Jokin Aperribaik (Deba, Gipuzkoa, 1966) Anoetako estadioan duen bulego dotorean orri gutxi ikus daitezke. Gogoan du dena.Argi du nolako Reala nahi duen, eta helburu hori lortzeko bidea zein den. Ia bi orduko jario etengabean, klubarekin lotutako gai guztiak aletu ditu, alerik bazter utzi gabe.
Realeko presidenteak zer hausnarketa egiten du sasoi hasieraz?
Nik informazioa dut, klubaren barruan nagoelako. Uste dut Reala norabide egokian dagoela, astelehenetik ostiralera gauzak egiteko duen modua ikusita. Hori da gure metodoa, baina igandeari [partidei] soilik helduta, hausnarketa bakarra dut: zer pena, urrian gaudela, eta ez maiatzean. Gustatuko litzaidake maiatzean egotea! Oso ondo hasi ditugu txapelketa guztiak. Ikusi beharko dugu noiz arte heltzen diogun: ahal duguna eta apur bat gehiago izango da, dena emango dugulako.
Sarritan esan izan duzu Realak astelehenetik ostiralera «onena» izan behar duela. RobertoOlabe futbol zuzendariak gauza bera esan zuen orain asko ez dela. Zuen egiteko modua laburtzen du horrek?
Bai. Guk ezin dugu bermatu igandeetan onenak izatea. Eliteko futbolaz ari gara, gaitasun handiko jendeaz. Guk gehienbat harrobiko jokalariez hornitzen den kluba daukagu, mugagabeko aurrekontu bat ez duena. Aste barruan onenak izaten saiatu behar dugu: entrenamenduan, ezagutzan, metodologian... Arlo bakoitzean hobetzen badugu, eta jokalariak gero eta erabaki hobeak hartzeko prestatzen baditugu —azken finean horixe baita partidetan egiten dutena—, lehiakorragoak izango gara. Astelehenetik ostiralera arlo horiek landuta, emaitzak lortuko ditugu igandeetan.
Anoeta bete daiteke jadanik. Zer balorazio egiten duzu?
Poza. Pandemian bakoitzak berea bizi izan du, eta gizarte moduan ere bai. Lastima izan da hau bizi behar izatea. Orain irribarretsu gaude. Reala bere zaleentzat da, eta taldeak asko irabazten du zaleei esker. Azken partidan, %60 beteta, asko igarri zen. Ilusio handia dugu. Esan egingo dizut: taldeak [Espainiako] Kopako garaikurra eskainiko die zaleei hilaren 16ko partidan, Mallorcaren aurkakoan. Oraindik lotzeke dugu erabat, baina partidaren aurretik izango da. Sevillako finalean falta izan zen gauzetako bat txapeldunak, txapeldunak! abestea izan zen. Realeko zaleek denbora asko zeramaten hori abestu gabe, eta ziur nago oraingoan egingo dela.
Estadioaren kanpoaldeko lanek asko falta dute amaitzeko. Zein fasetan daude?
Bi gauza gertatzen dira. Alde batetik, estadioaren izkina batean jatetxe bat irekiko da, eta udalaren baimenen zain daude. Azken fasean dago hori. Bestea Donostiako Metroaren lanek eragindakoa da. Lan horiek eragina dute Topo deitzen diogunean, geltoki berri bat egingo delako. Inguru hori eraberritu egingo da, urbanizatuz; metroaren lanek atzeratu egin dituzte estadioaren kanpoaldea amaitzeko lanak.
Nolakoa izango da pandemiatik suspertzeko aldia?
Guri klubaren gaiek eragiten digute, baina baita gai kolektiboek ere. Gurean, esaterako, bazkideen gaia dugu. 35.600 dira, eta horrek ilusio eta indar handia sortzen du. Europan jokatu arren, aurrekontuan ez dugu klubari laguntzeko egun erdirik. Lehen halako bi ere izaten zituen Realak. Lehen bazkideei 21 urtera arte egiten zitzaizkien beherapenak; orain, 30 urte bete arte. Kontzeptualki, sarrerak merkatu egin ditugu. Apurka, futbola gero eta eskuragarriago jarri nahi dugu. Gainontzean, babesleei dagokienez, azken hilabetea oso ona izaten ari da datozen hiru edo lau urteei begira. Enpresa garrantzitsu batzuekin ari gara hizketan, eta lotuko ditugu. Bada gehiago: Alex Sorlothek eta David Silvak Realera etortzeko zalantzarik ez izatea, kasurako. Horrek guztiak erakusten digu Realak ondo osatzeko gaitasuna izango duela. Arlo kolektiboan, telebistako eskubideen negoziazioa helduko da laster, eta ligako buruek berdintzea espero dute. Ingalaterran, Alemanian, Frantzian eta Italian jaitsi egin dira diru sarrerak. Garai garrantzitsuan gaude CVC inbertsio funtsarekin egindako akordioari dagokionez ere. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Nik uste dut, oro har, Reala ondo kokatua dagoela. Atzera begiratuz gero, orain hamahiru urte 40 milioi euroren funts negatiboak zituen Realak. Orain, 65-70 milioi euroren funts positiboak. Urtebetean bizpahiru milioi galtzeak ez du eraginik. Orain, lan egin behar dugu.
Akziodunen batzarra abenduan izan ohi da. Reala nolako egoera ekonomikoan dago?
Bai, noiz egin aztertzen ari gara, partida asko daudelako tartean. Ondare aldetik egoera kaudimentsua da. Diruzaintza aldetik, pandemiaren eta estadioan egindako inbertsioaren arteko baturak zailago egin digu egoera, baina beste klub askorekin alderatuta egoera ona da. Gauza batengatik oso pozik nago: diruzaintza lehengoa ez bada, estadioan sartu dugulako ez da, hura ordaindu dugulako. Beste zerbait egin izan bagenu, tira, baina Realak 2016-2017an inbertsio horri aurre egitea onetsi zuen, eta gero pandemia etorri zen. Halere, neurrian esanda, ondo gaude. Ez suziriak jaurtitzeko moduan, baina bai etorkizunari lasai heltzekoan.
Gizonezkoen lehen taldeko elastikoak ez du babesle nagusirik. Aurki izango al du?
Azken hilabetea oso garrantzitsua izan da datozen urteetako babesleak lotzeko. Mallorcaren aurkako partidan elastikoan babeslea edukiko du Realak. Patxadaz hartu ditugu negoziazioak, nahiz eta jakin sasoia babeslerik gabe has genezakeela. Egia da azken urteetan halako ezegonkortasun bat izan dugula elastikoaren babesleen gaian, baina gurearen moduko klubei gertatzen zaie sektore jakin batekoak gerturatzen direla, eta kluba haietakoren batekin lotzen dela. Azken hiruzpalau urteetan apustu etxeak izan dira, eta guk uko egin genion horri. Horrek ezegonkortasuna ekarri du, garai hartan aukera eduki arren baztertu egin genuelako. Orain, gustura gaude: lotu ditugu hurrengo urteetarakoak, eta hiru edo lau urteetan egonkortasuna emango digute.
Uda hasieran esan zenuen hurrengo inbertsio handia Zubietan egingo dela. Zertan datza?
Instalazioak hobetzean, digitalizazioan, birtualizazioan, eta ikuspuntu berdinzalean. Egia da gaur egun ez dugula begirada bera gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeekiko, eta hori hobetu nahi dugu. Inbertsio bat egin nahi dugu emakumezkoen eraikinean. Gero, Zubieta irekiago bat egin nahi dugu. Goitik sartuko da, eta eraikin ikoniko bihurtu, erreferentzialtasuna izan dezan. Bi sail jorratuko ditugu: emakumezkoena eta zaleena. Nahi dugu zaleak eroso egotea, eta horretarako behar diren tresnak jarri nahi ditugu. Beste berritasuna Gorabide eta lehen taldearen eraikinak eraberritzea da, baita klub konbenituentzako eremu bat egitea ere. Ideia orokorra da, eta asmoa pertsonentzako berdintasuna eta ekitatea bilatzea da.
Gizonezkoen bolada onean zenbateko meritua du Imanolek?
Azken kilometroaren zuzendaria da. Realak ezin du onartu ibilbide bat prestatzea, eta azken kilometroko zuzendari orokorrak [lehen taldeko entrenatzaileak] Zubietarekin ez konektatzea: kontrako bidean joatea eta aurreko kilometroak aldatzea. Ez baitu emaitza onik lortuko. Akaso, onena izango da, baina hori ez da Zubietaren definizioa. Entrenatzailearen lana azken kilometroaren zuzendaria izatea da. Eta Imanol lan horretan, bikain ari da, aurrez bigarren taldean egin zuen moduan. Gainera, futbolarekiko duen ikuspuntu ebolutiboa oso jakina da, eta uste dut Olabek zerikusi handia duela horretan. Gehitu horri bere exijentzia maila, grina, eta lorpenak lortzeko ilusioa… Oso gustura nago Zubietan ari diren teknikari guztiekin.
Eindhovenen (Herbehereak) jokatu aurretik, goiz hartan, esan zenuen: «Galtzeko, etxean geratuko nintzen». Europa liga irabaztea Realaren helburuetako bat al da?
Dudarik ez izan: Reala Europa liga irabazten saiatuko da, baita liga ere. Mallorcaren aurka zelairatuko gara pentsatuz irabaziz gero liderrak izan gaitezkeela. Gero hamabigarren bukatzen badugu ere. Baina ez dugu engainatuko: saiatu egingo gara. Ez dakit noraino helduko garen, gure mugak baditugulako, baina besteek ere badituzte. Eindhovenen bina berdindu genuen, eta, jokalarien etsipena ikusita, galdetu nien ea galdu egin genuen. Anbizio handia dute, eta gustatzen zait ikustea ez daudela lokartuta. Eta zaleengan pentsatzen dutela: nola hitz egiten duten haiek zelaian ikusten dituztenean… Exijentzia handia dute, eta behar du: Realaren gisako aurrekontua duen talde batek aurrera ez badu begiratzen, beste multzoan geratzen da. Zaila da lokartuta helburu handiak lortzea.
Jokalariak erakusten ari diren maila kontuan hartuta, haiek galtzeko beldurrik ba al duzu?
Lehen orain baino gehiago. Hasteko, jokalariek geratu egin nahi dutelako; bigarrenik, gertatuko balitz ere ordezkoak ekartzeko prestatuta gaudelako; hirugarrenik, harrobikoak sendo daudelako; eta laugarrenik, jakitun garelako gerta daitekeela. Joanez gero, erantzuna emateko prestatuta egon behar dugu. Willian Joseren irteera da adibide bat: ostegun batez deitu zuen Betiseko presidenteak, eta bi ordu eskatu nizkion. Imanolekin eta Olaberekin hitz egin nuen, eta baiezkoa erabaki genuen, joateko. Ordezkoen inguruan hasi, eta izen baten alde egin genuen. Arratsalderako baietza eman zigun: Alex Sorloth zen. Prest egotea da gakoa. Oxala ez gertatzea, baina jazo daiteke. Eta horretarako denok egon behar dugu prestatua. Agian, halakoetan bide luzea da hoberena, ez uneko erantzuna. Imanol Agirretxek eta Sergio Canalesek Madrilen min hartu zutenerako erabakia genuen Chory Castro saltzea. Hiru jokalari horiek gabe geratzea ez da txantxa bat. Eta segituan errendimendu ona eskainiko zukeen bat ekarri ordez, Mikel Oiartzabal lehen taldera igotzea erabaki genuen. Epe laburrera, agian, ez zen erabakirik ulergarriena izango, baina ertain-laburrera… Batzuetan, biderik hoberena ez da laburrena izaten.
Xabi Alonso da bigarren taldeko entrenatzailea. Harrobiko jokalarien jauzian zein rol dauka?
Bigarren taldea koroaren perla da, eta lehen taldea, lantzaren punta. Gizonezkoen futbolaz ari naiz. Bigarren taldeko entrenatzaileak Zubieta osoa ulertu behar du. Xabirekin dugun zortea da etxeko jokalaria dela, eta futbola bere zirrikitu guztietatik ezagutu duela: jokalari batek lor ditzakeen garaikur denak eskuratu ditu, ligarik garrantzitsuenetan jokatu du, eta mundu mailan erreferente diren taldeetan aritu da. Badaki zer den irabaztea, zer galtzea, eta badaki zer den Reala. Luxu handia da hura hemen edukitzea. Xabi Realean egon daiteke berak nahi duen artean eta nahi duen moduan. Kontua da entrenatzaile oso onak ditugula lehen hiru taldeetan, eta horrek Reala aberasten du. Xabi prozesuarekin oso lotuta dago, eta eskertuta gaude.
Andreen taldean, denborak erakutsi al du Natalia Arroyo fitxatzea erabaki zuzena izan zela?
Natalia gaitasun handiko pertsona da. Urte hartan bi erabaki egon ziren. Lehena, emakumezkoen saila ere futbol zuzendaritza orokorraren barnean sartzea. Bestea, Natalia ekartzea. Profesionaltasunerako urratsa izan zen. Horretan pauso garrantzitsuak ematen ari gara, eta gehiago egingo ditugu: eraikin berria, esaterako. Administrazio Kontseiluan ados gaude emakumezkoena ere zuzendaritza orokorraren barnean sartu izanarekin.
Uda zaila izan zen emakumezkoen taldean.
Uda bilatutakoa izan zen. Ez zen ezustekorik izan. Jakin behar dugu aginte kate bat dagoela: jokalariak jokalari dira; entrenatzaileak, entrenatzaile, eta futbol zuzendariak, zuzendari. Hori oso argi dugu. Jokalariek jokalari izan behar dute. Talde bateko jokalari izateagatik ez duzu kirol zuzendari izan beharrik, ez entrenatzaile, eta ez egokitzen ez zaizun ezer. Realak argi du pertsonarik onenak jarri behar dituela dagozkien lekuan. Proiektu indartsua eduki nahi dugu epe ertain-luzean, eta gazteenak ondo hezi. Eta, bide horretan, bakoitzak bere onena eskaini behar du bere arloan, eta jokalariena entrenamenduetan eta partidetan egitea da.
Gustura zaude, baina, orain artekoarekin?
Lehen partidei begiratuta erantzungo banizu, bentajista izango nintzateke, eta ez dut nahi. Nik uste dut hartu ditugun erabakiak epe luzerako hartutakoak izan direla. Egiturazko erabakiak hartu ditugu, eta ondorioak aurrerago ikusiko ditugu. Jokalari batek esan zuen: «Egon nahi dugunok gaude hemen», eta hala da. Ezin da pentsatzen aritu kanpoan hobeto egon naitekeela, edo kezkatu lehia eduki dezakedalako. Hemen argi dugu zertarako gauden: egunetik egunera profesionalagoak izateko, eta Reala egunetik egunera hobea egiteko.
Jokin Aperribai. Realeko presidentea
«Pandemia osteko egoerarako Reala ondo kokatuta dagoela uste dut»
Reala bolada gozoan dago, baina «lanean» segitzeko beharrari egin dio azpimarra Jokin Aperribaik. Agintari debarrak garrantzi handia ematen die «pertsonei eta metodologiari», eta kluba aurrerako bidean dagoela esan du: «Helburu handiak ditugu lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu