Pardo: «Betisen aukerak mesede egin diezadake hazten jarraitzeko»

Erredakzioa
Donostia
2017ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Bezperan Realarekin zeukan kontratua 2020ko ekainaren 30era arte luzatuta, Ruben Pardok atzo egin zuen Sevillara arteko bidaia —Donostiako klubaren baimenarekin, ez zen joan goizeko entrenamendura—. Ohikoak diren osasun azterketak gaindituta, arratsaldean aurkeztu zuen Betisek. Sasoi amaieran erdilaria erosteko aukera gehitu nahi zuten espainiarrek kontratuan, baina Realak ez zuen onartu.

«Realean, agian, ez dut izan jokatzeko konfiantzarik, eta Betisen aukerak mesede egin diezadake hazten jarraitzeko». Errioxarrak hala adierazi zuen aurkezpenean. «Eskerrik asko Realari, irteera errazteagatik, eta Betisi, nire aldeko apustua egiteagatik». Erdilariak gaur goizean egingo du lehen entrenamendua talde berriarekin. «Hasieratik, den-dena emango dut zelaian».

Pardok 24 urte dauzka, eta seigarren denboraldia osatzen ari zen Realaren lehen taldean. 2011ko urriaren 29an egin zuen debuta, Anoetan, Real Madrilen aurka —0-1 galdu zuen—. Joan den denboraldian, 30 partida jokatu zituen Realarekin, baina Eusebio Sacristanek ez dio aukera askorik eman sasoi honetan, eta lau partidatan soilik hartu du parte. Espainiako Lehen Mailan 158 partida daramatza denera txuri-urdinekin, eta bost gol sartu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.