Palista profesionalek grebara joko dute martxoaren 21ean

Salatu dute Innpala enpresa pilotariak kaleratzen hasia dela. Hurrengo lizitazioa ebatzi arte kontratu guztiak berritzeko eskatu dute.

Ezkerretik, eserita, ELAko Ane Alberdi, eta Ibai Perez eta Iñaki Urrutia palariak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ezkerretik, eserita, ELAko Ane Alberdi, eta Ibai Perez eta Iñaki Urrutia palariak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko martxoaren 14a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pala jokoa garai gozoan dago: apurka-apurka ospea berreskuratzen ari da, eta inoiz baino zale gehiago erakartzen ditu frontoietara. Baina, aldi berean, etorkizuna kolokan dauka, eta desagertzeko arriskua inoiz baino handiagoa da, palari profesionalen aburuz. Innpala enpresako palistek iragarri dute grebara joko dutela martxoaren 21ean, eta beren eskakizunen berri ere eman dute: lan hitzarmen berria negoziatzea eta, batez ere, lizitazio berri bat egon arte pilotaririk ez kaleratzea eta indarrean dauden kontratu guztiak berritzea.

ELA sindikatuko Ane Alberdik eta Iñaki Urrutia eta Ibai Perez pilotariek azaldu dutenez, palista profesionalek erabaki dute euren lan eskubideen alde antolatzea, eta otsailaren 25ean jakinarazi zioten Innpala enpresari sail sindikala eratuko zutela eta hauteskunde sindikaletara deitzeko prozesua abiaraziko zutela. Haien asmoa zen hitzarmen berria lortzeko negoziazioei ekitea, pairatzen duten «prekaritatea» amaiarazteko.

«Baldintza duinak» eskatzen zituzten pilotariek: gutxieneko soldata ezartzea, lanerako behar dituzten tresnak –palak, alegia– enpresak bere gain hartzea, eta entrenatzea pilotarientzat «gastu bat» ez izatea, gaur egun pilotariek ordaindu egin behar baitute Bizkaia frontoiko parkinga. Halaber, lan osasuna bermatzeko neurriak hartzea ere galdegiten dute, eta partidetan anbulantziak egotea.

«Pala kirol tradizionala da, gure kulturaren parte bat, eta erakundeen ardura da horren etorkizuna bermatzea»

IÑAKI URRUTIAPalista profesionala

Enpresaren erantzuna otsailaren 28an iritsi zen: Innpalako arduradun Jose Ramon Garaik jakinarazi zien enpresa ez zela aurkeztuko hurrengo lizitaziorako. Hala ere, hura ebatzi eta beste enpresa batek pala jokoaren ardura hartu bitartean zerbitzua kudeatzen jarraitzeko konpromisoa azaldu zuen.

Hurrengo egunetan, bestelako neurriak ere hartu zituen enpresak. Palista profesionalek salatu dutenez, enpresak debekatu egin die Bizkaia frontoiko leihatilak erabiltzea eta gimnasiora sartzea. Eta Ibai Perez pilotariari jakinarazi diote haren kontratua martxoaren 30ean amaituko dela, eta ez diotela kontratua berrituko.

Azken hori bereziki larria dela irizten diote pilotariek. Orain, Urrezko Pala Pro txapelketa jokatzen ari da Perez; txapelketa horren finala apirilaren 4an jokatuko dute, Mungian (Bizkaia). Horrek zera esan nahi du, Perez final horretarako edo hirugarren eta laugarren postuak ebazteko partidarako sailkatuko balitz ezingo lukeela jokatu, kontraturik gabe egongo litzatekeelako.

Pilotariek susmoa dute Perezen kaleratzearen ostean beste batzuk ere izango direla, eta uste dute erabaki horiekin enpresa arriskuan jartzen ari dela jokoaren etorkizuna: «Litekeena da lizitazio prozesuaren ostean beste enpresa batek ardura hartu eta taldean hiruzpalau pilotari baino ez edukitzea», azaldu du Urrutiak. Erabaki horien kontra, ELAk salaketa jarri du lan arloko epaitegian, eta pilotariek bilera baterako deia egin diote enpresari, baina oraingoz ez dute erantzunik izan.

Bizkaiko Aldundiari deia

Erakundeei ere deialdia egin diete pilotariek: «Pala kirol tradizionala da, gure kulturaren parte bat, eta erakundeen ardura da haren etorkizuna bermatzea», esan du Urrutiak. Horregatik, bilera baterako deia egin diote Bizkaiko Foru Aldundiari ere, «daukan erantzukizuna bere gain har dezan eta palisten eta kirolaren beraren etorkizunari buruz dagoen ziurgabetasun egoera konpon dezan». Haien iritziz, kirolaren etorkizuna ezin da utzi «etekina besterik bilatzen ez duten enpresen eskuetan».

Mobilizazioetara ere joko dute palariek, eta martxoaren 21ean greba egingo dute. Deialdia bertan behera uzteko azken aukera egongo da, ordea: LHK Lan Harremanen Kontseiluaren bitartez, bilera batera gonbidatu dute enpresa bezperarako, martxoaren 20rako. ELAk eta sindikatuaren inguruan antolatutako pilotariek ez dakite zein izango den bilera horren emaitza, ezta enpresaren arduradunak hara joango ote diren ere, baina nabarmendu dute horrek fruiturik ematen ez badu ez dutela izango greba egitea beste irtenbiderik.

«Guk ez diegu uko egingo gure eskakizunei, eta lan hitzarmena eta baldintza duinak aldarrikatzen jarraituko dugu», azaldu du Urrutiak, «baina argi dugu gaur egun zein den gure lehentasuna: kaleratzerik ez egotea eta pilotari guztiei kontratua luzatzea, lizitazioaren auzia argitzen den bitartean». Hausnarketa horrekin bat etorri da Alberdi: «Azken finean, pilotaririk ez badago, alferrik da haientzat baldintza duinak eskatzea».

«Ez da lehenengo aldia [Jose Ramon] Garai ni kaleratzen saiatzen dena, eta espero dezagun oraingoan ere arazoa konpontzea»

IBAI PEREZPalista profesionala

Ibai Perez, martxoaren 30ean kaleratu nahi duten palista, agerraldian egon da. Esan duenez, ziurgabetasun hori «gogorra» da, baina, hala ere, itxaropena agertu du: «Ez da lehenengo aldia Garai ni kaleratzen saiatzen dena, eta espero dezagun oraingoan ere arazoa konpontzea. Azken finean, Garairi ez zaio axola nork jokatzen duen; partidak egin eta dirua irabazten jarraitzen duen bitartean, gainerakoak ez dio ardura».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.