Ingalaterra 2-1 Espainia

Paredes, Garcia eta Sarriegi txapelketatik kanpo geratu dira

Ingalaterra uste baino estuago sailkatu da finalerdietarako. 83. minutuan lortu dute berdinketa ingelesek, eta luzapenean lortu dute sailkatzea. Etxekoak deseroso aritu dira, eta Espainiak nahi zuen lekuan izan du kanporaketa minutu askoan. 

ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 20a
23:52
Entzun

Ingalaterra Europako Txapelketako finalerdietarako sailkatu da asteazken gauean. Baina uste baino gehiago sufrituz. Izan ere, Espainiak estu hartu du. Etxekoek 83. minutuan sartu dute berdinketaren gola, eta luzapenean nagusitu dira. Georgia Stanwayk egin du gol erabakigarria, urrutiko jaurtiketa batean. Hala, Irene Paredes, Lucia Garcia eta Amaiur Sarriegi txapelketatik kanpo geratu dira.

Multzo fasean bezala, Ingalaterra zuzen eta bizi jokatzen ahalegindu da. Baina Espainiak ondo eutsi dio, eta, luzaroan baloiaren jabe izanez, komeni zitzaion lekura eraman du partida. Espainia nagusituz joan da, eta batez ere hegaletik min handia egin du, Marta Cardona eta Maria Caldenteyren bidez. Baina ez du asmatu. Ingalaterra baloi luzeen eta geldikako jokaldien bidez ahalegindu da partidaren norabidea aldatzen. Helen Whitek gola sartu du falta batean, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako.

Nahiz eta ez balio izan, gol horrek hauspoa eman dio Ingalaterrari, eta lehen zatiaren azken bost minutuetan estutu egin du. Baina 0-0 amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatian ere, Ingalaterra hobeto hasi da, baina gola Espainiak sartu du. Esther Garciak egin du, Athenea del Castilloren bakarkako jokaldi batean ostean. 55. minutua zen. Ingalaterrako hautatzaileak, Sarina Wiegmanek, White eta Beath Mead kendu ditu, bi golegile nagusiak. Etxekoek estutu egin dute, baina Espainiak nortasunez jokatzen jarraitu du. 83. minutuan, ordea, jokaldi islatu batean gola sartu du Ingalaterrak. Ella Tonnek egin du. Partida luzapenera joan da.

Hortik aurrera, berdinketak eta zaleek bultzatuta, Ingalaterrak eraman du jokoaren ekimena. Fisikoki ere nagusi izan da, eta hori antzeman egin da luzapenean. Espainia ez da gai izan luzapeneko bigarren zatira arte aukerarik sortzeko. Eta Stanwayren golak erabakita utzi du kanporaketa. Aitana Bonmatik baino ez du izan aukera bat kanporaketa penaltietara eramateko. Baina ez du lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.