Rebecca Cheptegei maratoilari ugandarra Kenyako ospitale batean hil da, gaur goizaldean, eraso matxista baten ondorioz. Osasun zentroak aditzera eman duenez, ustez gasolinaz busti zuen bikotekideak, eta su eman zion gero. Ezbeharra Trans Nzoia konderrian gertatu zen, herrialdearen mendebaldean, eta ustezko hiltzailea ere larri dago.
«Zoritxarrez, haren organo guztiek huts egin zuten bart, eta galdu egin genuen», adierazi zuen Owen Menach erietxeko bitarteko zuzendariak. Igandean eraso zioten Cheptegeiri, Kenyako Trans Nzoia konderrian. 33 urteko atleta erietxera eraman zuten urgentziaz, gorputzaren %80an erredurak zeuzkalako. Kenyako Poliziak adierazi duenez, atleta seme-alabekin elizan zegoela aprobetxatu zuen ustezko hiltzaileak, eta haren etxean sartu zen, gasolinaz betetako bidoi batekin. Cheptegei etxera itzuli zenean, gizonak gainera bota zion erregaia, eta su eman.
Erasoaren ostean Nairobira eraman zuten Cheptegei, larri zegoela eta. Ustezko hiltzaileak ere erredura larriak jasan zituen, eta erietxe berean dago. Hildakoaren gurasoek aipatu dutenez, Cheptegei Ugandan bizi zen, jaioterrian, baina lursail bat erosi zuen Kenyan, eta etxe bat eraiki zuen han, entrenamenduen ondoren ostatu hartzeko. Horregatik zegoen Kenyan.
BREAKING NEWS💔💔
— UGANDA ATHLETICS FEDERATION🇺🇬🇺🇬 UAF (@UgaAthletics2) September 5, 2024
We are deeply saddened to announce the passing of our athlete, Rebecca Cheptegei early this morning who tragically fell victim to domestic violence. As a federation, we condemn such acts and call for justice. May her soul rest In Peace. pic.twitter.com/ZdxmZ3wDuE
Ugandako Atletismo Federazioak «justizia» eskatu du: «Rebecca Cheptegei gure atleta gaur goizean goiz hil dela iragartzeak tristura handia ematen digu. Federazio gisa, ekintza horiek gaitzesten ditugu, eta justizia eskatu. Haren arimak atseden har dezala bakean». Jack Tuwei Kenyako Atletismo Federazioko presidenteak ere gaitzetsi egin du erasoa: «Ugandako gure atletak jasan duen gertakaria benetan zorigaiztokoa eta tristea da, ezin baitzaio inori eraso jabetza baten inguruko desadostasunengatik. Federazio gisa, gogor gaitzesten dugu, horrela ez baita bizi behar».