Parisen ere, galdu gabe

Novak Djokovicek bolada ona luzatu du, eta eroso irabazi du aurreneko partida Roland Garrosen

Erredakzioa
Donostia
2011ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Roland Garros torneoa atzo hasi zen, eta lehen egunean ia faborito guztiek egin zuten aurrera. Novak Djokovic serbiarraren partidak sortu zuen ikusmin handien, haren emaitza bolada harrigarriarengatik, eta eroso lortu zuen 38. garaipena jarraian. Roger Federerrek ere arazorik gabe igaro zuen lehen kanporaketa, eta Rafael Nadalek gaur jokatuko du.Ustekabekoa Thomas Berdych seigarren zerrendaburuak eman zuen, galdu egin baitzuen.

Emakumezkoei dagokienez, Francesca Schiavone iazko txapeldunak irabaziz ekin zion bideari, baita Vera Zvonareva hirugarren zerrendaburuak ere.

Rafael Nadalek gizonezkoen torneoan duen agintea bukatzeko helburuarekin joan da Parisera Novak Djokovic. Urteak ziren kataluniarrak ez zuela aurkari sendorik lur harrotuan, eta serbiarrak indartsu ekin zion bideari. Azken berrogei partidak jarraian irabazi ditu, eta atzo irabazi zuen urteko 38. partida. Errazagoa da honela azaltzen, aurten ez du partidarik galdu. Haren azken biktima Thiemo De Bakker (6-2, 6-1, eta 6-3) izan zen, Philippe Chatrier erdiko pistan. Partida erosoa izan zen, lehen bi setak irabazteko ordubete baino gutxiago behar izan zuen, eta ordu eta erdian bukatu zituen lanak. Djokovicek ez zuen behin ere galdu sakea eta ez zion aukerarik eman aurkari.

Serbiarra historian sartzeko atarian dago, hurrengo partida irabazten badu —Benoit Paire edo Victor Hanescuren aurka— inoizko garaipen bolada luzeenetan bosgarrena lortuko lukeelako, Federer eta Borgekin batera. Lortuz gero, bost geldituko litzaizkioke inoizko luzeena berdintzeko, Guillermo Vilasek lorturikoa. Horretarako, finalera iritsi beharko luke.

Roger Federerrek ere ez zuen arazo handirik izan lehen partida irabazteko. Feliciano Lopez espainiarrak uste baino lan gutxiago eman zizkion, eta mito suitzarrak bi ordu aski izan zituen: 6-3, 6-4 eta 7-6. Federerrek bikain baliatu zuen sakea, eta saketik lortu zuen partidako azken tantoa. Maxime Texeira frantziarra izango du hurrengo aurkaria. Juan Martin del Potrok ere irabaziz ekin zion bideari, Ivo Karlovicen aurka (6-7, 6-3,7-5eta 6-4) eta apurka lesioen gurutze-bidearen aurreko mailara itzultzen ari dela dirudi.

Lehen jardunaldiko ustekabekoa Stephan Robert frantziar beteranoak —ATPko 140.a— eman zuen, Thomas Berdych seigarren zerrendaburuari 3-6, 3-6, 6-2, 6-2 eta 9-7 irabazita. Txekiarrak hiru ordu eta erditik gorako partida baten ondoren eman zuen amore. Berdych iaz finalerdietaraino iritsi zen —eta Wimbledongo finalera gero—, eta lur harrotuan oso ondo moldatzen da. Lehen bi setak irabazi ondoren, 31 huts egin zituen azken hiruretan, eta hala zaila da irabaztea.

Rafael Nadal lehen zerrendaburuak gaur ekingo dio torneoari, seigarren tituluaren bila. John Isner sakatzaile bikain erraldoiaren (2,06 metro luze da) aurka. Robert Soderling iazko txapeldunordeak ere gaur jokatuko du, Benjamin Beckerren aurka.

Txapelduna ondo hasi da

Francesca Schiavone emakumezkoen iazko txapeldunak torneo hasiera gozoa izan zuen. 6-2 eta 6-0 irabazi zion Maxime Oudin gazteari. Ordubete iraun zuen partidak. Txapeldunak bere burua azken partidetan baino hobeto ikusi zuela adierazi zuen, eta Anne Keothavong edo Vesna Dolonts izango da hurrengo aurkaria. Vera Zvonareva hirugarren zerrendaburuak ere atzo jokatu zuen bere lehen partida, eta arazo handirik gabe kanporatu zuen Lourdes Dominguez (6-3 eta 6-3). Errusiarrak inoiz ez du bide luzerik egin Roland Garrosen.

Emakumezkoen titulurako azken faboritoek gaur ekingo diote. Kim Clijsters munduko bigarren sailkatuak Anastasia Jakimova bielorrusiarraren aurka jokatuko du. Belgikarrak bi aldiz galdu du Parisko finala. Na Li txinatarrak Sandra Zahlavova izango du aurkari, eta, azkenik, Victoria Azarenkak Andrea Havlackovarekin neurtuko ditu indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.