Herri kirolaria

Xabier Zaldua: «Paparra puztuta ibiltzeko ospea izan dut, eta eskerrak horri»

Hirutan txapeldun izanda hartu du erretiroa pentlatoitik Zalduak. Harro dago egindakoaz, eta, 47 urterekin, ilusioz dago aizkoran jarraitzeko. Ohartarazi du beste apustu bat jokatzeko atea zabalik daukala.

Xabier Zaldua herri kirolaria. GOTZON ARANBURU / FOKU
Xabier Zaldua herri kirolaria. GOTZON ARANBURU / FOKU
jon eskudero
Zumarraga
2024ko urriaren 10a
05:05
Entzun

Herri kiroletan bada norbait Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977). Haurtzaro eta gaztaro «zaila» izan ondotik, oso berandu ekin zion herri kiroletan lehiatzeari, 29 bat urte zituela, baina bide emankorra egin du gerora. Dozena bat apustu inguru ditu jokatuak, baina pentlatoiak ekarri dizkio emaitzarik onenak. Besteak beste, hiru urtez jarraian izan baitzen txapeldun: 2018an, 2019an eta 2020an. Aurten hartu du erretiroa pentlatoitik, finalean azken postuan sailkatuta, baina oraindik ere aizkoran jarraitzeko ilusioz dago. Bizitokian egin du zita kazetariarekin, belar eta animalia tartean.

Inguru hauetan jaiota, beharko herri kirolaria izan.

Futbolaria baino lehenago. Halere, gure etxean ez dugu aurrekaririk herri kiroletan. Idi probetan ibiltzen ziren aitona-eta, baina bestela ezertan ez. Nik beti izan dut afizioa herri kiroletarako, baina oso berandu arte ez nintzen hasi. Baserriko lanetan murgilduta ibiltzen nintzen beti: soroan, garotan zein belarretan. Amak ondoan behar ninduen.

Izan ere, aitak oso goiz utzi zintuzteten.

22 hilabete nituela joan zitzaigun, teilatutik erorita. Amak ez zuen autorik, baina astoa bai. Eta hari itsatsita ibiltzen genuen gurdian daukat nire lehen oroitzapena. Esne banatzen ibiltzen zen ama, eta gurdi horretan eramaten ninduen eskolara, marmita artean. Arratsaldeetan, bere alboan ibiltzen ninduen banaketan.

Nola hartzen zuten baserriko jendea Zumarragan?

Oso ondo. Orbegozo izeneko fabrika bat zegoen herrian, 3.000 langile inguru aritzen ziren bertan, eta gehiengoa erdalduna zen. Lotura handia zuten baserriekin. Bazekiten guk aita falta genuela etxean, eta oilo edo oilasko baten truke erdaldun asko etortzen ziren belarretan guri laguntzera. Alde horretatik, oso herri aberatsa zen Zumarraga.

Zenbat urterekin hasi zinen herri kiroletan?

14 bat urterekin proba bat egin nuen eskualdeko herri kirolen taldean, baina bere horretan geratu zen kontua. Idiekin apustu bat egin nuen, 25 urterekin, baina besterik ez. Herri kirolen munduak apur bat baztertu egin ninduen hasiera hartan, lehiatzen hasteko jada berandu zela esaten zidaten eta. Barruan beti nuen ilusioa, halere. Banekin Angel Arrospide ere oso berandu hasia zela aizkoran, eta hori helduleku bat izan zen niretzat. Nola hala pare bat aizkora erosi nituen lehenbizi, egurrak ere ekarri nituen merke antzean, eta aurrera egin nuen. 29 urterekin aurkeztu nintzen lehen txapelketara.

Erabaki ona hartu al zenuen?

Ustekabean laugarren egin nuen. Onenengandik hain urrun ez nengoela sentitu nuen, eta izugarrizko ilusioa piztu zitzaidan. Ander Erasunek irabazi zuen txapelketa hura, eta handik gutxira apustu bat bota zuen. Lau lagun aurkeztu ginen Erasunengana, baina lehenengoa ni izan nintzenez lehentasuna nik nuen. Haren proposatutako guztiari baietz esan nion. Hamar kana erdiko ebakitzea eta hamar kilometro lasterka egitea zen osatu beharreko lana, eta irabazi egin nuen. Ezerezetik atera ondoren, balentria handia lortu nuen.

Apustua ez ezik, herri kirol munduaren errespetua irabazi al zenuen?

Gutxienez nire tokitxoa egiten hasi nintzen. 2010ean izan zen apustu hura, eta ondorengo urtean beste bi jokatu nituen. Ez nuen pentsatu ere egingo mundu horretan murgilduko nintzenik. Guztira dozena bat inguru jokatuko nituen. Urte horietan denetariko momentuak bizitzea egokitu zitzaidan. Egun onak bai, baina galdutako loak ere ikaragarri. Badago apustua gustatzen ez zaion jendea, eta hori pentsatzea zilegi da. Kudeatu beharreko presioa handia da. Norberaren izaera hartu behar da aintzat. Nik ere sarri kezka izaten nuen zertan sartzen ari ote nintzen. Apustu bat hasi baino ordubete lehenago sentitu izan dut damua apustua egin izanaz, baina, oro har, gustatzen zait mundu hori.

Izan ere, esan ohi da apustua galtzen duena ere irabazten ateratzen dela.

Berez hala behar luke, baina ez da. Apustu batek atzetik nolako sufrimendua eta gastua duen ikusi behar da. Medikuak direla, fisioak, aizkorak, egurrak… Hori pentsatzen duen jendea azkar isilaraziko nuke. Beste kirol askotan askoz ere diru gehiago irabazten da sakrifizio erdia eginda, baina inork ez du iritzirik ematen. Herri kiroletan, aldiz, bai.

Mundu zikina al da apustuarena?

Nik ia guztiekin ongi amaitu izan dut, eta harro nago. Herri kirolari gehienen atzean kuadrilla bat egon ohi da, eta, zoritxarrez, haiek gehiago agintzen dute norberak baino. Ni sekula ez naiz inongo taldetara lotuta egon, ezta diru kontuetan ere. Galdu edo irabazi, beti garbi eduki dut diruaren kargu ni bakarrik egingo nintzela, eta asmatu dut. Paparra puztuta ibiltzeko ospea izan dut beti, eta eskerrak horri, bestela herri kirol munduak jan egingo ninduen.

«Azkenaldian asko sufritzen ari nintzen harriarekin, eta, lehertu baino lehen, hobe dut baztertzea»

Apustua edo pentlatoia, zer duzu nahiago?

Garaipenik handienak pentlatoian izan ditut, handia baita hiru txapel lortu izana. Inoiz ez naiz aizkolaririk onenetakoa izan; pentsa, aizkoran lehen txapela iaz lortu nuen. Baina orotariko kirolaria izan naiz, eta ongi egokitu naiz pentlatoiko lanetara. Pentsa daiteke berandu iritsi zitzaidala lehen aukera, 2018an antolatu baitzen lehenengoz, nik 41 urte nituela. Baina ez, garai onean iritsi zitzaidan aukera, nire gorputza eta plazak ondo baino hobeto ezagutzen nituenean. Pentlatoiak lortu du aparteko giroa sortzea herri kiroletan. Futboletik, pilotatik, arraunetik eta beste mundu batzuetatik etorri da jendea, eta kirolari bakoitza oso maitatua sentitu da. Herri kirolek inoiz ez zuten ikusi halako giro on eta sanorik.

Zergatik erabaki duzu erretiratzea?

Batez ere, adinagatik. Azkenaldian asko sufritzen ari nintzen harriarekin, eta, lehertu baino lehen, hobe dut baztertzea. Eta, bestetik, aizkoran aritzeko ilusioz nago. Lehen mailan tokia daukat, eta horri eusteko ezinbestekoa da aizkoran soilik izatea burua. Gainera, semea ere indartsu dator atzetik; neure buruarekin baino ilusio handiagoa daukat berarekin, eta nahi nuke noizbait biok elkarrekin aizkoran aritzea.

Eta beste apusturik egingo al duzu inoiz?

Emazteak horixe bera galdetu zidan joan den astean. Egingo banu, ondo pentsatuta egingo nuke, eta ez itsu-itsuan. Aterik ez dut ixten. Aukeraren bat suertatzen bada, ongi, eta bestela ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.