Pandemia petralaren albo kalteetan ere izango da gauza onik. Bilatu egin behar, azaleratu, konturik txarrenak soilik azaleratzen ari direlako, azken batean. Ur azpitik agertu da horietako bat arraunean: Eli Pescador (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) arraunera itzuli da, eta Arraun Lagunak taldean ari da udako traineru sasoia prestatzen. Iaz utzi zuen, betiko zelakoan, inoiz ezin bada ere esan zerbait betiko denik. Badu mami sakona itzuleraren erabakiak: gauza txikien ilusioak eta abar.
Zergatik itzuli zara?
Pandemiaren egoerak eraginda hartu dut erabakia. Ia ezer ezin dugu egin. Egoera petral honi aurre egiteko, gauza txikietan aurkitu behar dugu ilusioa, eta arraunak ematen dit hori. Gustatu egiten zait niri, asko gozatzen dut, eta uztailean falta zitzaidan ilusioa berreskuratu egin dut.
Jendearekin egoteko aukera ere bai, ezta?
Hori da. Une alaiak behar ditut, eta arraunak ahalbidetzen dit jendearekin egoteko modua. Bestela, oso bakarkakoa ari da bihurtzen egoera hau guztia, indibidualista, eta nik jendea behar dut inguruan.
Urte sabatikoa hartuta zaude lanean, eta zure asmoen artean zegoen bidaiatzea, baina ezin. Denbora librea betetzeko ere arrauna bidelagun ona?
Ez neuzkan plan zehatzak eginda, egia esan. Mugitzea, bai, hori banuen buruan. Eskerrak ez nituen helburu handiak jarri, ez nituelako bete ahal izango, pandemiaren egoeragatik. Urrian etorri nintzen Alacantetik (Herrialde Katalanak), llagutetan arraun egitetik, eta iritsi nintzen egunean esan zuten ezin genuela herritik atera. Hilabete eta erdi egon nintzen ezer egin gabe, eta pentsatu nuen eguna bete behar nuela zerbaitetan, ordenatuago edukitzeko. Bakarrik ordu asko pasatzen nituen, eta beste zerbait behar nuen. Orduan erabaki nuen arraunera itzultzea.
Arraun Lagunaken deia jaso zenuenean, bazenbiltzan beste talde batean, baina ez traineruan.
Hori da. Hernanin nabil bateletan, entrenatzailea nire laguna delako. Jendea behar zuten, eta horrela berrekin nion arraunari. Geroago deitu zidaten Arraunetik. Etxabek [Juan Mari Etxabe, entrenatzaileetako bat] egin zidan deia, buelta batzuk eman nizkion, eta baiezkoa ematea erabaki. Urtarrilean hasi nintzen Arraunen.
Zergatik baiezkoa?
Trainerua egiteko gogoa du. Gainera, urte batzuk daramatzat Euskotren ligan lehiatu gabe, eta hamalau estropadako egutegia ez dut ezagutu; aurreko garaikoa naiz ni. Beste esperientzia bat biziko dut, azken finean.
Zergatik ez zara itzuli Hibaikara, zure betiko taldera?
Beste ziklo batean dago kluba orain, eta nire hango aldia itxita daukat. Ez dut neure burua Hibaikan ikusten orain. Egin beharreko lanak eginda utzi nituen klubean.
Zer-nolako traza hartzen diozu Arrauni uda honetarako?
Maila altua emateko moduan gaudela uste dut. Aurkariak ere indartsu daude. Ikusi da oraingo hiru estropadetan: hiru garaile ezberdin izan dira —Orio, Donostiarra eta Arraun—. Orain arte bezala jarraitzen badugu, uda polita izango da, oso parekatua. Baina martxoan gaude oraindik, eta badakigu ekaina bitartean gauzak asko alda daitezkeela. Neguko emaitzak onak direnean, indarra eta konfiantza biltzen dira. Oso baliagarriak dira emaitza on horiek sinesteko ahal dugula, gai garela udan lan polita egiteko.
Indar saldo handia eman dizue, hortaz, aurreko igandean Orioko jaitsieran irabazi izanak.
Dudarik gabe. Oso estropada gogorra izan zen, baina oso gustura egin genuen arraunean. Bete genuen jarri zitzaizkigun helburuak, eta emaitza txukuna lortu genuen.
Hibaikan, arraunean egiteaz gain, beste ardura batzuk zenituen: ziklo aldaketa gidatzea gazteagoekin, adibidez. Arraunen, berriz, ez dituzu erantzukizun horiek izango. Lasaiago aritzeko aukera emango dizu horrek?
Bai. Lasaitasun handiagoa daukat. Taldeari ahalik eta onena ematen saiatu behar dut. Azkenean, ardurak leku eta talde guztietan egoten dira. Oraingo hauek ezberdinak dira Hibaikan izan nituenen aldean.
Berriz ere, ibilian-ibilian, Ane ahizparen aurka egin behar arraunean [Donostiarran dabil hura].
Ematen du hori dela gure patua [barrezka]. Horrela tokatu da, eta, egia esan, ez nuen pentsatu ere egiten berriz aurkari izango ginenik. Hitz egin dugu honetaz guztiaz elkarrekin, eta lehen ez genuen arazorik eduki, ezta orain ere. Uretan aurkariak izango gara, eta lehorrean, ahizpak.
Aurkariak eta Donostiako bi klubetan, gainera.
Ematen du geneetan dugula saltsetan ibiltzeko zaletasuna [barrezka].
Esan duzu ahizparekin hitz egin zenuela Arraunek deitu zizunean.
Bai. Beharrezkoa zen niretzat Anerekin hitz egin eta hari esatea zer aukera nuen. Bultzatu eta animatu egin ninduen, eta esan zidan baliatzeko aukera.
Eli Pescador. Arraun Lagunak taldeko arraunlaria
«Pandemiaren egoerak eraginda bueltatu naiz»
Iazko uztailean: «Nekatuta nago arraunean». Eta utzi egin zuen. Urtea bukatu aurretik, buelta berriz ere, bateletan Hernanin; eta, urte berriarekin, Arrauneko traineruan. «Ilusioa behar dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu