Parte hartzea, zaletasunaren adierazle

Bederatzi lagun ariko dira Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan bihar, Asteasun. Aimar Irigoien ez da ariko, ez baitzaio osatu lesioa

Jokin Eizmendi, iaz Asteasun jokatutako Harri Handien Txapelketan. Hark irabazi zuen. JON MIRANDA / TOLOSALDEKO HITZA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Kopuruak sortu du ikusmina. Ezohiko kirolari sorta ariko da bihar Asteasun (Gipuzkoa), Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan (18:00). Bederatzi lagun aterako dira plazara. Zamarik astunenak jasotzera ohituta dauden harri jasotzaileak izango dira han, nork pisu gehiago altxatuko. Sasoiko lanik mardulenak egingo dituzte, federazioen txapelketei dagokienez, bederen.

Jokin Eizmendi egungo txapeldunak parte hartuko du. Harekin batera lehiatuko dira Urdax Magunazelaia, Iñigo Eizagirre, Jon Unanue Goenatxo III.a, Gorka Etxeberria, Xabier Aranburu Guzta, Aimar Galarraga, Julen Diaz eta Sergio Mielgo.

Hamargarren bat ere aritzekoa zen: Aimar Irigoien. Harri jasotzaile errezildarra gogotik saiatu da probara ailegatzen, baina ezin izan du. Koadrizepseko lesio bat du urriaz geroztik, eta ez da garaiz osatu. Horren ondorioz, uko egin behar izan dio lehiatzeari: «Lehengo urrian, lesioa izan nuen ezkerreko izterrean: bederatzi zentimetroko zuntz haustura bat. Gipuzkoako Txapelketan aritzeari uko egin behar izan nion, Euskadikorako jarriko nintzelakoan. Ez dut gorputza sasoiko jartzeko aukerarik izan, nahiz eta mimo handiz saiatu naizen».

Beraz, Irigoienek ezingo du oraingoz bere hamabigarren txapela eskuratu. Hura da harri handietan garaipen gehien lortu dituen harri jasotzailea, Juan Jose Unanue Goenatxo II.arekin batera. Biek ala biek 11 garaipen eskuratu dituzte. Azkoitiarrak —bihar ariko den Goenatxo III.aren aita da— segidan irabazi zituen 1991tik 2001erako txapelketa guztiak.

Errezildarrak 2006an jantzi zuen txapela estreinakoz, eta Goenatxoren kopuru bera lortu du 2020ra artean. Iaz ere ez zen aritu. Hamabigarrena ezin eskuratzeak baino gehiago, parte hartzaile kopuru handiaren zati ez izateak penatzen du: «Hamabigarrena ez nuen buruan. Urte asko pasatu ditugu txapelketa hau jokatzen, eta askotan bizpahiru lagun izan gara. Aurten, zortzi-bederatzi zeudela ikusita, parte hartu nahi duen. Ilusio handia egiten zidan, txapelketak aurrera ateratzeko gauza asko bizi izan ditugulako».

Irigoienen faltan, Eizmendi da garaipena eskuratzeko hautagai nagusia. Ez alferrik, harri handietako txapela lau aldiz jantzitakoa baita zarauztarra. 2014an irabazi zuen estreinakoz; 2015ean, 2018an eta iaz lortu zituen gainontzekoak. Hain justu ere, hura nagusitu da 2006az geroztik Irigoien gailendu ez denean —2011n ez zen jokatu—. Eizmendi Joseba Ostolaza Ostolaza II.arekin berdinduta dago garaipen zerrendan —hura du entrenatzailea—. Bihar irabazita, Jose Antonio Gisasola Zelai mallabiarraren markara gerturatuko litzateke. Sei txapel ditu bizkaitarrak.

Harri mardulenen jaialdia

Txapelketa ofizial garrantzitsuena da harri handietakoa. Orotara, lau harri motarekin ariko dira kirolariak. Aukeran izango dituzte lehendabiziko biak. 200 kiloko edo 175 kiloko errektangularra eta zilindroa izango dituzte abiapuntu. Errektangularrean hautatzen duten pisuaren arabera, beste pisukoa erabili beharko dute zilindroan. Ezin dute errepikatu.

Gainontzeko bi harriak, berriz, finkoak izango dira: 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Harri jasotzaile bakoitzak hamabost minutuko atsedena izango du lan batetik bestera, eta, orotara, pisu gehien jasotzen duena izendatuko dute txapeldun.

Irigoienek du markarik onena: 2008an ezarri zuen langa; 9.650 kilo, 62 jasoalditan banatuta. Orduz geroztik, inork ez du hobetu hori, eta zaila dirudi gaur inork lortzea. Edonola ere, parte hartzaile kopuruaren hazkundeak distiraraziko du aurtengo ekitaldia, mugarria izango baita datozen urteei begira. Harri jasotzea oso garai onean da egun.

Bestalde, Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa bihar amaituko da, Elorrion. Bi pisutan ariko dira tiralariak: emakumezkoen 520 kiloko mailan, Abadiñoko (Bizkaia) bi talde eta Gaztedi (Laukiz, Bizkaia) ariko dira; gizonezkoak, berriz, 520 kiloko mailan ariko dira: Abadiñoko eta Goiherriko (Erandio, Bizkaia) bi talde eta Gaztedi ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.