Javi Polo. Santurtziko entrenatzailea

«Paorrak taldean jarrai zezan ahalegindu nintzen»

Etxeko arraunlariak erakartzen ahalegindu dira, eta taldea «oso aurreratua» dutela esan du Polok. Esku artean dutena aurrera ateraz gero proiektua «interesgarria» izango dela uste du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Hilaren 31n ekingo dio denboraldiaurreari Santurtziko arraun taldeak. Irailean, taldeko zuzendaritzak kargutik kendu zuen Mikel Portularrume Paorra, eta Javi Polori (Getxo, Bizkaia, 1979) eman zion taldea prestatzeko ardura. Kontxako bost bandera irabazi dituen arraunlari getxoztarraren lehen aldia izango da entrenatzaile gisa. «Ilusioz helduko diot erronka honi».

Entrenatzaile aldaketaren arrazoirik eman zizun Santurtziko zuzendaritzak?

Ni presidentearen laguna naiz, eta, harekin hitz egiten ari nintzenetako batean, esan zidan Mikelek [Portularrume] ez zuela jarraituko. Hala sortu zen Sotera-ko entrenatzaile izateko aukera. Hasieran ez zidaten azaldu zergatik egin nahi zuten aldaketa, baina ondoren nik galdetu nuen, eta euren arrazoiak eman zizkidaten. Mikelekin hitz egin nuen, baina klubaren eta haren arteko zerbait da, eta ni horretan ez naiz sartzen. Ez dut gai horri buruz beste ezer esan nahi, gai korapilatsua baita. Ez dut inongo auziren erdian egon nahi.

Nola ikusi duzu trainerua amaitu berri den denboraldian?

Nire ustez, eta haiei esan diet, denboraldi ona egin zuten. Normalena litzateke Mikelek jarraitzea, eta ni ahalegindu nintzen Mikelek jarrai zezan, baina zuzendaritzak bere arrazoiak izan zituen aldaketa egiteko.

Zure lehendabiziko aldia izango da entrenatzaile gisa. Ardura handia da?

Ilusioz helduko diot erronka berri honi. Esku artean dugun egitasmoaren helburua da beste talde batzuetan dauden etxeko arraunlariak erakarri eta haiekin talde sendo bat egitea.

Taldea osatuta daukazue dagoeneko?

Batzuei kostatzen ari zaie erabakia hartzea, baina hasi gara mugitzen eta gauzak egiten. Ez daukagu taldea erabat itxita, baina oso aurreratuta bai. Taldean zeuden arraunlari batzuek ez jarraitzea erabaki dute, eta ahalegintzen ari gara kanpoan dauden Santurtziko harrobiko arraunlariak etxera ekartzen. Batzuek baietz esan didate, beste batzuek ezetz, eta beste batzuek, behar dudanean lagunduko nautela. Lanean jarraitzen dugu.

Emaitza hobeak lor daitezke datorren denboraldian?

Zuhurtziaz hitz egin behar dugu. Dena ondo badoakigu, eta etxeko arraunlariekin taldea osatzea lortzen badugu, egitasmo interesgarria izango da. Mikelek abiatutako egitasmoari jarraipena ematea da asmoa, baina, arraunlari askok taldea utziko dutenez, ia hutsetik hastearen parekoa izango da.

Beraz, lehenik eta behin, mailari eustea izango da helburua?

Bai, nik behintzat hori helarazi diot zuzendaritzari. Nire ustez, datorren urteko helburua da mailari ahalik eta lasterren eustea, eta ondoren muga guk geuk jarriko diogu geure buruari.

Zer eskatu dizu klubak?

Hasieratik azaldu nien Santurtziko harrobiko arraunlariak oso interesgarriak zirela, eta haiekin osatu nahi nuela taldea; baiezkoa eman zidaten. Egitasmoa polita da. Getariak harrituta utzi nau, ez bakarrik emaitzengatik, baita horiek lortzeko moduagatik ere. Etxeko mutilekin lortu dute hori guztia, eta zergatik ezin diogu Getariari begiratu gauzak nola egin jakiteko, nahiz eta egia den Getariako arraunlariek urte asko daramatzatela elkarrekin arraun egiten. Santurtziko arraunlariekin antzeko zerbait egitea interesgarria litzateke. Eredu hori izan behar dugu.

Taldeak zer arraunketa mota izango du?

Aldaketa txikiren bat eginda, egiten ari ziren arraunketari eutsiko diogu. Azken urteetan arraunketa antzekoa egin nuen Santurtzin eta Bermeon, eta hori mantendu nahi dut.

Zer du hobetzeko taldeak?

TKE ligan esperientzia gutxi zuten arraunlari batzuek, eta hori nabaritu egin zen estropadetako momentu zailetan. Hori lortuta, eta beste aldaketa txikiren bat eginda, ontzia azkarrago joatea lor dezakegu.

Kluba egoera zailean zegoen duela ez asko. Buelta ematen ari zaio?

Burua ateratzen ari dela esan daiteke. Zulo bat zuen, baina zulo hori estaltzen hasi da. Jada gauzak egiten has gaitezke.

Entrenatzaile gisa esperientzia ez duzun arren, arraunlari gisa ibilbide luzea izan duzu. Horrek balioko dizu, ezta?

Etxeko mutilek ezagutzen naute. 2017an, Ikerrek [Zabala] traineruaren ardura hartu zuenean, taldea egiten lagundu nion apur bat. Dakidan guztia eurei transmititzea da orain nire lana. Nik ere gauzak nola egin ikasi beharko dut.

Jose Luis Kortaren eta Iker Zabalaren aginduetara arraun egin duzu, besteak beste. Haiengandik ikasitako zerbait erabiltzen ahaleginduko zara?

Oso entrenatzaile onak izan ditut, eta ziur haiek irakatsitakotik zerbait geratuko zitzaidala. Ahaleginduko naiz bakoitzaren onena nire taldeari ematen.

Azken bi urteetan ez duzu arraunik egin. Entrenatzaile izango zara bakarrik, edo traineru barruan ere aritzeko asmoa duzu?

Nire asmoa da arraun ez egitea, entrenatzaile lanetan buru-belarri aritzeko. Lan handia eskatuko lidake berriz ere sasoiko jarri eta aldi berean taldea zuzentzeak. Baina, beharrezkoa bada, egingo dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.