Hilberria

Panpi Ladutxe hil da

Ezkerparetako txapelketa nagusi bat irabazi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria izan zen lapurtarra: 1987ko eta 1989ko binakako txapeldun izan zen Joxean Tolosarekin. Entrenatzailea eta kantaria ere bazen, besteak beste. 66 urterekin hil da.

Panpi Ladutxe, 2005ean. ANDONI CANELLADA, FOKU
Paulo Ostolaza-Julen Etxeberria
2021eko abenduaren 1a
11:12
Entzun

Panpi Ladutxe pilotari ohia hil da, 66 urterekin. Hala jakinarazi berri du Xabier Euzkitzek Twitterren. Minbizia zuen, eta hainbat egun zeramatzan Baionako ospitalean. 1955ean jaio zen, Azkainen (Lapurdi), eta pilotaren munduan izan den izenik esanguratsuenetako bat da harena. Izan ere, besteak beste, ezkerparetako txapelketa nagusi bat irabazi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria izan zen. Gerora ere pilota munduari lotuta jarraitu zuen Ladutxek, entrenatzaile modura, baina profesionalki kantaria izan da azken urteetan.

Gaztetan, Joseph Ladutxe aitarengandik jaso zuen pilotarekiko zaletasuna, hura ere pilotaria izan baitzen. Trinketean hasi zen jokatzen, eta berehala nabarmendu zen. 1974an, 19 urte zituela, afizionatuetako trinketeko munduko txapeldun izan zen Montevideon. Bi urte geroago, buruz buruko eta binakako txapelak irabazi zituen. Nagusi zen, eta horren erakusle izan zen hurrengo urtean beste horrenbeste egin zuela.

1977an, herriko trinketean jokatzeko desafioa bota zion Jose Ignacio Retegiri. Retegi I.ak sei aldiz irabazia zuen buruz burukoa ezkerparetan. Baina trinketean Ladutxe zen nagusi, eta irabazi egin zion. Haren maila ikusita, Retegi I.ak xaxatu egin zuen ezkerparetan hasteko, baita enpresek ere. Hark ere bazuen aspalditik probatzeko gogoa, eta baiezkoa eman zuen. Lehenbizi, ordea, horretarako prestatu beharra zuen: erronka handia zen, aurretik egin gabekoa.

Panpi Ladutxe, trinketean jokatzen

1981ean egin zuen jauzia: trinketa utzi eta ezkerparetan hasi zen jokatzen profesional moduan. Berandu hasi zen, 26 urterekin. Haron (Espainia) egin zuen debuta, Hirugarren Mailan, eta sei urte geroago lortu zuen balentria: 1987an, binakako txapeldun izan zen Joxean Tolosarekin. Mugarria ezarri zuen: ezkerparetako txapelketa nagusietako bat irabazi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria bilakatu zen. Beste bat irabazi zuen 1989an, orduan ere Tolosa bikotekide zuela. Tartean, txapeldunorde izan zen Jose Martin Martirikorenarekin bikotea osatuz. Trebetasun ikusgarria zuen aurrean, errematatzen. Hamahiru urteko ibilbidea osatu zuen ezkerparetan, 1994an erretiroa hartu zuen arte. 39 urte zituen.

Erretiroa hartu arren, pilotari lotuta jarraitu zuen Ladutxek, prestatzaile gisa. Hala, hura izan zen haren ondoren Ipar Euskal Herriak emandako ezkerparetako bi pilotaririk onenen entrenatzailea: Yves Salaberri Xala-rena eta Sebastian Gonzalezena. Bi pilotari horiek hartu zioten lekukoa: Xalak lau txapel irabazi zituen (bat buruz buru eta beste hiru binaka) eta Gonzalezek, bat (lau eta erdikoa). Beste hamaika pilotariren prestatzailea ere izan zen, trinketekoak eta ezkerparetakoak. Iaz Pilotarien Biltzarreko presidente ere hautatu zuten; erakunde horren helburua da Ipar Euskal Herrian pilota sustatzea eta horretan lanean jardun duten pertsonak omentzea.

Ladutxe, Gonzalez eta Xalarekin

Abeslaria izateagatik ere bilakatu zen ospetsu Ladutxe: 1995ean Aitari diskoa argitaratu zuen; 2002an, Chansons du Pays Basque; eta 2012an, Orhoit.Kantutik bizi izan da azken urteetan. Haren hitzetan, «urtean 120 bat musika emanaldi» eskaintzen zituen.

BERRIAk 2013an argitaratu zuen Ladutxeri buruzko erreportaje bat, Non da? sortaren barruan. Orduan Jon Eskudero kazetariari azaldu zionez, etxean zituen argazki guztietatik 1987ko txapelarena zuen kuttunena. «Joxean Tolosa eta biok ageri gara. Elkarrekin txapeldun izan ginen urte hartan, eta oso momentu bereziak bizi izan nituen. Oraindik ere, argazkia ikusi eta kilimak sentitzen ditut barrenean».

Erreportaje hartan zioenez, «heriotzari baino gehiago eritasunari» zion beldurra: «Gero eta kontu txarragoak entzuten ditut inguruko jendearengandik, eta horrek zer pentsatua sortzen du». Horregatik, momentua ahalik eta hobekien bizi behar dela nabarmendu zuen. «Umiltasunez beti, baina alai eta pozik bizitzea oso garrantzitsua da. Kantatzea eta dantzatzea terapia onak dira ongi bizitzeko».

«Min eta tristura handia dut. Banekien gaixorik zegoela, baina izugarria izan da kolpea. Oso harreman estua genuen. Niretzat, lagun bat baino gehiago zen. Oso alaia zen, eta bihotz handikoa». Tolosak egin du aitormena (Amezketa, Gipuzkoa, 1955), Ladutxeren heriotzaren berri izan eta gutxira. Makina bat partida jokatu zituzten elkarrekin, eta lorpenik handienetan Tolosa izan zuen ondoan. «Momentu oso politak bizi izan genituen, frontoian eta frontoitik kanpo. Bi txapel irabazi genituen elkarrekin, baina, niretzat, horren gainetik dago elkarren artean sortu zen harreman estu eta polita. Lagun handi bat joan zait».

Hitz bakarrarekin definitu du Ladutxe pilotaria: «Artista zen. Aurrelari harrigarria zen, jenio bat, pilotazalea berehala harrapatzen duten horietakoa». Haren ustez, egin zuenak «sekulako meritua» du. «Oso-oso zaila da trinketetik ezkerparetara pasatzea eta ondo moldatzea. Gogoratzen dut nola kontatzen zidan hasieran kantxa erdian jartzen zela, uste baitzuen pareta ukitu eta gero pilota harengana joango zela. Hasieran, kosta egin zitzaion, baina inoiz ez zuen etsi, eta, lanaren poderioz, lortu zuen ezkerparetan ere pilotari handia izatea».

«Tristuraz» hartu du berria Gonzalezek ere (Azkaine, 1977). «Hagitz ongi pasatu nuen harekin aritu nintzenean, eta asko lagundu zidan. Pena handia da». Bi Ladutxe ezagutu zituen hark: «Txikitan, hura pilotari zenean, gure idoloa zen; gero, harekin lan egin nuen, eta asko lagundu zidan, hobetu nezan. Asko zekien pilotaz». Nolako prestatzailea zen galdetuta, «gogorra» zela azaldu du, baina berehala gehitu du «gogorra» izan behar zuela, «lana serioski» egiteko. «Lan horrek saria izan zuen gero».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.