Parranda, jokalariei ipinitako isuna eta Cabacasen oroitzapena, gabarra berotzeko

Athleticen gizonezkoen taldeko jokalariek Bilboko kaleak piztu dituzte Villalibreren elektrotxarangaren laguntzarekin. Ertzaintzak txostena ireki die lau jokalariri, jakinarazi gabe bilkura bat egiteagatik.

Gabarra berotzeko ospakizuna, atzo, Bilbon.
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko apirilaren 10a
09:00
Entzun

Gabarrak ostegunean egingo du Bilboko portutik udaletxerako bidea, baina jokalariek bart gauean hasi zituzten ospakizunak. Athleticeko gizonezkoen lehen taldeko jokalariek inoiz ikusi gabeko ospakizuna antolatu zuten Bilboko kaleetan. Elkarrekin afaldu ondoren, Asier Villalibre jokalaria kide den Sakatu elektrotxarangarekin kalejira egin zuten Bilboko kaleetan, gauean. Kalejirak, baina, izan du bere bestondo administratiboa ere, Ertzaintzak txostena ireki baitie lau jokalariri, jakinarazi gabeko bilkura bat egiteagatik. Salaketak aurrera egiten badu, 100 eta 600 euro arteko isunak jaso ditzakete.

Iñaki Williamsek piztu zuen jaiaren suzia. Instagram sare sozialean kalejiraren hasieraren zuzeneko bideo bat egin zuen, eta amu ezin hobea bihurtu zen parranda gose zebiltzan athleticzaleentzat. Minutu gutxitan jendetza batu zitzaien, eta Bilboren bihotzean jo zuen goia ospakizun inprobisatuak: Albia lorategian. Irudietan ikus daitekeenez, Iker Muniainek bideratu zuen jaia, eta mikroa eskuan hartuta haiengandik «gertu» egon nahi zutela esan zien zaleei: «Herri baten garaipena da hau».

Kalejirak ehundaka pertsona batu zituen, eta Ertzaintzak jakinarazi gabeko bilkuratzat jo du. Legezko bilkura izateko aurretik jakinarazi behar dira horrelakoak —24 ordu gutxienez urgentziazkoak badira—. 'Mozal Legearen' arabera, deitzaileek 600 eurora arteko isuna jaso dezakete. Zale bati baino gehiagori luze egingo zitzaion gaua; jokalariek, aldiz, lo egiteko denbora gehiago izango dute, gaur arratsaldean itzuliko baitira lanera. Ernesto Valverdek 18:00etan deitu ditu finala irabazi osteko lehen entrenamendua egitera, Lezaman. Jendetza biltzea espero da.

Lore eskaintza Cabacasi
Manu eta Fina Iñigo, Cabacasen gurasoak, semearen oroimenezko lore eskaintzan, atzo. EH BILDU

Oroitzapenerako eguna ere izan zen atzokoa, hamabi urte bete baitziren ertzain batek Iñigo Cabacas athleticeko zalea hil zuenetik. Urtero legez, ehunka zale bildu ziren Maria Diaz de Haro kaleko kantoian, Cabacasi lore eskaintza egiteko. Bertan izan ziren Manu Cabacas eta Fina Lizarazu gurasoak, Jone Goirizelaia defentsako lanak egindako abokatua eta hainbat ordezkari politiko, gehienak ezker abertzalekoak. Cabacasen argazki bat jarri zuten, «zure argiak bizirik darrai» idatzia zuena. Justizia eskaera oihuak ere egin zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.