Eman ditu mila eta bat elkarrizketa azken asteetan (ere) Javier Clementek (Barakaldo, Bizkaia, 1950), Athleticen Espainiako Kopako bi finalen harira. Guztiak bizi ditu berdin, eta entzuten ari denari haren iritziak biziarazten badaki. Uste horiekin bat egin edo ez, ezin zaio ukatu hau: pentsatzen duena esaten du.
Marcelinok Athletic hartu zuenetik hauxe du taldeak garairik eskasena?
Ez dut uste. Marcelinok bi egoera bizi izan ditu: iritsi eta berehala, Espainiako Superkopa aurrera atera zuen taldeak, eta gero, erdi bidean ibili da; etxean atera du partidaren bat, baina azkenaldiko emaitzak txarrak dira.
Galdutako finalak ere ez dio ba asko lagunduko taldeari.
Gehien horrek eragin die, pentsatzen zutelako partida hura zela, eta ez ligakoak. Lehen finala zen garrantzitsuena, aurrenekoa zelako, eta, gainera, teorian bigarrena baino errazagoa zelako. Baina ez genuen ezer egin. Ez dakit zertan jokatu genuen, ez zidaten ezer erakutsi. Merezita irabazi zigun Realak, ohiko joko ona egin ez bazuen ere. Finala galdu eta gero, beldurtuta daude. Bartzelona hobea da, baina partida batera irabaz dakioke, eta, Athleticek irabazten badu, balentriatzat hartuko du jendeak.
Bartzelona hau onenean ez egon arren.
Baina hirugarren doa ligan, eta horrek neurtzen du taldeen maila. Athletic erdian doa, aldiz. Realaren aurkako finalean ere garbi esan nuen faboritoa Reala zela, gu baino hobeto dagoelako ligan, eta oso ondo ari delako jokatzen azken bi denboraldietan.
Faboritoa, hortaz, Bartzelona.
Teorian, aukera gehiago dauzka.
Nola irabaz diezaioke Athleticek?
Izerdi asko botata [barrezka]. Lehenik eta behin, jokatzen ez utzita, eroso aritzen badira, lau edo bost aukera erraz egingo dizkizulako. Partida bizirik eduki behar da.
Nola lortzen da eroso ez jokatzea?
Hasteko, taldeak oso lan ona egin behar du. Planteamendua Marcelinok egin behar du. Goian presioa egitea aukera ona da, baina zaila da partida guztian hain bizi aritzea. Modu onena defentsak nahastea da, presioa eginez eta ez eginez. Baina ez baduzu goian estutzen Bartzelona, atzean sartzen zaitu, eta asko mugatzen. Gola sartzen dizu azkenean. Athleticek partida fisikoa behar du.
Justu samar ez al dago Athletic fisikoan?
Talde guztiak dabiltza justu. Denboraldi hau eta aurrekoaren akabera nekagarriak ari dira izaten. Partida asko ari dira jokatzen aste barruan eta asteburuan. Zein da arazoa? Sailkapenean eroso ez bazaude, zure taldea ez da 23koa, 13koa da. Ezin dituzu txandakatzeak egin, atseden emanez jokalariei. Athleticek bestela ere jokalari guztiei eman beharko zien aukera, harrobiko taldea delako, eta ezin duelako fitxatu kanpoko inor.
Marcelino hasi zen txandakatzeak egiten titularrak nekatu zirenean, baina nola haiekin ez duenez irabazi, berriz ere ohikoak atera behar.
Marcelinok egiten dituen gauzak ez dakit zergatik egiten dituen.
Ez dituzu ulertzen?
Ez naiz ari horretaz. Esan nahi dut hark ikusten dituela egunero joakalariak, atseden behar duten edo ez. Arazoa beste bat da.
Zein da?
Athleticen arrakasta eman izan duen jokatzeko estiloa hil egin zuten. [Jose Mari] Amorrortu kirol zuzendari egon zen hamabi urteetan aldatu zuten estiloa, baloia gehiago erabili zalea delako. Herbehereetara joan zen Ajax ikustera, eta hango eskolatik ekarri zituen metodoak. Alferrik.
Aldaketa egiteko unean uneko zuzendaritzen oniritzia izango zuen, ezta?
Hori da gakoa. Lau azkar usteko sartu ziren klubean, eta aldatzea erabaki zuten. Hiruzpalau hautagaitza izan dira. Athleticek eduki izan ditu Lezamako arduradun moduan bi prestatzaile fisiko. Futbolaz ez dakite-eta ezer! Manolo Delgado Mecok asko daki prestakuntza fisikoaz, baina esaten diot ezin duela Lezamako eskola planifikatu. Futbolaz hitz egin dezake taberna batean, baina Lezama antolatu, ez. Bere arloan onena da, baina bestean, ez. Presidente bati bururatu zitzaion prestatzaile fisikoak Lezamaren buru jartzea. Hauteskundeak irabazi zituen; ba aurrera. Gero, Urrutia etorri zen, eta zortzi urtez eduki zuen Amorrortu kirol zuzendari. Gauza asko aldatu zituen, eta orain ari gara galdetzen non gauden. Futbolean jokatzen badakite gazteek, baina ez Athleticek jokatu beharko lukeen futbol hori.
Zein da futbol hori?
Euskadiko biztanle kopuruarekin ezin dugu Betisek egiten duena egin, adibidez. Fitxa dezake mundu guztian, baina guk ez. Athleticek badu beste inork ez duen zerbait, eta ezin du hori galdu. Ni entrenatzaile egon nintzenean, ez nuen ezer asmatu: betikoa egiten jarraitu nuen. Lehengoek egiten zutena: grina, presioa, abiadura eta abar. Oraingo gazteek ematen dute ez dutela balio, baina ez da hori: egin behar zaiena da txikitatik erakutsi zer izan den beti Athleticen moldea. 14 urtetik 18ra, bost urte dira jokatzeko estilo bera ikasten eta lantzen. Nik bigarren taldetik jokalari asko igotzen nituen, eta bazekiten nola jokatzen genuen. Orain arazoa da estilo berriarekin ez dugula irabazten. Estiloa ona dela? Bai. Baina ez digu ematen. Jokoak ez badigu ematen, beste aldagai batzuk aldatu behar dira: abidura, oldarkortasuna, grina eta abar.
Ezin da estilo hori aldatu?
Bai, jakina, baina aldatu ezin dena da erritmoa. Bizi jokatu behar da, eta aurkariei bizi jokarazi. Azken hamabost urteetan... Bai, finaletara heldu gara, baina Kopan zozketak alde izan ditugunean.
Finalak aipatuta, Bielsaren Athletic hura bizia zen, bada.
Lehen denboraldiko lehen itzulian. Urtarrilerako jota zeukan taldea, eta ligan, ekaina bitartean, oso puntu gutxi atera genituen, eta bi finaletara [Europa ligakoa eta Espainiako Kopakoa] porru eginda heldu ziren jokalariak. Entrenatzaile ona da, baina ez da egokia Athleticentzat. Batetik hori, eta bestetik hau: sekulako taldea zeukan, eta berriz txapeldun izan zitekeen.
Nola, estiloa aldatuta?
Betikoarekin. Llorente, Javi Martinez, Iraola, Herrera... Materiala eta potentzia handia zeukan.
Talde hori entrenatu izan bazenu, nola jokatuko zenuen?
[Erantzuten hasi da, baina isildu egin da]. Hasteko, Athleticen egoera fisikoak txarrera egin du. Jokatzeko modua orokorrean Pepek [Guardiola] aldatu zuen, bere gustukoa delako, eta sekulako jokalariak zituelako Bartzelonan.
Eta gainontzekoak imitatzera joan zaizkio.
Bai, eta barre algara eragiten dio horrek Pepi. Ume talde batek nahi du horrela jokatu. Gu hondarretan edo kalean hasten ginen, egurrean. Baina orain, artifizialean jokatzen dute. Jokatzea bera ona da. Baina talde profesional batean, zure bereizgarria sartu behar diozu entrenatzaile bezala, irabazi egin behar delako. Ez da zer estilo gustatzen zaizun, Athleticen kasuan da ahalik eta jokalari gehien iristea lehen taldera, eta maila ona ematea, ahalik eta gehien irabaziz.
Bide horretatik gertu zebilen Gaizka Garitano?
Ez zait iruditzen. Gehien harritu ninduena izan zen bi denboraldiz Bilbao Athleticen harekin egondako jokalariak ez zituela jartzen astebururo. Jakin egin behar zuten nola jokatzen zuen. Gaizkaren aldekoa nintzen ni, eta ulertzen dut lehen sasoian gazteak ez sartzea, jaisteko arriskua zegoeako. Baina bigarren sasoian ez erabiltzea gazteak... Gazteak jarraitutasuna behar du. Beteranoak erabili zituen, eta ondo dago bere ustez onena bazen.
Marcelino ez al zaie aukera gutxiago ematen gazteei?
Bost axola zaio harrobia! Lehen eskaintza jasotzen duenean, ospa egingo du. Profesionala da, ez da etxeko bat. Eta etxeko entrenatzaile baten filosofiak izan behar du harrobiko gazteak igotzea eta jartzea. [Andoni] Iraola etortzen bada edo Etxebe [Joseba Etxeberria] igotzen bada, saiatu behar du bost gazte taldean sartzen hamaikakoan. Denbora eman behar zaie, eta aukerak, astebururo. Aurrelari baten bila ari gara, eta eman aukerak Villalibreri. Begira Realari eta Imanoli, ederki ari dira gazteei aukerak ematen. Hasieratik ateratzen ditu hainbat partidatan segidan, eta horrela ari dira esperientzia hartzen.
Gazteak elkarrekin aritzen direnean, Athleticek ez du irabazten.
Ez eskatu gazteei ez dakiten bezala jokatzeko. Lezaman sekulako aldaketak egin dira, eta horrela gaude.
Zure ustez okerra den bide horretatik segituz gero, Lehen Mailatik behera joan daiteke Athletic?
Ez, lehenago gauzak aldatzea espero dut.
Nola?
Lezamako arduradun moduan oinarrizko futboleko lana aldatuko duen norbait jarrita.
Hurrengo hauteskundeetan, orduan?
Teorian, bai. Oraingoek segitzen badute eta Lezamakoa aldatzen ez bada, kontuz: jaisteko arriskuan egon gaitezke.
Zu bezala pentsatzen duenik bada klubean sartzeko?
Mila urtean ari naiz hau esaten, eta ezin dut. Izua didate niri. Hor banengo, aldagelan sartu ere ez ziren egingo. Lagunak jartzen dituzte Lezaman lanean eta abar.
Zure garaian ez zen horrela?
Ez. Entrenatzaileok arduratzen ginen futbol kontuez.
Etsipen honekin larunbateko finalerako aldarte onik ez hemen, ez al zaizu iruditzen?
Gauza bat esango dizut: larunbata zenbat eta gehiago gerturatu, indarra hartzen ari naiz. Ezagutzen ditut jokalariak Euskal Selekziotik, eta hasieran ez dute hitzik egiten, baina bi gauza esan eta harrotu egiten dira. Garbi izan behar dute Bartzelonari irabaztea sinetsita jokatu behar dutela.
Aurreko finalean ez bezala, ezta?
Hori da. Beldurtuta bezala ikusi nituen, Realak ondo jokatzen duela pentsatuz. Aurrera egin behar zuen, nahiz eta hiru gol jaso gero. Bartzelonari ere gaina hartzera atera behar dugu. Messiri ezin zaio jokatuz irabazi, baina beste bide batzuetatik bai: korrika eginez, sinistuz eta abar. Goazen haien bila! Beldurrik gabe. Sinetsi gabe, jai dago. Txarrena da zaleak ez egotea. Sakatzeko eskatzen diete jokalariei, eta haiek gabe, zelaira atera eta ematen du siestan gaudela. Entrenatzaileon lana ere bada jokalariak estutzea. Haiek xaxatu zalea naiz. Caparrosen lehen finalean, adibidez, zailena egin genuen, aurretik jartzea. Baina gero, beldurtu egin ginen. Orain, borroka gutxiago dago jokalarien artean, gehiegi uzten zaie, eta Bartzelonari ez diogu irabaziko buruz buruko lehietan indartsu ez bagoaz. Horretan onak 1984ko Kopa irabazi zuten jokalariak ziren. Ez zuten inoiz atzera egiten.
Zer aldatuko zenuke Athetic honetan?
Erasoa baloia lapurtzean hasten da, eta zenbat eta gorago lapurtu, hobeto. Arazoa da atzean lapurtu eta Williamsi botatzen diogula urrutira. Nola azkarra den, beste edozein baino sei minutu lehenago iristen da. Baina bakarrik.
Muniain gabe Athleticen erasoko jokoak zenbat balio du?
Ez du jokatu behar lukeen jokatzeko. Nola Marcelinok 1-4-4-2 sistemarekin jokatzen duen, Muniainek hegalean jokatu behar du, eta hor ez dauzka baliabide asko. Azkeneko pasea ematen da ona, eta Williamsen abiadurarekin, haren atzean jokatu beharko luke.
Eta Raul Garcia?
Agian, aulkitik aterata, bizigarri gisa.
Nola jokatzen dira finalak?
Jokalari batzuei ahaztu egiten zaie 90 minutura galduz gero etxera zoazela. Aurreztu luzapeneko ordu erdia, eta saiatu hasieratik aurkariaren atera iristen. Berdin zait nola.
Javier Clemente. Euskal Selekzioko entrenatzailea
«Partida batera, Athleticek irabaz diezaioke Bartzelonari»
Badaki zer den Espainiako Kopa irabaztea Athleticekin: entrenatzaile zen 1984ko finalean. Aukerak ikusten dizkio taldeari kopa lortzeko, baina sinetsi egin behar dutela dio. Klubaren egungo bidearekin baikortasun gutxiago dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu