Ander Elosegi. Piraguista

«Pariskoetara arte segitzea, buruak esaten zidanari kontra egitea izango zen»

Erretiroa hartzeko erabakia «modu naturalean eta une egokian» iritsi dela dio Elosegik. Lau Olinpiar Jokoetan parte hartu du, eta bitan geratu da domina lortzeko zorian. Baina ez du arantzarik. «Asebeteta noa, eta etapa berri bati heltzeko ilusioz».

ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
Irun
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Bizimodu berrira egokitzen hasten ari da Ander Elosegi piraguista (Irun, Gipuzkoa, 1987). 17 urte izan dira goi mailan. Lasai dago hartu duen erabakiarekin. «Oraintxe ez didate inbidiarik ematen Parisen egoteko sailkapen probak prestatzen ari direnek. Ziurrenik, Olinpiar Jokoen aurreko urtea, Jokoak egiten diren urtea baino gogorragoa da kirolariontzat», dio. Uretan ez ezik, elkarteko gimnasioan ere orduak eman ditu santiagotarrak. Hantxe izan da elkarrizketa. Haren argazki handi bat dago paretetako batean.


Ander Elosegiren izenaren alboan zer jarri behar da orain: piraguista edo piraguista ohia?

Bizitza ia osoa daramat piraguista izaten, baina, orain goi maila utzi dudan arren, piraguista izango naiz aurrerantzean ere. Uste dut, gainera, beti izango naizela, nahiz eta gutxiago praktikatu.

Erabakia hartu ostean igo zara piraguara? Hala bada, zer sentitu zenuen?

Egia esan, goi maila uzteko erabakia oso modu naturalean iritsi zen, eta hori jakinarazi ostean ere oso modu naturalean igo naiz piraguara. Sentipenak baino gehiago, ikuspuntua aldatu zait. Izan ere, lehen betebehar bat zen, eta errendimenduari begiratzen nion; orain, berriz, disfrutatzeari eta ondo pasatzeari.

Eta lortu duzu?

Bai. Gure kirolak duen gauza onenetakoa hori delako: praktikatzea hutsa ederra dela. Lehen ere disfrutatzen nuen, nahiz eta emaitzen eta goi mailako kirolaren presioa hor egon.

Goi mailako kirolariek hainbat gauzei egin behar izaten diezue uko zeuen burua zaintzeko. Zure kasuan ere hala izan da? Uko egin diozun gauzetakoren bat egin duzu jada?

Alde horretatik, ere gauzak oso naturalak izan dira. Nik, gainera, beste ikuspuntu bat daukat horren inguruan. Argi dago gauza batzuei uko egin behar izan diedala, baina nire hautua izan da, eta une batzuetan izan da. Gero, neurrian bada ere, beti bilatzen nituen nire momentuak gauza horiek egiteko.

Sakelako telefonoan mezu asko jasoko zenituen erretiroa iragarri ostean? Lasaitu al da hori ere?

Bai, baretu da. Lehen egunetan mordoa jaso nituen. Ziurrenik, espero nituenak baino gehiago, eta hori ere polita da.

Agurreko prentsaurrekoan esan zenuen iazko Munduko Txapelketa mugarria izan zela erabakia hartzeko orduan. Baina noiz hasi zinen horri bueltak ematen?

Ez dago une zehatz bat. Azken denboraldia oso gogorra izan zen. Gero eta gehiago kostatzen zitzaidan entrenatzera joatea. Nahiz eta joaten nintzen, neke puntu batekin egiten nuen, batez ere mentalki. Ez neukan entrenatzeko eta ahalik eta prestakuntza onena egiteko grina hori. Neure buruari ez nion esaten, baina banekien azken denboraldia izango zela.

Erretiroa hartzeko ideia bueltaka hasten denean, hura alde batera uzten saiatzen da kirolaria?

Nire kasuan bai, batez ere une horretan Munduko Txapelketa prestatzen ari nintzelako, eta arreta horretan jarri nahi nuelako. Ez zen erraza izan, bi gauzak nahasten zirelako.

Nola izan zen erabakiaren berri ingurukoei emateko unea?

Egia esan hori ez zitzaidan askorik kostatu, erabakia argi nuelako, eta momentua zela ikusten nuelako. Ziurrenik, neure buruari esatea kostatu zitzaidan gehien, begi bistakoa den zerbait onartzea batzuetan ez baita erraza. Eta, agian, agur prentsaurrekoan nioen bezala, horregatik egon naiz azken urtebete hau apur bat desagertuta. Baina behin erabakia hartuta, lasai eta kontent nago, uste baitut erabakirik onena izan dela, eta une egokian hartu dudala.

Aholkurik eskatu zenuen?

Ez, eta nahiz eta garbi dudan azken erabakia ez zela aldatuko, beharbada eskatu behar nuen. Izan ere, kirolari bat ez dute horretarako prestatzen.

17 urte izan dira goi mailan lehiatzen. Urtebete baino ez da falta Pariseko Olinpiar Jokoetarako. Askok esango dute: «Itxaron zezakeen beste urte bat». Baina, zer suposatzen du urtebetek goi mailako kirolari batentzat?

Nik ere pentsatu nuen hori behin baino gehiagotan erabakia hartu aurretik. Baina errealista izanda, urtebete falta arren, praktikan bi ziren. Aurtengoa, non sailkatzea lortu behar nuen, eta hurrengoa, Jokoena. Eta hor bai, alde batera utzi nuen jarraitzeko ideia. Ikusten nuen, eginez gero, neure buruaren kontra egingo nuela, eta horrek ez zuen merezi. Gainera, kirol ikuspegitik, saiatuta ere, ez nintzen iritsiko bete-betean. Izan ere, psikologikoki oso indartsu eta prest egon behar duzu bi urte horiei heltzeko, une oso zailak izaten baitira. Eta ez bazaude, kirol emaitzetan ikusten da.

Eta hemendik aurrera zer? Zein asmo dituzu?

Alde horretatik oso lasai nago, ez diot neure buruari presarik edo urgentziarik sartu nahi. Baina aldi berean ilusioz nago etapa berri honi ekiteko, eta Basque Teamekoek aholkularitza ematen digute horretarako. Berez, Ingeniaritza Informatikoko gradua dut egina, eta masterra laster amaituko dut. Beraz, arlo horretan lan egin nahiko nuke.

Piraguismoari lotutako zerbaitetan lan egiteko aukera baztertua duzu?

Oraingoz, bai. Ez dut neure burua entrenatzaile moduan ikusten. Nahiz eta agurrean nioen bezala, laguntza edo aholkua eskatuz gero beti egongo naizen emateko prest.

Lau Olinpiar Jokotan parte hartu duzu, eta guztietan diploma lortu duzu. Zer esaten dizu horrek?

Nire kirol ibilbide guztia ekartzen dit gogora. Lehen Olinpiar Jokoek oso gazte harrapatu ninduten, eta azkenek nire kirol ibilbideko heldutasun betean. Pozik eta harro nago egindako ibilbidearekin, bai nire garaipenekin, baita nire porrotekin ere. Azken finean, porrotak ere zure ibilbidearen parte dira.

Zein oroitzapen geratzen zaizu parte hartu duzun lau Olinpiar Jokoetatik?

Denak izan dira bereziak. Baina bat aipatu beharko banu, lehenengoak izango lirateke, Pekingoak. Eta horietatik irudi batekin geratzen naiz: finaleko jaitsiera egin baino segundo batzuk lehenago harmailetara begiratu, eta beterik ikusi nituen momentua.

Joko batzuetatik bestera presioa handiagoa da?

Ez dut hori sumatu. Argi dago gure kirolean Olinpiar Jokoak direla lehiaketa inportanteena, eta alde horretatik bereziak dira. Baina ez nuke esango presio diferentea zenik Europako edo Munduko Txapelketan sentitzen nuenarekin. Izan ere, presioa jartzen dizuna ez da txapelketa, zuk zeure buruari baizik.

Eta gehiago disfrutatzen da batetik bestera, kontuan hartuta, adinean aurrera egin ahala azkenak izan daitezkeela?

Denak izan dira bereziak, eta modu batean edo bestean denak disfrutatu ditut.

Bitan geratu zinen laugarren: Pekinen eta Londresen. Arantza hori geratu zaizu?

Arantza ez nuke esango. Momentuan pena edo amorru puntu bat geratzen zaizu, hain gertu geratzeagatik. Baina balio handia ere ematen diozu.

Dominak lortu dituzu Europako Txapelketetan eta Munduko Txapelketetan. Horiei ere balioa eman behar zaie, ezta?

Egia da, ziurrenik, jendearentzat ez dute horrenbesteko oihartzuna, baina guretzat handia dute. Azken batean, txapelketa horietan Olinpiar Jokoetako piraguista berarekin lehiatzen zara, eta maila ere parekoa da, edo batzuetan handiagoa. Izan ere, txapelketa horietan herrialde bakoitzeko piraguista gehiagok parte hartzen, eta piraguismoan indartsuenak diren herrialdeen kasuan maila oso handiko piraguistak geratzen dira Jokoetatik kanpo.

Aldatuko zenituzke lortutako dominak Olinpiar Jokoetako batekin?

Galdera hori maiz egin izan didate, eta sekula ez dut erantzun garbi bat izan. Batzuetan, baietz pentsatzen dut, eta besteetan, ezetz. Zaila da. Hasi nintzenean galdetu izan balidate argi dago Olinpiar Jokoetakoa aukeratuko nukeela. Baina, azken batean, nire ibilbidean lortu dudana lortu dut, eta gustura nago.

Zuen kirolean zorteak ere eragin dezente dauka. Zorte apur bat ere falta izan zaizu domina hori lortzeko?

Ziurrenik, bai. Pekinen ate hura jo ez banu, ziurrenik domina lortuko nuen. Baina horri ez diot buelta askorik ematen. Gure kirolaren parte da, eta horrekin bizitzen ikasten dugu. Nik, gainera, beti esaten dut entrenatzen eta prestatzen garela zoria gure alde izateko, eta ondoen entrenatzen denak aukera gehiago dituela zoria alde izateko besteek baino.

Dominak leku berezietan gordetzen dira. Diplomak ere bai?

Bai, noski. Nire kasuan bada berezitasun bat. Londreskoa ez nuen jaso.

Olinpiar Jokoetako zure jaitsierak askotan ikusi dituzu?

Ez askotan, baina tarteka bai. Oroitzapen politak ekartzen dizkit. Gustura ikusten ditut.

Atzera eginda, zergatik hasi zinen piraguismoan?

Irungoa ez banintz, ziurrenik ez nintzateke piraguista izango. Herrian Santiagotarrak klubak garrantzi handia du, eta lan handia egiten du gazteak erakartzeko. Lagunekin ikastaroren bat egin nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Bertan entrenatzen hasi nintzen astean pare bat aldiz, eta pixkanaka emaitzak lortzen nituela ikusita, lehiatzen hasi nintzen, eta honaino. Nire bizitza, nire nortasuna, piraguismoaren inguruan eraiki da. Sakrifizioa, ez etsitzea, diziplina.... Hori piraguismoak erakutsi dit.

Eta zerbait kendu dizu?

Zerbait esatekotan bi gauza esango nituzke: denbora, eta gaztetan ohikoak diren gauza batzuk egitea. Baina, lehen aipatu bezala, nire hautua izan zen piraguista izatea, eta, beraz, ez dut uste ezer kendu didanik.

Zu hasi zinenetik piraguisten baldintzak hobetu direla uste duzu?

Bai, zertxobait bai. Bi alorretan aldatu direla esango nuke. Batetik, laguntzak handiagoak dira, eta horrek ahalbidetzen dizu arreta osoa kirolean jartzea. Bestetik, uste dut gaur egun hobeto prestatutako entrenatzaileak daudela. Belaunaldi berriek aukera oso onak dituzte gorenera iristeko,

Alde horretatik, baikorra izan beharra dago, beraz?

Bai. Ezin dezakegu esan txapeldun olinpikoak izango ditugunik, hori oso zaila delako. Baina gaia badago. Belaunaldi oso ona dator.

Maialen Chourraut eta zu bezalako erreferenteek segida izatea funtsezkoa izango da harrobia sustatzen jarraitzeko, ezta?

Beti da beharrezkoa. Nahigabe ere, erreferenteek lagundu egiten dute gazteak erakartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.