan, duela hilabete batzuk, beste haustura bat izan nuen sorbalda batean, eta erdizka nabil horrekin ere. Pentsatu dugu onena datorren urteari begira jartzea dela, eta espero dut urtarrilean jada baldintza onetan egon ahal izatea.
Beraz, osatze aldia pazientziarekin hartuko duzu?
Bai, bai. Orain arte, zoritxarrez, normala baino gehiago behartu dut gorputza, eta lesioa berritu egin zait. Egia da klubak gelditzeko eta gauzak lasai hartzeko esan didala. Batzuetan, pauso bat atzera ematea hobea da korrika aritzea baino.
Zure bigarren denboraldia da Getafen. Lesioekin zorte txarra izan duzu.
Bai. Ni neu gustura nago, bai Madrilen eta bai klubean. Hasieratik oso babestua sentitu naiz, baina azkenaldian lesio asko izan ditut, iazko Gabonetatik hasita. Gainera, guztiak jarraian izan dira, eta, egia esan, garai txarrak ere izan ditut. Espero dut urtea amaitu eta bigarren bueltarako baldintza onetan egoteko moduan izango naizela, eta berriz ere nire jokoa erakutsiko dudala. Esperantza hori dut.
Babestua sentitu zarela diozu. Berriki, zure entrenatzaile Jose Bordalasek esan du jokalari garrantzitsua zarela taldean. Horrek laguntzen du?
Ni hona etorri naizenetik, Bordalas entrenatzaileak konfiantza handia eskaini dit, hasieratik. Erakutsi dit bai futbol zelaian, bai egunerokoan nirekin asko kontatzen zuela, eta, alde horretatik, konfiantza hori itzultzeko gogo handia dut. Egia da denbora asko daramadala geldirik, eta itzultzen naizenean zailtasun handiak izango ditudala jokatzeko aukera izateko. Halere, nik konfiantza handia dut neure buruarengan, eta badakit denborak aurrera egin ahala, eta gorputzak uzten badit, nire aukerak izango ditudala.
Getafen zaudenetik laugarren aldia da Realaren aurka ariko zaretena, baina bakarrean jokatu ahal izan duzu. Pena ematen dizu?
Bai. Ilusio berezia egiten dit Realaren aurka jokatzeak; azken finean, momentu bereziak izaten baitira. Pena handia dut horregatik, baina espero dut ligako bigarren itzulian ondo egotea, eta, batez ere, Anoetan jokatu ahal izatea. Gainera, Anoeta berria ikusi eta han jokatzeko ilusio handia dut. Ea ordurako ondo nagoen eta jokatzeko aukera dudan.
Oraindik ez al zara Anoeta eraberrituan egon?
Ez, ez naiz egon. Gogo handia dut. Ni han izan naizenetan, ez zait partidarik egokitu, baina, tira, Realeko bazkidea naiz, eta aurrerantzean denbora asko izango dut joan eta ikusteko. Halere, nahiago dut jokatu begira egon baino.
Zure taldean jokalari gehiago ere badaude min hartuta; jokalari garrantzitsuak, gainera.
Azken partidetan jokatu duten bi jokalari garrantzitsu ez dira egongo. Batek, [Jaime] Matak, bosgarren txartel horia ikusi zuen, eta lotailu gurutzatua hautsi du Amathek [Ndiaye]. Lan oso ona egiten ari zen bata, eta golak sartzen bestea. Iruditzen zait aurten talde handia dugula, fitxaketa onak egin ditugula eta ez dagoela aitzakiarik, eta partida irabazteko aukerak izan ditzakegula.
Nolako partida espero duzu?
Oso parekatua. Bi entrenatzailek ondo ezagutzen dute elkar, eta batak ederki daki besteak nola jokatuko duen. Berdindua izango da, bizia, lehia handikoa, eta espero dut guk irabaztea. Kasu honetan, Getafek, alegia.
Realari buruzko informaziorik eman al diezu taldekideei?
Ezin hobeto ezagutzen dut Reala. Ahal dudan guztietan ikusten ditut haien partidak, eta egunerokoari ere gertutik erreparatzen diot. Badakit nolako jokalariak dituen, eta zein joko duen taldeak. Badakit zailtasun handiak izango ditugula irabazteko. Halere, uste dut guk ere talde ona daukagula, gauzak argi ditugula, eta iruditzen zait Realak ere zailtasun handiak izango dituela gu mendean hartzeko.
Nola ikusten dituzu taldekide ohiak sasoi honetan?
Azken partidak galdu arren, aurrerapausoak ematen ari dira. Joko ona dute, eta konbentzitua nago entrenatzailearen eskariak barneratzen dituztenean gora egingo dutela sailkapenean.
Zeintzuk dira Getaferen indarguneak?
Beti esan ohi da, baina gure entrenatzailearen taldeak oso langileak izaten dira. Bai aurrelariek eta bai atzelariek korrika asko egiten dute; kilometro asko egitea exijitzen digu prestatzaileak. Taktikoki oso ondo prestatuta gaude; gure indargunerik handiena taldea da, eta guri gola sartzea oso zaila da. Hori da gure bertute nagusia.
Sasoi onean zaudete: sailkapeneko zortzigarren postuan, gora begira, eta Espainiako Kopako final-zortzirenetan.
Joan den sasoian zortzigarren geratu ginen ligan, 53 punturekin. Batez ere, erregulartasun handiz ari gara. Badakigu zer-nolako taldea garen: umila, eta aurrekontu txikia duena. Fitxaketen eta entrenatzaileen lana oso ona da, eta, umiltasun puntu horretatik ekinda, eta kuadrilla langilea izanda, gauzak ondo irteten zaizkigu.
Europarako sailkatzea al da zuen helburua?
Ez. Hasiera batean, gure helburua mailari eustea da. Hori da gure helburu argia; badakigu zer zailtasun dituen Lehen Mailak, eta are gehiago gurea bezalako talde batentzat. Mantentzea zaila izaten da, eta lehenbailehen nahi ditugu beharrezko 40 puntu horiek. Sasoi honetan, liga nola dagoen ikusita, onena arreta jartzea da.
Joan den asteazkenean, ofizialtasunaren bidea irekitzeko bozketa egin zuen Euskadiko Futbol Federazioak. Jakinaren gainean al zeunden?
Bai, bai. Horren inguruan irakurri nuen, eta Euskal Telebistan ere ikusi nuen albistea.
Zer iritzi duzu? Bide zaila izango dela iruditzen al zaizu?
Bai, badakigu zein zailtasun izango dituen hori lortzeak. Badakit horren guztiaren atzean lan handia dagoela. Baina, tira, pausoak ematen ari dira, eta nik pixkanaka-pixkanaka bultza egingo diet lan horretan.
Markel Bergara. Getafeko jokalaria
«Partida berdindua izango da, bizia, lehia handikoa»
Reala ondo ezagutzen du Markel Bergarak, eta «maila handia» duela uste duen arren, ziur dago Getafek «zailtasun handiak» jarriko dizkiola gaur jokatuko duten partidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu