Athleticek ilusioa piztu du jarraitzaileen artean, erakusten ari den joko erasokor eta ausartarekin, eta taldeko erreferente nagusia Iñaki Willliams da. Anaietan nagusiena hamargarren denboraldia ari da betetzen gorengo mailan. Onenen artean debuta egin zuenetik protagonismo handia izan du taldean, erabakigarria izan da, baina pisu handiagoa zuten beste futbolari batzuen itzalean egin ditu urte asko. Baina iritsi zaio aginte makila hartzeko garaia. Aritz Adurizek edota Iker Muniainek izan duten ardura haren gain dago orain. Besokorik gabeko lider zuri-gorria da. Unai Simonekin batera zelaian erakusten duenagatik zein klub zuri-gorriaren egunerokoan daukan garrantziagatik, taldetik tira egiteko aukeratutako jokalaria da. Berez etorri zaion zeregina da. «Taldeko liderra da. Zelaian egiten denaz gain, beste gauza asko behar dira talde bateko lider izateko. Inguruak egiten du futbolari bat lider: taldekideek, jarraitzaileek, komunikabideek… Guztien artean egiten dute futbolari bat taldeko erreferente nagusi», adierazi du Angel Garitano Ondarru teknikari ohiak.
25 lagunek osatzen duten talde bateko gidari izateko, dohain asko izan behar dira. Nortasun handiko jokalari izatea ezinbestekoa da, momentu gozo zein zailetan mezu aproposa igortzeko gaitasun behar da, baina, batez ere, zelaian irabazi behar da inguruaren errespetua. Urteak dira Williams Athleticeko izar nagusietako bat dela, baina azken denboraldi eta erdian beste urrats bat egin du. Ohiko lanari, ahaleginari eta aurkarien defentsan zuloak aurkitu, eta kontrarioa kezkatzeko izan duen gaitasunari, ate aurreko eraginkortasuna gehitu dio. Asmatzen ari da. Gol gehiago ari da sartzen. Horrek futbolari osoagoa egin du, hobea. «Lasaiago ikusten zaio azken errematea egiterakoan. Lehen, aukera garbi bat huts egiten zuen bakoitzean, bere buruarekin oso gogorra izaten zen. Egun, konfiantza handiarekin ikusten zaio». Pantera konfiantzaz gainezkajokatzen ari dela begi bistakoa da. Futbolari batek bere onena erakusteko behar duen egoera horretara nola iritsi den azaldu du Ander Alaña futbolari ohiak.«Eskarmentua du. Urteen poderioz patxada hartu du, lasaitasuna irabazi du. Presio gutxiago dauka, eta horrek mesede egin dio».
Inguru ona edukitzea, mesedegarri
Ez da inoiz gol mailako golegilea izan, eta ez da sekula izango. Joa duen jokalariak, barkatzen ez duenak, berezkotik asko dauka. Baina ikasi ere egiten da. Erabaki egokiak hartzen edo errematerako momentu aproposa aukeratzen ikas daiteke. Eta lortuz gero, gauzak errazago ateratzen dira. Bide batez, inguru on bat edukitzea ere mesedegarria da. Egungo Athleticen futbolari askok sar ditzakete golak: Oihan Sancet gol sena duen erdilaria da, Nico anaia hobetzen ari da ate aurrean, Gorka Guruzeta ikaragarria ari da laguntzen erasoko arlo guztietan… eta horrek guztiak lagundu egin dio. Hegalean jokatu arren, inoiz baino eraginkorrago ari baita. Aurreko sasoian hamar gol sartu zituen Ligan eskuin hegaletik jokatuta, eta honetan zazpi daramatza dagoeneko. Okerrik ezean, bere kirol ibilbideko marka onduko du. 2018-2019ko sasoian hamahiru gol sartu zituen ligan, eta bi Espainiako Kopan. «Orain ez dago eztabaidarik. Guruzeta bikian ari da erdiko aurrelari gisa. Lan itzela egiten ari da, eta golak sartzen. Iñakik, berriz, asko sortzen du eskuin hegaletik», nabarmendu du Alañak. Horregatik guztiagatik bere kirol ibilbideko garairik gozoenean dagoela esan daiteke. «Garbi dago aldi onean dagoela. Pozik ikusten zaio. Bikain ari da. Inguruak asko laguntzen diola esango nuke. Athleticek sormenean irabazi egin du, eta Sanceten jokoak mesede handia egiten dio». Garitanoren esana berretsi egin du Alañak. «Heldu egin da. Beti egin duen lanari ate aurreko eraginkortasuna gehitu dio. Golak sartzen ari da. Iñakik badaki oso jokalari garrantzitsua dela Athleticentzat. Hori zelaian islatu egin da».
Nazioartean bere balioa erakusteko aukera galtzen ari zela ikusirik, urteetan atzetik zeukan Ghanaren eskaintza onartzea erabaki zuen. Horrek Qatargo Munduko Kopan jokatzeko aukera eman zion, eta urtarriletik aurrera Afrika Kopan aritzeko aukera handia dauka. Athletici mesede gutxi egingo dion aukera da. Izan ere, Afrika Kopa jokatzen den bitartean, Espainiako Ligak ez du etenik izango. Ondorioz, talde zuri-gorriak Williams barik jokatu beharko ditu neurketa batzuk. «Galera handia izango da taldearentzat. Sasoi betean dagoen jokalaria da, erabakigarria. Baina Athleticek maila handiko futbolariak ditu haren lekua betetzeko. Berenguer da horietako bat. Jokalari guztien ekarpenari esker Iñakiren hutsunea ez nabaritzea espero dut». Alañak erlatibizatu egin du sor daitekeen arazoa.Ondarruk bestelako iritzia dauka. «Athleticen hamaikakoa ona da, baina ordezkoen maila asko jaisten da».