Jose Maria Basterra 'Chefo'. Hockeyko jokalaria

«Parisko Olinpiar Jokoetan egotea da nire helburu nagusia»

Hockeya, beste kirolak bezala, «momentuak» direla azaldu du Jose Maria Basterrak: «Eta ni neure onenean egon naiz aurten». 2024ko Jokoen ostean beste abenturaren bat bizitzea gustatuko litzaioke.

CLUB DE CAMPO.
Manex Usarralde Garmendia
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
6-7 urte zituelarik Getxoko Jolasetako Klubean hasi zen hockeyan jokatzen Jose Maria Basterra Chefo (Getxo, Bizkaia, 1997). Hasieran tenisean hasi zen, baina bere lagunak hockeyan ondo pasatzen ikusten zituenez, aldatzeko eskatu zien gurasoei. Ordutik 18 urte bete zituen arte Jolasetan aritu zen, Madrilera joateko saltoa egin zuen arte. Aurten, liga eta Espainiako Kopa irabazi ditu Madrilgo Club de Campo taldearekin, eta sasoi honetako jokalaririk hoberena eta goleatzaile nagusia izan da, 26 gol sartuta. Bigarren aldiz irabazi du liga talde horrekin. Denboraldi hartan ere goleatzaile nagusia eta jokalaririk onena izan zen.

Aurtengo denboraldi paregabea ikusita, zure ibilbideko garairik onenean al zaude?

Nik uste dut pauso handi bat eman dudala aurten. 2021ean Olinpiar Jokoetara joan nintzenean ezustekoa izan zen. Ordutik, Espainiako selekzioarekin partidak jokatuz joan naizen heinean, esperientzia irabazi dut. Horrek asko lagundu dit aurreko denboraldian. Sasoi osoan partida bakarra galdu dugu; azkena, zehazki. Horretaz gain, lauko finala ere irabazi dugu. Horrek hurrengo urtean Europan jokatzeko aukera ematen digu. Futbolean Txapeldunen Liga izango zenaren baliokidea jokatuko dugu.

Zein izan dira denboraldi hain biribila egiteko gakoak?

Hockeya, beste kirolak bezala, momentuak dira. Nik uste dut aurten denboraldi amaierara oso baldintza onetan heldu naizela fisikoki eta mentalki. Talde guztiaren laguntzarekin, ni gelditu nintzen goleatzaile nagusi. Gainera, hockeyan badaude guztiz erabakigarriak diren penalti kornerrak, eta nire taldean nik jaurtitzen ditut. Penalti korner horiek jaurtitzeak gol gehiago sartzeko aukera eman dit.

Nolakoak dira zuen entrenamenduak?

Klubean, astean hiru aldiz entrenatzen gara, eta asteburuan partidak jokatzen ditugu. Asteartetan teknikan eta taktikan jartzen dugu arreta. Entrenamendu horiek lasaiagoak dira. Asteburuan, daukagun aurkariaren arabera taktika zein izango den lantzen dugu. Ostegunetan, jaurtiketak eta partida txikiak egiten ditugu. Ostiralak izaten dira egunik dibertigarrienak, bakarrik partida txikiak jokatzen ditugulako gure artean: lau lauren aurka, eta abar. Entrenamendu horiek egiteaz gain, gimnasiora joaten gara. Selekziora joaten garenok hiru aldiz joan behar dugu gimnasiora, hockeyko entrenamenduez gain.

Presio handia jasan behar izaten al duzu?

Zeure buruari presio puntu bat jartzea positiboa da, erne mantentzen laguntzen dizulako. Gainera, nik jokatzen dudan taldeak, nolabait esateko, partida guztiak irabazi behar ditu, Bartzelonak eta Madrilek futbolean bezala. Ez dago futbolean bezainbesteko presioa, noski, baina gure klubean exijentzia maila altua da. Espainiako selekzioan, berriz, postu bat jokatzearen presioa dago, han ez zara horren ezinbestekoa, eta, hoberenak doazenez, ahalik eta egoerarik onenean egon behar duzu fisikoki eta mentalki. Bestela, aldatzeko arriskua daukazu.

Nolakoa da hockeyko jokalari baten bizimodua?

Nahiko zaila da, ekonomikoki ez delako futbolaren edo saskibaloiaren moduko kirol bat. Hockeyaz gain, lan bat daukat. Nire kasuan, aholkularitza bulego bat daukat Madrilen. Beraz, lana eta entrenamenduak uztartu behar ditut, eta larri ibiltzen naiz denera ongi iristeko. Baina gustuko tokian, aldaparik ez.

Beste ligaren batean jokatzea gustatuko litzaizuke?

Olinpiar Jokoen ondoren saiatuko naiz abenturaren bat izaten beste herrialderen batean. Hauek dira esperientzia hori bizitzeko herrialde posibleak: Belgika, Herbehereak eta Australia. Herrialde horietan hockeyak presentzia askoz ere handiagoa du gizartean. Herbehereetan, adibidez, futbolaren atzetik kirolik mediatikoena da. Belgikakoa ez da horren liga ona, baina bertan jokatzeko eta bizitzeko eskaintzen dizkidaten baldintzak gutxienez kontuan hartzeko modukoak dira. Australia oso polita da. Selekzioarekin pare bat aldiz jokatu dut han. Gainera, itsasoa asko gustatzen zait, surfa eta antzeko kirolak gustatzen zaizkidalako. Gainera, hara joan, beste herrialde batean bizitzea probatu, eta eroso nagoen lekutik ateratzea erronka handia da. Australia horretarako herrialde itzela dela uste dut.

Nola ikusten dituzu 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak?

Nire helburu nagusia da Olinpiar Jokoetan egotea. Hala ere, hemendik hilabete batera, Europako Txapelketa daukat. Hor dago nire helburua etorkizun laburrean, hori izango delako Olinpiar Jokoetan egoteko lehen pausoa. Europako Txapelketa irabaziz gero, Olinpiar Jokoetan egotea ziurtatuko genuke. Baina Europako txapeldun gelditu ezean, urtarrilean, Valentzian, Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko txapelketa jokatu beharko genuke. Txapelketa horretan zortzi talderen aurka jokatu beharko genuke, teorian gu baino okerragoak direnak, munduko zerrendaren arabera. Talde guztiek jokatzen dugu elkarren aurka, eta lehenengo hiruren artean gelditzen direnak Olinpiar Jokoetarako sailkatzen dira. Olinpiar Jokoetan egon nahi badut, urtebetean ezin izango naiz gelditu.

Madrilen bizi zara, baina familia Getxon duzu. Etxera maiz itzultzen al zara? Nola darama familiak zu hockeyko jokalari profesionala izatea, etxetik hain urrun bizitzea?

Alderik gogorrena familia Getxon izatea da. Hala ere, nik zorte handia daukat, hiru anaia garelako eta horietako bat ere Madrilen bizi delako. Hortaz, harekin asko egoten naiz. Nire gurasoak etxean partida dudanean asteburu-pasa etortzen dira. Gainera, nire anaia ere hemen dago, eta orain hemen bilobak ere badituzte; hortaz, gustura etortzen dira. Baina hori familiaren kasuan; lagunak ikustea zailagoa da. Azken finean, nik asteburuero partidak dauzkat, eta, gainera, selekzioan egoteagatik, urteko hamabi hilabeteak lehiaketetan igarotzen ditut. Hortaz, urte osoan Gabonetan, Aste Santuan eta udan oporrak ditudan asteburuetan joaten naiz Getxora. Dena ondo badoa, urtebete barru arte arte ez naiz geldituko.

Zer egitea gustatzen zaizu, hockeyan jokatzeaz gain?

Tenisa, futbola, golfa, surfa... kirola den edozer gauza oso gustuko dut. Gainera, ezin ditut beste gauza asko egin, hockeyak ez didalako uzten denbora libre askorik. Baina itsasoak asko deskonektatzen laguntzen dit. Asko gustatzen zait, batez ere bertatik paseatzea. Getxo inguruan mendiko ibilbideak ere badaude, eta handik ibiltzeak ere deskonektatzen laguntzen dit. Kirola eta bidaiatzea dira nire zaletasun nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.